Breadcrumb

Asset Publisher

Back Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak udako ikastaro bat antolatu du Oñatiko Unibertsitatea eta eraikinean egiten ari diren birgaitze integraleko lanak balioesteko

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak udako ikastaro bat antolatu du Oñatiko Unibertsitatea eta eraikinean egiten ari diren birgaitze integraleko lanak balioesteko

Ikastaroa irailaren 7an eta 8an egingo da, eta Sancti Spiritus eraikinaren historia, ondare-balioa eta zaharberritzearen bikaintasun teknikoa aztertuko ditu, bai eta ondareak aktibo ekonomiko eta turistiko gisa eskaintzen dituen aukerak ere.

Oñatiko Unibertsitateko lanak

Oñatiko Unibertsitateko lanak


Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, EHUko Udako Ikastaroen esparruan, Gipuzkoako ondare historikoko eraikin berezienetako bati buruzko prestakuntza-ziklo bat antolatuko du: Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea, non aurreikusitako birgaitze integralaren fase garrantzitsu bat gauzatzen ari den Azahara Domínguez buru duen departamentuak.

Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian egingo da, irailaren 7an eta 8an, eta, alde batetik, Euskadiko Errenazimentuko sinbolo den eraikin honen identitatean, jatorrian eta historian sakontzea du helburu, ikuspegi akademikotik; eta, bestetik, departamentua, Next Generation funtsen ekarpenarekin, egiten ari den birgaitze-lanen bikaintasun teknikoa zabaltzea. Lehen fase hori datozen hilabeteetan amaituko da. Gainera, ikastaroak hausnarketarako leiho bat zabalduko du ondare arkitektonikoak balioa —ekonomikoa, kulturala eta turistikoa— sortzeko gai den aktibo gisa betetzen duen eginkizunari buruz.

“Oñatiko Unibertsitatea balio izugarria duen eraikin historiko bat baino askoz gehiago da. Gure ondarearen, gure identitatearen eta lurralde gisa bakarrak egiten gaituen guztiaren sinboloa da. Horregatik, ikastaro hau aukera bikaina da haren historian eta esanahian sakontzeko, baina baita haren distira guztia berreskuratzeko eta ondare horrek Gipuzkoaren etorkizunaren parte izaten jarrai dezan bermatzeko egiten ari garen lanaren bikaintasuna ezagutzeko ere. Ondarea babestea ez baita soilik hura kontserbatzea: ezagutzea, partekatzea eta bizia ematea ere bada, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat zentzua izaten jarrai dezan”, adierazi du diputatuak.

Era berean, honakoa gaineratu du: “Oñatiko Unibertsitatea bezalako eraikin bat berreskuratzeak aukera ematen digu erakusteko ondarea aukeren iturri ere izan daitekeela eta izan behar duela. Hura balioan jartzeak Oñatiren eta Gipuzkoaren identitatea sendotzen lagunduko du, baina baita bisitariak erakartzeko, kultura- eta hezkuntza-jarduera sortzeko eta aukera ekonomiko eta enplegu-aukera berriak sustatzeko gaitasuna indartzen ere. Eraikin honek bere ondare-esentzia guztia gordetzea nahi dugu, baina, aldi berean, espazio bizia, irekia eta irisgarria izatea ere bai, erreferente bihurtzeko eta etorkizunean gure lurraldeari balioa ematen jarraitzeko gai izan dadin”.

Egitaraua
‘Sancti Spiritus: memoria birgaitu, etorkizuna proiektatu’ udako ikastaroa irailaren 7an hasiko da, Azahara Domínguez diputatuaren eta Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordearen eskutik egingo den inaugurazio instituzionalarekin. Ondoren, Montserrat Fornells Artearen Historiako doktoreak eraikinaren historiari eta esanahiari buruzko hurbilketa egingo du, eta haren identitatea osatzen duten elementuetan sakonduko du.

Jarraian, Verónica Quintanilla ondarearen zaharberritzean espezializatutako arkitektoak zaharberritze-prozesuaren alderdi berezienetako bati helduko dio: fatxadako multzo eskultorikoaren zaharberritzeari. Bestalde, Breogán Agulla harri-lanetan eta harrizko arteetan espezialistak 2025eko udan tximista batek suntsitu zuen gerlariaren estatua erreplikatzeko prozesua azalduko du. Horrela, ezaugarri horietako zaharberritze-lan batean parte hartzen duten konplexutasuna eta ezagutza tekniko zein artisaua gertutik ezagutzeko aukera izango da.

Arratsaldean, ikastaroak Fernando Tabuenca arkitektoaren hitz-hartzearekin jarraituko du. Tabuenca eraikinaren estalkietan, fatxadan eta egituran bertan egiten ari diren birgaitze-lanen arduraduna da.

Ikastaroaren lehen eguna amaitzeko, eraikinaren hezkuntza-, kultura- eta turismo-potentzialari buruzko mahai-ingurua egingo da. Bertan parte hartuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Arkitektura Zerbitzuko buru Ainara Sagarnak, Aldundiko Turismo zuzendari Libe Otegik eta Debagoieneko Turismo teknikari Ines Cáceresek. Moderatzaile-lanak, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako zuzendari Lore Suárezek egingo ditu.

Asteartean, hilaren 8an, ikastaroan presentzialki izena eman duten pertsonek eraikina bisitatzeko eta egiten ari diren birgaitze-lanak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.
 

  

724