Breadcrumb

Asset Publisher

Back Nerabeekiko komunikazioan sakontzeko gida pedagokikoa sortu dute Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak

Nerabeekiko komunikazioan sakontzeko gida pedagokikoa sortu dute Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak

Foru erakundearekin harremantzeko eta elkarlanean aritzeko baliabide aitzindaria eskainiko die gazteei

2019/03/15

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (Huhezi) KoLaborategiak nerabeei zuzendutako gida pedagokiko aitzindaria osatu dute, Aldundiarekin harremantzeko eta komunikazio zein elkarlanerako aukera berriak sortzeko aukera izan dezaten. Ikasle zein irakasleei dago zuzendua, helburu hauekin: hainbat konpetentzia digital ikasleekin lantzeko tresna izatea, adibide, dinamika eta orientabideen bitartez idatziz, irudiz eta bideoz egoki komunikatzeko lanketa erraztea, eta e-parte-hartzea eta jendarte digitalerako hezkuntzan sakontzeko aukera eskaintzea. “Komunikazio modu berri horiek eskatzen ziguten horrelako lanketa bat, etorkizuna izango direnekin batera elkarlanean hasteko”, azpimarratu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

Haren ustetan, gazteentzat gero eta arruntagoa da sare sozialetan beraien kexak, gogoetak eta, batik bat, bizipenak partekatzea. Administrazioari dagokionez ere, gero eta ohikoagoa da nerabeek komunikazio kanal berriak, adibidez WhatsApp-a edo Instagram-a erabiltzea baimenak, galderak edota iradokizunak idatziz, bideoz zein audioz helarazteko. “Belaunaldi berriari deitzeko modu desberdinak gorabehera (Natibo digital, Y belaunaldi, Millennial), kontsentsu handi samarra dago baieztatzerakoan Internetek eta sare sozialek komunikatzeko modu eta kodeen aldaketa ekarri dutela, eta batez ere, belaunaldi gazteenarengan dela hori nabarmena. Elkarrekintzarako beste gako eta bide batzuk baliatzen dituzte”, adierazi du.

Lasaren arabera, paradigma-aldaketak horrek eskatzen du, nerabeengana gerturatzeko eta harreman eraikitzaile bat sortzeko, haien komunikazio-moduei ereerreparatzea: “Sare sozialak dira nerabeentzat harremanak eraikitzeko tresna naturalenak eta ondorioz, beharrezkoa da horiek kontuan hartzea”. Ikastetxeetako arduradunek ere, teknologiek hezkuntzan duten eraginaren inguruko kezka badutela gaineratu du. Hori guztia kontuan hartuta, Aldundiak ekin dio hezkuntza komunitatearekin lan egiteari, eta gida pedagogikoa da lehenengo pauso bat. Horren bidez lortu nahi da ikasleek komunikazio-kanal berri hauen bidez Administrazioarekin harremantzeko “marko berri” bat sortzea.

Irakasleen gidaren helburua, berriz, ikasleekin gida lantzeko eta sakontzeko baliabideak eskaintzea da. 45 minutuko ariketak proposatzen dira horretarako. Eskaera edo eskakizun baten aurkezpenaren egitura, komunikatzeko dituzten bide, tresna eta lanabesak, ekoizpen prozesua eta, eta aurkezpenetarako gomendioak definitzen ditu gidak, besteak beste, Aldundiari buruzko informazioa eskaintzeaz gain. Era berean, errealitate areagotuaz sortutako bideoak jarri dira eskuragai.

Baliabide berri hau sortzeko, azken urteetan sare sozialen bidez Aldundira iritsitako mezuen azterketa egin zuen Mondragon Unibertsitateak, ondorioztatuz nerabeek ez dutela Aldundiarekin harreman digital zuzenik: “Badago, beraz, bete beharreko gabezia bat”, adierazi dute Ander Bolibar eta Nagore Ipiña KoLaborategiko ikerlariek. Europa mailako ereduen azterketa ere egin zuen unibertsitateak, 22 gidarena, hain zuzen. Gehienak tresna zehatz baten erabileran eta metodologian, ikaslearen konpetentzia digitalaren berariazko lanketan, edo segurtasun eta hezkidetza ikuspegi batetik praktika onen eta arazoen prebentzioan zentratzen dira. “Europa mailan administrazio publikoa eta komunikazio kanalen inguruko gidetan bazegoen hutsune bat. Ez da aurkitu parte-hartze digital aktiborako oinarriak finkatzen dituen gidarik”, gaineratu dute.

