Breadcrumb

Asset Publisher

Back Lizitaziora atera da Mendeluko zeharbidea bulebarizatzeko proiektuaren idazketa, obrak 2027an hasteko

Lizitaziora atera da Mendeluko zeharbidea bulebarizatzeko proiektuaren idazketa, obrak 2027an hasteko

Proiektuak Amute eta Zubimuxuko biribilguneen arteko zeharbidea eraldatuko du, espaloi berriekin, bidegorri batekin eta bide segurtasuna eta trafikoaren, oinezkoen eta txirrindularien arteko bizikidetza hobetzeko neurriekin.

2026/08/27
Hondarribiko Mendelu auzoan egingo den bulebarizazio jarduketa.

Hondarribiko Mendelu auzoan egingo den bulebarizazio jarduketa.


Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats berri bat eman du Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralean, Mendelu auzoan mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko proiektua bultzatuz. Horrela, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak Mendelu auzoa Amute eta Zubimuxuko biribilguneen artean zeharkatzen duen errepidea bulebarizatzeko proiektua idazteko lizitazioa ireki du. Proiektu horren barruan bidegorri berri bat eraikiko da errepide zati hori eraldatzeko eta auzoko bizitzara egokitzeko.

Jarduketa 550 metrotan zehar egingo da, Amutalde eta Mendelu kaleetatik doan eta Hondarribia eta Irun arteko komunikazio-bide nagusi gisa funtzionatzen duen errepidearen zatian, eguneko 13.000 ibilgailutik gorako trafiko-intentsitatea duena. Amutaldeko saihesbidearen eraikuntzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko udalek adostutako Bidasoako azpiegituren Hobekuntza Planean jasota dagoena, bi udalerrien arteko zuzeneko loturaren funtzio hori ordezkatuko du, eta horrek ibilgailuen trafikoaren eta oinezkoen eta bizikleten joan-etorrien arteko bizikidetza hobetzea ahalbidetzen du, eta, aldi berean, errepidea auzoan bertan integratzea indartuko da.

Hala, bulebarizazioari esker, joan-etorriak oinez eta bizikletaz egiteko lekua irabaziko da. Espaloiak zabalera nahikoa izango du errepidearen bi ertzetan, eta bi norabideko bidegorri berri bat Irungo noranzkoan. Bizikleta-ibilbide hori auzoaren bi muturretan dauden tarteekin lotuko da, bidegorrien tokiko sareari jarraipena emanez. Alde batetik, gaur egun Letxunborroko biribilguneraino iristen den bidegorriarekin lotuko da, eta, beste aldetik, Amute auzotik Hondarribiarekin lotuko den bidegorriari jarraipena emango dio, eta Aldundiak laster lizitatuko ditu haren obrak.

Proiektuak, halaber, bide-segurtasuna hobetzeko jarduerak jasoko ditu, hala nola sarbideak antolatzea, seinale berriak jartzea, trafikoa baretzeko neurriak hartzea eta argiteria hobetzea. Helburua da ingurune atseginagoa eta seguruagoa sortzea, Amuteren auzo izaerarekin bat datorrena, eta ingurune osoko mugikortasuna hobetzea.

Aldundiak proiektua idazteko lizitazioa 43.347,93 euroko aurrekontuarekin egingo du, BEZa barne. Proiektua idatzi ondoren, obren lizitazioa egingo da, eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak aurreikusi du lanak 2027an hasi ahal izango direla.

  

1469