Breadcrumb

Asset Publisher

Back Lurraldebusek bere historiako urterik onena bezala itxi du 2025a, lehen aldiz 30 milioi bidaiaren muga gaindituz

Lurraldebusek bere historiako urterik onena bezala itxi du 2025a, lehen aldiz 30 milioi bidaiaren muga gaindituz

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, 2025ean 31,2 milioi bidaia izan ziren, aurreko urtean baino 2,4 milioi gehiago, eta erabilerak gora egin zuen Gipuzkoako eskualde guztietan.

2026/02/20
Azahara Domínguez diputatua eta Fernando Prieto zuzendaria

Azahara Domínguez diputatua eta Fernando Prieto zuzendaria


Lurraldebusek, Gipuzkoako garraio publikoaren hiriarteko zerbitzuak, 2025a bere historiako urterik onena bezala itxi zuen, lehen aldiz 30 milioi bidaiako muga gaindituz eta 2024ko erregistroekin alderatuta % 8,3 haziz. Horixe jakinarazi du ostiral honetan Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek prentsaurreko batean. Azaldu duenez, hirugarren urtez jarraian, Lurraldebusek bere marka hautsi du, 31,2 milioi bidaia erregistratu baititu 2025ean, aurreko urtean baino 2,4 milioi bidaia gehiago. Hazkunde hori, gainera, "iraunkorra" izan da, lurraldeko eskualde guztietan gertatu baita, eta, diputatuaren iritziz, "agerian uzten du pertsonak erdigunean jartzen dituzten eta erabiltzaileen beharrak kontuan hartzen dituzten garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurriak hartzen direnean, herritarrek bikain erantzuten dutela".

"2025ean garraio publikoaren aldeko apustu garbia egin genuen, 61 milioiko aurrekontuarekin Lurraldebusen, zerbitzua hobetzeko, linea berriak eskaintzeko, hala nola Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzeko edo Hondarribia eta Irun Donostiako ospitaleekin eta Miramonekin lotzeko. Gainera, errefortzuen eta zerbitzu berezien aldeko apustuari eutsi diogu, eta gure autobusak berritzeko inbertsio handia egin dugu. Horrek guztiak gure historiako urterik onena ixteko aukera eman digu, eta garraio publikoa gipuzkoarren lehentasunezko aukeran finkatzeko jarraitu beharreko bidea hori dela adierazten digu", baieztatu du Azahara Domínguezek.

Hazkundea eskualde guztietan
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru-arduradunak emandako datuen arabera, Ekialdebus emakidadunak lan egiten duen Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeak dira bidaia-kopuru handiena izan dutenak, 10,7 milioi guztira. Bigarren postuan Buruntzaldea dago, non TBHk 7,2 milioi bidaiarekin itxi duen urtea. Eta Debagoiena eta Ibilbide luzea (Avanza) podiumeko hirugarren postuan dago, 6 miloi bidaia baino gehiagorekin. Gainerako bidaiak Urola Kosta-Debabarrenan (Euskotren) bildu dira, 3,6 milioi bidaiarekin; Urola Erdia (La Guipuzcoana), 1,9 milioi bidaiarekin; Goierri (Bilman Bus), 1,3 milioirekin; eta, azkenik, Tolosaldea, 400.000 bidaiatik gora.

Zerbitzuko linea erabilienei dagokienez, Azahara Domíguezek azaldu du sailkapeneko lehen hirurek Oarsoaldea eta Donostia lotzen dituztela. E02 (Oiartzun>Errenteria>Pasaia>Donostia N-I), 1,6 milioi bidaiarekin; E01 (Pasai Donibane>Lezo>Errenteria>Pasai Antxo>Donostia N-I), 1,5 milioirekin; eta E05 (Errenteria (Beraun) >Pasaia>Donostia N-I), 1,4 milioirekin. DO01 (Donostia>Zarautz>Bilbo) lineak, 1,18 milioi bidaiarekin, eta DB04 (Mallabia>Ermua>Eibar>Elgoibar>Mendaro>Deba>Mutriku>Ondarroa) lineak, 1,15 milioirekin, osatzen dute top5a.

