Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jardunaldi bat antolatu du Oñatiko Unibertsitatea birgaitzeko proiektua herritarrei ezagutarazteko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jardunaldi bat antolatu du Oñatiko Unibertsitatea birgaitzeko proiektua herritarrei ezagutarazteko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jardunaldi bat antolatu du Oñatiko Unibertsitatea birgaitzeko proiektua herritarrei ezagutarazteko
Azahara Domínguez foru diputatua buru izan duen hitzordua izan da unibertsitateko areto nagusian. Bertan, Foru Aldundiko Arkitektura Zerbitzuko teknikariek eta proiektuaren idazkariek datorren astelehenetik, hilak 19tik, aurrera eraikinean egingo diren lanen berri eman dute

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jardunaldi bat antolatu du Oñatiko Unibertsitatea birgaitzeko proiektua herritarrei ezagutarazteko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jardunaldi irekia egin du astelehen honetan Oñatiko unibertsitatean, herritarrei eraikin honen birgaitze-proiektuaren berri emateko. Bertan, Azahara Domínguez diputatuaz gain, proiektua idatzi duen Tabuenca enpresako profesionalek eta Foru Aldundiko arkitektura arloko teknikariek parte hartu dute, obraren xehetasunak azaltzeko.
Azahara Domínguezek gogorarazi du Sancti Spiritus Unibertsitatea "euskal Errenazimenduaren altxorra" dela, eta azaldu du legegintzaldiaren hasieratik bere departamentuak konpromisoa hartu zuela "birgaitzeari ekiteko, eraikinak zuen narriadura handia dela eta". Gogora ekarri du 2024an aurreko lan batzuei ekin zitzaiola, "dauden narriadurak ezaugarrituz, esku hartzeko probak egiteko eremuak hautatuz eta memoria bat eginez, orain abiatzen diren lanetan erabili beharreko teknikak eta produktuak definitzeko aukera eman duena".
Petra enpresa espezializatuak egin dituen jarduketa horiei esker, obrak esleitu ondoren, urtarrilean bertan hasi ahal izango dira, "harribitxi arkitektoniko horren birgaitzeari behin betiko bultzada emanez". "Oñatiko Unibertsitatea, balio arkitektoniko handiko eraikina izateaz gain, Gipuzkoako ikur historiko eta kultural handienetako bat da. Horregatik, albiste bereziki positiboa da espero diren birgaitze-lanak hasiko direla", ospatu du Azahara Domínguezek, eta azpimarratu du "esku-hartze horri esker, eraikinak azken hamarkadetan jasan duen pixkanakako narriadura geldiarazi eta zuzendu ahal izango dela". Ildo horretan, azpimarratu du "gure ondarea zaintzeak, gure iragana babesteaz gain, gure lurraldearen etorkizuna eta lurralde gisa definitzen gaituzten balioak bermatzea ere badakarrela".
Lehen fasea: 2,3 milioiko aurrekontua eta bederatzi hilabeteko epea
Azaldu denez, obrak datorren astelehenean, hilak 19, hasiko dira, lehenengo fasean, 2,3 milioi euroko aurrekontuarekin (BEZa barne), bederatzi hilabeteko egikaritze-epearekin, eta Teusa Técnicas de Restauración SA enpresaren kontura izango dira.
Lehen fase honetan, kanpoko fatxadetan eragingo da, azken urteotan nabarmen hondatu baita, eta, horren ondorioz, elementu apaingarri batzuk jausi dira. Gainera, klaustroan ere jardungo da. "Lan horiekin teilatuaren isolamendu termikoa hobetuko da, hondatutako teilak ordeztuko dira, euri-urak biltzeko sistema birgaituko da eta fatxada guztiak leheneratuko dira. Garrantzi berezia izango du eskultura-elementuak zaharberritzeak, eta horretarako zaharberritzaile espezialistak arituko dira lanean. Uztailean tximistak kaltetutako pieza ere fase honetan ordezkatuko dute", azaldu dute proiektuaren arduradunek.
Bigarren fasea: turismo bulegoa egokitzea
Bigarren fasean (proiektua ere idatzita dago), Oñatiko Turismo Bulegoa egokitzeko obrei, irisgarritasuna hobetzeari eta eraikinari etorkizunean erabilera publikoagoa emateko beharrezkoak diren beste lan osagarri batzuei ekingo zaie. "Larrialdietarako irteera berriak egokituko dira, eta instalazioetarako espazioak ere jarriko dira, erabilera publikoago horrek izango dituen aireztapen- eta girotze-beharrei erantzuteko", zehaztu dute adituek.
Bigarren fase honek milioi bat euro inguruko kostua izango du eta gauzatzeko epea sei hilabete ingurukoa izango da. Lizitazioa urtarrilean bertan martxan jartzea aurreikusten da.
Gogoratu behar da 2024ko azaroan Espainiako Gobernuak, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez, proiektu honetarako finantzaketa eman zuela.
Euskal Errenazimenduko harribitxia
Oñatiko Unibertsitatearen eraikina, gaur egun Administrazio Publikoaren Euskal Institutua eta Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Institutuaren egoitza dena, Euskadiko errenazimenduaren harribitxietako bat da. Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainak bidali zuen eraikitzera XVI. mendean, eta bere elementurik aipagarrienetako bat plateresko estiloko fatxada dotorea da. Nabarmentzekoa da, halaber, kasetoi mudejarra, Euskadin oso ohikoa ez dena, Gijabak Avilan haritz-egurrez egina; Errenazimentuko klaustro tipikoa, bi solairukoa, zirkuluerdiko arkuekin eta 32 medailoiekin; edo kaperako erretaula platereskoa, Pierres Picart eskultore frantziarrak egina.
Eraikina Kultura Intereseko Ondasun deklaratuta dago, babes bereziarekin. 1931. urteaz geroztik monumentu historiko-artistiko izendatua izan da. Eta, 1987an, Eusko Jaurlaritzak nazio mailako monumentu historiko-artistiko izendatu zuen.
Eraikinaren balio artistikoaz jabetuta, 1935. urteaz geroztik sei esku-hartze nabarmen egin dira guztira. Eraikinaren azken birgaitze integrala 1993koa da, eta Pablo Borde arkitektoak egin zuen. Hala ere, azken 20 urteetan, 60 mantentze-lan baino gehiago egin diren arren, fatxadak narriadura progresiboa izan du, eta, horren ondorioz, zenbait harrizko elementu apaingarri jausi ziren 2022an. Horregatik, legegintzaldi honetan birgaitze berri bati ekitea erabaki da.
"Oñati ezagutzaren epizentroa izan zen Gipuzkoan, eta bidezkoa da eraikinari bere distira itzultzeaz gain, parekatzea, harribitxi hau jendearen zerbitzura egon dadin", adierazi du diputatuak.
2059