Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Oñatiko Unibertsitatea birgaitzeko lanak esleitu ditu
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Oñatiko Unibertsitatea birgaitzeko lanak esleitu ditu
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Oñatiko Unibertsitatea birgaitzeko lanak esleitu ditu
Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, kanpoko fatxadak eta klaustroa zaharberritzeko aurrekontua 2,2 milioi eurokoa da (gehi BEZa) eta gauzatzeko epea bederatzi hilabetekoa

Oñatiko unibertsitatea
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Oñatiko Unibertsitatea birgaitzeko obren lehen fasea esleitu du. Obrek 2,2 milioi euroko (gehi BEZa) prezioa izango dute eta bederatzi hilabeteko epean egin beharko dira.
Azahara Domínguez diputatuak adierazi duenez, kanpoko fatxadak eta klaustrokoak zaharberritzeko obrak urtarrilean hasiko dira, eta 2026ko udazkenera arte luzatuko dira. Zentzu horretan, "fatxadetako harlangaitza garbitu eta konponduko da, eta babes-estaldura hidrofugoa emango zaio. Gainera, kamera bufoaren egoera aztertuko da, klaustroko gargolak eta kanaloi erdiitxia berrikusiko dira eta teilatua zaharberrituko da". Gainera, Tabuenca & Leache Arquitectos enpresak idatzitako proiektuak eraikinaren egurrezko bi ateak birgaitzea eta udan tximista batek suntsitu zuen pilastraren eskultura ordezkatzea proposatzen du.
"Oñatiko Unibertsitatea, balio arkitektoniko handiko eraikina izateaz gain, Gipuzkoako ikurra ere bada; horregatik, albiste bikaina da datozen asteetan birgaitze-lanak hastea", ospatu du Azahara Dominguezek, eta gogoratu du "obra horiei esker, azken hamarkadetan eraikinak izan duen pixkanakako narriadura” geldiaraziko dela. “Gure ondarea zaintzea gure lurraldearen etorkizuna eta gure balioak bermatzea da”, nabarmendu du.
2024ko urritik aurrerako lanak
Oñatiko Unibertsitatearen eraikina, gaur egun Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Institutuaren egoitza dena, Euskadiko Errenazimenduaren harribitxietako bat da. Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainak bidali zuen eraikitzera XVI. mendean, eta bere elementurik aipagarrienetako bat plateresko estiloko fatxada dotorea da. Nabarmentzekoa da, halaber, kasetoi mudejarra, Euskadin oso ohikoa ez dena, Gijabak Avilan haritz-egurrez egina; Errenazimentuko klaustro tipikoa, bi solairukoa, zirkuluerdiko arkuekin eta 32 medailoiekin; edo kaperako erretaula platereskoa, Pierres Picart eskultore frantziarrak egina.
Higiezina Kultura Intereseko Ondasun deklaratuta dago, babes bereziarekin. 1931. urteaz geroztik monumentu historiko-artistiko izendatua izan da. Eta, 1987an, Eusko Jaurlaritzak nazio mailako monumentu historiko-artistiko izendatu zuen.
Eraikinaren balio artistikoaz jabetuta, 1935. urteaz geroztik sei esku-hartze nabarmen egin dira guztira. Eraikinaren azken birgaitze integrala 1993koa da, eta Pablo Borde arkitektoak egin zuen. Hala ere, azken 20 urteetan, 60 mantentze-lan baino gehiago egin diren arren, fatxadak narriadura progresiboa izan du, eta, horren ondorioz, zenbait harrizko elementu apaingarri jausi ziren 2022an. Horregatik, legegintzaldi honetan birgaitze berri bati ekitea erabaki da.
Obrak urtarrilean hasiko diren arren, diputatuak gogorarazi du 2024ko urritik aurrera bere departamentua aurretiazko lanak egiten ari dela, hala nola, laginak hartzen narriadurak karakterizatu, esku hartzeko probak egiteko eremuak aukeratu eta memoria bat egin, orain abiatzen diren lanetan erabili beharreko teknikak eta produktuak definitzeko. Petra enpresa espezializatuari eskatu zitzaizkion jarduera horiek.
Europako finantzaketa
Era berean, gogorarazi du iazko azaroan Espainiako Gobernuak, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez, finantzaketa eman zuela fatxada eta erretaula zientifikoki zaharberritzeko, irisgarritasunean eta jasangarritasun energetikoan jarduerak egiteko, eta turismo bulegorako espazioak egokitzeko eta eraikinean beste erabilera batzuk egiteko.
2716