Breadcrumb

Asset Publisher

Back Mendozak baserritarrek Gipuzkoaren zaintzan egiten duten funtsezko ekarpena aldarrikatu du Gure Lurra Kongresuaren irekieran

Mendozak baserritarrek Gipuzkoaren zaintzan egiten duten funtsezko ekarpena aldarrikatu du Gure Lurra Kongresuaren irekieran

Gipuzkoak Gure Lurra 8 Sembrando Futuro hiri eta landa munduaren arteko urteroko topaketa ospatzen du gaur Kursaal Kongresu Jauregian

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak Gure Lurra 8 Sembrando Futuro kongresuaren irekiera instituzionala egin du, aurten hiri eta landa eremuko 500 pertsona bildu dituena. “Gure sustraiak: atzo, gaur eta bihar” goiburua duen topaketa honetan denboran zeharreko bidaia bat egingo da, gure sustraiei, gure balio komunitarioei eta lehen sektorearen etorkizunari buruz hausnartzeko.

“Etorkizunean ere baserria eta lehen sektorea gure izanaren eta gure lurraldearen ongizatearen zutabe nagusietako bat” izan dadin, “elkarlanaren eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa” egiten jarraitzeko konpromisoa adierazi du gaur goizean Mendozak. Egindako adierazpenetan, baserritarren eta landa inguruneari lotutako pertsonen “funtsezko ekarpena” aldarrikatu du, “gaur eta bihar ezin delako elikadura osasuntsua eta jasangarria bermatu, ezin dugulako natura zaindu, baserritarren, abeltzainen, artzainen partaidetzarik gabe”.

Aldi berean, herri txikien eta landa ingurunearen aldeko ahaleginak “komunitate osoaren konpromisoa” beharrezko duela gogorarazi du, “herritarrok gure kontsumo ohituren bitartez” eta “erakundeok herri politiken bitartez”. “Baserrian eta bertako bizimoduari lotutako balioak oso errotuak daude gipuzkoarron artean. Elkarlana, berrikuntza, euskara, naturaren zaintza… Aurrera begira ere, balio horiek gure komunitatean erroturik jarraitzea nahi dugu. Herri txikiek eta lehen sektoreak berebiziko garrantzia dute horretan. Ez dugu nahi herri txikiak eta baserriak izan daitezen egutegietan edota turista gidetan apain agertuko diren irudi bukolikoak. Nahi dugu herri txikiak eta baserriak izatea herritarren bizileku eta lanleku, ongizate gune eta ongizate ekoizle izaten jarraitzea nahi dugu. Guztion ardura da, elkarlanean, hala izan dadin sustatzea, baserrian diharduen eta ingurunea zaintzeko ezinbesteko lana egiten duten baserritar eta herritarren lana lagunduz eta ekarpen horri merezi duen aitortza soziala eta ekonomikoa emanez”, gehitu du.

Mendozaren interbentzioa eta gero, Iñaki Perurena harri-jasotzaileak eta Izeta eta Zapiain sagardotegi familien belaunaldiek, besteak beste, hartu dute hitza. Lehen zatian, Gipuzkoako historiari eta bilakaerari begirada zabala eman nahi izan zaio, paisaiari, itsasoaren rolari, euskararen transmisioari eta gure identitate ohiturei eta balioei dagokienez.

Jardunaldiaren bigarren blokea 12:00etatik aurrera izango da, eta Elsa Punset idazle, filosofo eta dibulgatzailearen hitzaldiarekin hasiko da. Berak zubiak ezarriko ditu adimen emozionalaren eta naturarekiko harremanaren artean, aldaketa positiborako eta herritarren ongizate integralerako tresna gisa.

Zati honetan, gainera, sektorearen etorkizunari buruzko hausnarketa egingo da, baserrian aritzea erabaki duten gazte protagonisten begiradaren bidez. Bloke honetan parte hartuko dute: Aizporra baserriko Amaia eta Aitor Garmendiak, gaur egun Gaztenek programan parte hartzen dutenak; Agirrezabal baserriko Joseba Anduezak, enpresan eta baserrian egiten duten lana baserritar misto profesional gisa uztartzen duena; Eñaut Urkolak, beste baserri baten lekukoa hartuko duena Trebatu programaren bidez, eta Telmo Gartzia trebalaria; Oier Ugartemendiak, Fraisoroko ikasle ohia, Gazpio baserri familiarrarekin jarraitu nahi duena, eta Eli Egigurenek, Zeliaran baserrikoa.

Jardunaldia eguerdian amaituko da, Eugenio Ibarzabal kazetari eta idazlearen hitzaldiarekin. Aurtengo jardunaldiari amaiera emateko, landutako gaien azterketa sakona egingo da, lurraldeaz eta sektoreaz duen ikuspegia eskainiz.

  

1506