Ipiña eta Bolibar ikerlariek diotenez, “etorkizuneko gizarterako giltza izan daiteke e-parte-hartzea eta KoLaborategiaren ardura bada, eragile ezberdinekin etorkizuneko pertsonak heztea. Gipuzkoa, Europarentzako eredu izan daiteke ere harreman ohitura berriak sortzen; komunikazio kanal berriak irekitzen eta hartu-emanetarako bideak definitzen. Gizartearen norabidea aztertuta, garrantzitsua da etorkizuneko herritarren eta administrazioaren arteko harreman eredu berriak garatzen hastea”. Oso interesgarria izan da, haien esanetan, gida pedagogikoa sortzea eta bereziki, “Foru Aldundiarekin batera hezkuntzaren inguruko gogoetak partekatuz”, aurrera begirako parte-hartzearen ildoak finkatzen hastea. KoLaborategiko ikerlariek adierazi dute ere gidan gizarte digitalerako hezkuntzaren inguruko hainbat kontzeptu definitu dituztela, “e-parte-hartzea ulertzeko garrantzitsua delako ekosistema digitalen oinarriak ulertzea”.    

Lehiaketa

Gida eskuragai egongo da gipuzkoa.eus/partaidetza atalean. Halaber, kontrastatu egingo da Gipuzkoako eskualde guztietako ikastetxeekin, gaurkotzeko, eta Aldundiaren gazteenganako komunikazio estrategia etengabean egokitzeko. Lehen saioa egin da jada, eta 30 irakaslek hartu dute parte. Huheziko eta Aldundiko arduradunek eman diete gidaren xehetasunen berri. Halaber, sozializaziorako hainbat ekintza aurreikusten dira. Esaterako, ideia lehiaketa bat antolatu da ikasleen proposamenekin. Lehiaketan parte hartzeko hurrengo galderei erantzuteko audio, testu, bideo edo irudi bat bidali beharko dute taldean ikasleek: “Zerk arduratzen gaitu Gipuzkoako etorkizunaz? Ze galdera ditugu? Ze proposamen?”.

Lan guztiek gidan azaldutako komunikazio-arauak jarraitu beharko dituzte. Lanak dagokion kanalaren bidez helaraziko zaizkio Foru Aldundiari. Hala, bideo eta/edo audioak emailez –partaidetza@gipuzkoa.eus- edo Youtubera –youtube.com/OrainGipuzkoa-, gehienez minutu bateko iraupena izango dutelarik. Mezuak emailez jasoko dira, eta irudiak berriz, Instagram bidez –instagram.com/OrainGipuzkoa-. Originalak izan beharko dira beti ere. DBH 4ko ikasleek (15-18 urte bitartekoek) parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Lanak taldeka egingo dira eta talde bakoitzak kanal bakoitzean lan bat aurkeztu ahal izango du. Parte-hartzaileek, lehiaketara aurkeztutako lanetan, taldekideen izena aurkezteaz gain, zentroaren izena ere aipatuko dute. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 3a izango da. Goi mailako gailu teknologiko bat izango da saria, taldeko kide bakoitzarentzat. Kanal bakoitzeko saritu-talde bat egongo da. Sari banaketa ekaineko lehenengo astean izango da.

E-parte-hartzearen potentziala goraipatu du Lasak. “Guztion parte hartzea bermatuko duen gizarte digital bat sortu behar dugu. Hezkuntzaren erronka ere bada pertsonak horretarako prestatzea. Kanal berrien bitartez modu seguruan, elkar errespetatuz, ikuspegi kritikoz, eta sormenez komunikatzea. Gidak horretan lagunduko gaitu”. Haren hitzetan, ahalegin horretan, ezin dira haurrak eta nerabeak alde batera utzi. “Ezagutza falta handia dago oraindik. Ez dakite zeintzuk diren Aldundiaren funtzioak, eta dakitenen artean, batzuk urruti sentitzen gaituzte. Oso garrantzitsua da joera horri buelta ematea”, amaitu du.
  

1336