Breadcrumb

Asset Publisher

Back Denis Itxaso: “Gipuzkoako lobby honek lan egingo du turismoaren garapen orekatua lortzeko lurralde osoan”

Denis Itxaso: “Gipuzkoako lobby honek lan egingo du turismoaren garapen orekatua lortzeko lurralde osoan”

Turismo Mahaia inplikatutako sektore guztiek osatuko dute

  • Diputatuen Kontseiluak onartu du organo berri hori eratzea “turismoaren hazkundea denon artean kudeatzeko”
  • “Turismoa ezin da, dagoeneko, sektore osagarri gisa hartu, hazkunde ekonomikoaren oinarrietako bat baita”

Denis Itxasok, lehen diputatu nagusiorde eta Kultura eta Turismoko diputatuak, aurkeztu ditu gaur Diputatuen Kontseiluak apirilaren 12an onartu zuen Turismo Mahaia osatzen duten 25 kideak. Partaidetzazko aholkularitza organo bat da, eta turismo sektorean inplikatuta dauden aktore eta eragileak bilduko ditu.

Denis Itxasok azaldu du turismoa sektore estrategikoa dela Gipuzkoan eta, ondorioz, enplegua eta aberastasuna sortzeko bide bat.  “Turismoa ezin da, jada, sektore osagarri bat bezala hartu; aitzitik, lurraldearen suspertze ekonomikoaren protagonista bilakatu da eskubide osoz.  Litekeena da turismo sektoreak hazten jarraitzea datozen urteetan, eta lurraldean duen pisua ere hazten joatea, gaur egun duen BPGren gaineko % 7,4aren gainetik. Horrenbestez, gure helburua da turismo eredu jasangarria sortzea, Gipuzkoa osoan enplegua eta aberastasuna modu orekatuan eta banatuan sortzen lagunduko duena. Hazkunde olatu honek, tsunami turistiko moduko honek, ezin digu gainetik pasa, gure betebeharrak egin gabe ditugula. Turismoaren etorkizuna hobeto planifikatu behar dugu, sektorearen hazkundea kudeatu ahal izateko eta lurralde osoan bana dadin lortzeko”, esan du diputatuak.

Egoera horren aurrean, Foru Aldundiko turismo-arduradunek beharrezkotzat jotzen dute partaidetzazko aholkularitza organo bat eratzea, turismoaren sektorean inplikatutako aktore eta eragileek bere proposamenak mahairatu, eta turismoari eragiten dioten politika publikoei buruzko iritzi kualifikatuak eman ahal izateko. Itxasok azaldu duenez, “turismoaren garapen orekatuaren alde lan egingo duen Gipuzkoako lobby bat sortu behar da, sektore eta eskualde guztiei onura ekartzeko. Azken batean, helburua da guztion artean erabakitzea estrategia publikoak nahiz pribatuak. Gipuzkoarrok elkartuta jarduten dugunean indartsuagoak gara, eta Gipuzkoaren eta bere hiriburuaren, Donostiaren, arteko aliantzak garrantzia estrategikoa dauka denok batera aurrera egin ahal izateko politika partekatuetan”.

Turismo Mahaia, diputatuaren gidaritzapean, ondoren zerrendatzen diren erakundeetako 25 kidez osatuta egongo da:

Donostia Turismo SA, eskualdeetako turismo agentziak, Gipuzkoako Hotelen Elkartea, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, Gipuzkoako Nekazalturismoko Elkartea, apartamentu turistikoak, kanpinak, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Gipuzkoako museoak, Gipuzkoako kultura jaialdiak, kirol ikuskizunen entitate antolatzaileak, Deustuko Unibertsitateko Turismoko Gradua,  Kursaal Elkargunea SA, Ficoba Fundazioa, GEOGARAPEN, euskal kostaldeko geoparkearen kudeaketarako elkartea; Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentua, AFODESA, produktu gastronomikoak sustatzeko elkarteak edo entitateak, hartze agentziak, gidari turistikoak, ikuskizun eta biltzarren antolatzaileak, Gipuzkoako turismo erreserben zentrala, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saila, sektorearen sail sindikal adierazgarriena Gipuzkoan, Zubiri-Manteo Bigarren Hezkuntzako Institutuaren turismo arloko hezkuntza zikloa.

Mahaiaren zereginak izango dira: turismoari buruz eta Gipuzkoako ekonomiari egiten dion ekarpenari buruz eztabaida eta ezagutza sortzea; norberaren ekimenez edo Foru Administrazioak eskatuta, turismoari buruzko irizpenak eta gomendioak ematea; lurraldearen sustapen turistikoaren esparruko eta Gipuzkoara iristen diren bisitarien kudeaketaren eta arretaren esparruko proposamenak baloratzea eta eztabaidatzea. Era berean, fluxu turistikoak lurralde osoan zehar banatzeko balioko duten neurri eta zerbitzu zehatzak aztertuko ditu; urteko programen jarraipena eta ebaluazioa egingo du; turismo gaietan eskumena duen departamentuaren helburuak zehaztuko ditu eta, Foru Administrazioak eskatuz gero, turismoari buruzko ikerketak eta txostenak egin daitezen sustatuko du; Turismo Departamentuaren aurrekontua diseinatzeko prozesuan parte hartuko du, eta aurrekontuaren betetze mailari buruzko aldizkako informazioa aztertuko du.

  

1519