Goierri, GO07aren eraginez gehien hazi den eskualdea
Diputatuak azaldu duenez, eskualde guztietan bidaia-kopuruak nabarmen gainditu ditu 2024ko erregistroak, orain arte Lurraldebusen historiako urterik onena izan dena. Hala ere, hazkunderik handiena Goierrin gertatu da, GO07 linea (Legazpi/Zumarraga>Beasain>Ordizia>Tolosa>Donostia) martxan jartzeak gora egin baitu bidaia-kopuruan: 2024ko 971.015etik 2025eko 1.286.012ra, hau da, ia 315.000 bidaia gehiago (+%32,4). "Hazkunde horrek agerian uzten du zein beharrezkoa zen Urola Garaiako eta Goierriko herritarrei Donostiarekiko errepide-lotura bermatzea", azpimarratu du diputatuak, eta esan du "arrakasta handia" izan dela apirilaren 28an lehen urteurrena ospatuko duen linea hori martxan jartzea. Lehenengo zortzi hilabeteetan, GO07ak 232.427 bidaia erregistratu ditu.
Bidaia-kopuruan hazkunde handiena izan duen bigarren eskualdea Buruntzaldea izan da, 6,6 milioi bidaiatik 7,2 milioira igaro baita (+%9,5). Ondoren, Debagoiena eta ibilbide luzea daude, 5,5 milioitik gora (+%8,02). Urola Erdia (+%7,7), Oarsoaldea eta Bidasoa (+%7,14), Tolosaldea (+%6,9), Urola Kosta eta Debabarrena (+%3,5).

Erabiltzaileen profilari erreparatuta, oraindik ere emakumeak dira garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak: % 64,4. Aldean % 35,6 gizonezkoak dira.

Zerbitzu bereziak eta errefortzuak
Gainera, 2025ean zehar, Lurraldebusek 10.050 errefortzu eskaini dizkie linea arruntei erabiltzaileen hazkundeari erantzuteko. Ildo horretan, Debagoienan eta Ibilbide Luzean izan dira errefortzu gehien: 5.803 (+%10,4); ondoren, Buruntzaldea, 2.735 (+%47,4); Urola Erdia, 2.349 (+%33); Oarsoaldea eta Bidasoa, 1.979 (+%64,6); eta Debabarrena eta Urola Kosta, 1.054 (+%2,5).

Era berean, 1.441 zerbitzu berezi baimendu dira guztira (+%51,7), ia 40.000 pertsonak eman dute zerbitzua, eta udako hilabeteetan ohikoagoak izan dira.

Halaber, udako hilabeteetan, Donostia eta Hondarribiko aireportua zuzenean lotzen zituen linea jarri da berriro martxan. Linea hori erregularra izango da Oarsoaldean eta Bidasoan emakida berria martxan jartzen denean, eta Donostia eta Loiuko aireportua lotzeko maiztasuna 30 minutura zabaldu zen. 
Helburua: zerbitzuak hobetzea, pultsuari eusten jarraitzeko".

Azahara Domínguez diputatuak ez du bere poza ezkutatu errekor berri honen aurrean. "2023ko uztailean legegintzaldia hasi zenean, oso testuinguru zailetik gentozen garraio publikoarentzat pandemiaren ondorioz. Gure ahaleginak garraio publikoaren erabilera sustatzera eta eskaintzen dugun zerbitzua indartzera bideratu ditugu; horrela, 2023an 26,4 milioi bidaia egitetik 2025ean 31,2 milioi egitera pasatzea lortu dugu", hausnartu du diputatuak, eta erronka "pultsuari eustea" izan behar dela azaldu du. "Oso argi dugu garraio publikoak hezkuntza, osasuna, lana edo aisialdia bezalako oinarrizko eskubideetarako sarbidea ematen duela, eta errenta-maila edo bizilekua edozein dela ere aukera-berdintasuna sortzeko aukera ematen duela. Horregatik, 2026an gure zerbitzuak zabaltzeko lanean jarraituko dugu, hala nola Astigarraga eta Donostiako ospitale eta unibertsitate gunearen arteko linea berria, uda baino lehen martxan jarriko dena, Urola Erdia Donostia Ospitalearekin lotzeko hobekuntzak edo Oarsoaldea-Bidasoa emakida berria", adierazi du foru arduradunak, eta gogorarazi du Lurraldebusek 68,4 milioiko aurrekontua izango duela horretarako. "Inoiz ez du horrenbesteko inbertsiorik izan Gipuzkoako garraio publikoak, eta apustu horri esker, helarazten ari zaizkigun premiei aurre egiteko aukera dugu, gainerako erakundeekin, gizarte-eragileekin eta, oro har, herritarrekin lankidetzan arituz", amaitu du ta aurreratu du emakidadunekin batera aztertzen hasi direla flota handitzeko modua, aurkezten ari diren beharretan oinarrituta.
 

  

2013