Breadcrumb

Asset Publisher

Back Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak La Guipuzcoana enpresari emango dio Guztiok Mugituz saria, Gipuzkoan mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoagatik

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak La Guipuzcoana enpresari emango dio Guztiok Mugituz saria, Gipuzkoan mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoagatik

Azahara Domínguez buru duen departamentuak aurten 100 urte betetzen dituen Azkoitian kokatutako familia enpresa honen ibilbidea aintzatesten du sari honekin.

2025/05/26
Azahara Domínguez diputatua La Guipuzcoana enpresara egindako bisitan

Azahara Domínguez diputatua La Guipuzcoana enpresara egindako bisitan


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Guztiok Mugituz saria emango dio La Guipuzcoana enpresari, Gipuzkoan mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoagatik. Azkoitian dagoen enpresa honek lehen mendea betetzen du aurten, eta funtsezkoa izan da jendea Urola Erditik Gipuzkoako beste toki batzuetara, batez ere Donostiara, modu iraunkorrean joan ahal izateko.
Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak astelehen honetan jakinarazi duenez, ekainaren 6an, ostirala, Donostiako Aquariumean egingo den ekitaldian emango zaie saria.
Mugikortasuneko foru arduradunak gogorarazi duenez, La Guipuzcoana enpresak 1925ean ekin zion bere ibilbideari, Azkotia-Donostia linearekin. 1945ean Jose Manuel Iraeta Azpiazu taxilariak enpresa erosi zuen, Urola Erdiko udalerriaren eta Gipuzkoako hiriburuaren artean egunero lau zerbitzu ematen zituena. Une horretatik aurrera, La Guipuzcoanak bere zerbitzuak zabaldu zituen, eskualde hau Gipuzkoako beste herri batzuekin lotuz, hala nola Elgoibar, Zarautz eta Tolosarekin.
2007an enpresa Lurraldebusen sartu zen, eta 2015ean Urola Erdia eskualdearen emakidadunare ardura hartu zuen. Gaur egun, hogeita hamar autobus inguru ditu (horietatik 22 Lurraldebusekoak) eta 65 langile. Azken urteotan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko konpromisoari jarraituz, Berdintasun Plana egin dute, eta, honi esker, enpresak Emakunde Lankidetza Erakundearen aitorpena jaso du. Era berean, urte hauetan euskararekiko konpromisoa erakutsi du. 2009tik bere euskara-plana dauka, eta 2013an Euskalitek emandako Bikain ziurtagiria jaso zuen lehen garraio-enpresa bihurtu zen. Bai Euskarari ziurtagiria ere badu.
"1925ean La Guipuzcoana lanean hasi zenean, familia gutxik zuten ibilgailu pribatua. Hala ere, enpresa horrek ikusi zuen, ikuspegi aitzindari argi batekin, mugikortasunak pertsona guztien eskura egon behar zuela. Eta gaur egun jasangarritzat, irisgarritzat eta solidariotzat jotzen dugun eredu batekin egin zuen: garraio publikoarekin. La Guipuzcoana bidaiariak garraiatzeko enpresa bat baino askoz gehiago izan zen: lurralde-kohesiorako eta gizarte berdintasunerako tresna bat izan zen. Eta horrela jarraitzen du ehun urte geroago ", nabarmendu du Azahara Domínguez diputatuak."Guztiok Mugituz sari honekin, pertsona guztiek beren bizi-proiektuak garatzeko aukera-berdintasuna izan dezaten egunero egiten duten lana aitortu nahi dugu, ibilgailu pribatuaren beharrik izan gabe". Era berean, diputatuak adierazi duenez, "albiste bikaina da eta aitortu eta ospatu beharreko gertaera da Gipuzkoako enpresa batek mende bateko ibilbidea betetzea, hasieratik gipuzkoarrei zerbitzua eman diena eta lanpostuak sortu dituena eta, beraz, gure lurraldean aberastasuna sortzen duena".
Bestalde, Jose Luis Iraeta enpresako administratzaileak eskerrak eman dizkio Foru Aldundiari: "Sari honek amaiera bikaina ematen die 100 urteko ahaleginari, ekintzailetzari eta gainditze-espirituari, herritarrekiko konpromisoari eta Gipuzkoako lurraldearekiko fideltasunari eta apustuari; betiere zailtasun, koiuntura eta interes partikularren gainetik. Eta horrelakorik ez zen posible izango gure aurretik zeudenen ausardiarik gabe eta gure enpresan parte hartu duten pertsona guztien entregarik gabe, belaunaldiz belaunaldi. Eta baita erakunde eta entitateen babesa ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarena kasu, denboran zehar euren lankidetza eta laguntza eskaini digutelako". 

Bederatzi edizio
Aurreko edizioetan, honako elkarte hauek jaso dute saria: Bizikume eta Kalapie elkarteek (2017), Gipuzkoako emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeko ekimenagatik («Gaur niri dagokit»); Errenteriako Gurutze Gorriaren Tokiko Batzarrak (2018), «Mugikortasun seguru eta osasungarriko ohiturak» ekimenagatik; MUGI txartelak, Gipuzkoako Garraio Agintaritzak 2013an bultzatutako garraio tituluak (2019); Lurraldebuseko emakume gidariek (2020), 1995az geroztik, ordura arte gizonek bakarrik egiten zuten lanbide batean bidea urratu zuten emakume guztiei aitortza egiteko; Euskadiko Saharar Ordezkaritzak (2021), Tindufeko errefuxiatu esparruetan mugitzeko oinarrizko eskubidearen alde egindako lanagatik; Gehituk (2022), LGTBI+ komunitatearen eskubideen erabateko aintzatespenean egindako lanagatik, eta sexu orientazioagatiko edo identitate transexualagatiko lege eta gizarte diskriminazioaren aurka egindako borrokagatik; eta, CEAR-ek (2023), duela 40 urte baino gehiagotik gure gizarteko esparru guztietan errefuxiatuak gizarteratzeko eta integratzeko egiten duten lanagatik. Iaz, Ziztu eta Donostia Leioa unibertsitate-elkarteek izan ziren sarituak egunero Gipuzkoako hainbat lekutatik Bizkaiko campusetara joaten diren dozenaka ikasle, irakasle eta unibertsitateko langile modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuz joan daitezen egindako "lan eskergagatik".
 

  

4236