Breadcrumb

Asset Publisher

Back Lurrekolore: Sagardotegietako intxaur oskolen berrerabiltzea, jantzietarako tindu naturala egiteko

Lurrekolore: Sagardotegietako intxaur oskolen berrerabiltzea, jantzietarako tindu naturala egiteko

Ekimen honen helburua da gure jantzietan erabiltzen diren produktu kimikoak murriztea

2018/05/30

Ekimen honen helburua da gure jantzietan erabiltzen diren produktu kimikoak murriztea, horretarako, sagardotegietan jasotzen diren intxaur oskolak erabilita.

José Ignacio Asensio: «Gero eta baliabide gutxiago ditugu eta, beraz, industriak bere prozesuak aldatu behar ditu eta jasangarritasuna eta klima aldaketaren kontrako borroka jarri negozio ereduen buruan».

Edu Uribesalgo: «Gure nahia da kontsumitzaileek argi izatea pertsonen eta ingurumenaren babesa dela gure helburuetako bat, eta kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintza horri esker, gero eta marka eta pertsona gehiagok baliabideak modu egokian erabiltzea».

Ingurumeneko Departamentuak babesa eman dio «Lurrekolore» proiektuari, non parte hartzen duten Ternua eta Archroma enpresek eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Ekimen horri esker, berriro erabili ahal izango da sagardotegietako hondakinen artean oraindik beste erabilerarik ez zuen hondakin bakarra (intxaur oskola); zehazki, tindu natural gisa erabiliko da Ternua markako kirol jantzietarako, tindu artifizialen erabilera baztertuz.   Soluzio berritzaile bat da Gipuzkoarako historia eta ondare gastronomiko eta kulturala den tradizio bati begira. Parte hartu dute Aburuza, Iparragirre, Petritegi eta Saizar sagardotegiak.

Ekimen horren helburu nagusia da gure arropak egiteko erabiltzen diren produktu kimikoak murriztea, soluzio jasangarriak garatzeko aukera ematen duen proiektu berritzaile bati esker. Sagardo garaian, Gipuzkoan 50.000-55.000 kilo inguru intxaur kontsumitzen dira, eta oskolak zatiki organikora botatzen dira. Oskolak biltzeko prozesuaren lehen urratsa intxaur oskolak katilu berezi batzuetan jartzea izango da; katilu horiek Gipuzkoako hainbat sagardotegitan egongo dira eskuragarri. Gero, sagardotegiko langileek oskol horiek botako dituzte Ingurumeneko Departamentuak horretarako jarriko dituen edukiontzi batzuetara, eta, ondoren, xehatzera eramango dira. Xehatu ondoren, Archroma enpresak azken koloragarri organikoa fabrikatuko du, koloragarri sintetikoen prestazio berak izango dituena, eta Ternua enpresako kirol jantzietan erabiliko da.

Ingurumeneko diputatuak, José Ignacio Asensiok, azaldu duenez, “hondakinik onena produzitzen ez dena da eta Lurrekolorek itxaurren oskolentzako eskaintzen duen irtenbidea norabide horretan aurrera egiten du”. Halaber, Asensiok gaineratu du Lurrekolore proiektua beharrezko ekimena dela Slow Fashion kontzeptua balioan jartzen duelako.  “Gero eta baliabide gutxiago ditugu eta, beraz, industriak bere prozesuak aldatu behar ditu eta jasangarritasuna eta klima aldaketaren kontrako borroka jarri negozio ereduen buruan. Azken batean, planetarako eragin positiboa izango duen moda sortzeko garaia iritsi da”.

Edu Uribesalgok, Ternua enpresaren berrikuntza zuzendariak, ekimen honen balioak aipatu ditu: berrikuntza, garapena, diseinua, jasangarritasuna eta aurrera egiteko espiritua. «Ternua proiektu honetan inplikatu da hasieratik bukaerara. Gure nahia da kontsumitzaileek argi izatea pertsonen eta ingurumenaren babesa dela gure helburuetako bat, eta kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintza horri esker, gero eta marka eta pertsona gehiagok baliabideak modu egokian erabiltzea».

Gipuzkoak badu dagoeneko klima aldaketaren kontrako estrategia bat -GK 2050-, Ingurumeneko Departamentuak egindakoa, eta estrategia horren bitartez, hain zuzen, klima aldaketaren kontrako borroka eta jasangarritasuna jarri nahi dira, zeharkako tresna gisa, gure egunerokotasunean eragiteko eta erabaki arduratsuak hartzeko. Azken urteetan beste tresna batzuk ere sortu dira helburu horrekin, hala nola ‘GK Green Fashion’ moda jasangarriaren klusterra eta «GK Recycling» berrerabilpenaren eta birziklapenaren klusterra. Gai horri dagokionez, Asensiok nabarmendu du gauza izan behar dugula Gipuzkoa jasangarritasuna ikur duen lurralde bihurtzeko.

Ehunaren industria da, hain zuzen, industria kutsagarrienetako bat eta NBEk ingurumen larrialditzat jo du ehunaren industria. NBEren helburu nagusienetako bat da kontsumo eta produkzio jasangarriko modalitateak bermatzea. Kontsumo eta ekoizpen jasangarriaren helburua baliabide gutxiagorekin gauza gehiago eta hobeak egitea da. Eta hain beharrezkoa den prozesu horretan, hainbat eragilek parte hartu behar dute: enpresak, diseinatzaileak, kontsumitzaileak, politikariak, ikertzaileak, komunikabideak eta lurraldeko elkarteak. Izan ere, Lurrekolore proiektuan eragile desberdinak elkartzen dira, baina denek fisolofia berarekin: modaren munduan jasangarritasuna sustatzea.

  

1427