Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ostiraleko uholdeek kaltetutako errepide guztiak berriro ireki dira

Ostiraleko uholdeek kaltetutako errepide guztiak berriro ireki dira

Diputatu nagusiak Tolosaldea eta Goierri bisitatu ditu egoeraren jarraipena eta galeren balorazioa egiteko. Foru Aldundiak lan-mahai bat aktibatu du uholdeak eragindako herrietako alkateekin, beharrezko neurriak abian jartzeko.

Errepideen egoera

Gipuzkoako Foru Aldundiak lanean jarraitzen du Tolosaldea eta Goierriko udalerriekin batera. Ostiral gauean uholde handiak izan ziren, eta ondorio larriak eragin zituzten etxebizitzetan, garajeetan, enpresetan, errepideetan eta bide publikoan. Zorionez, galerak materialak baino ez dira, baina kasu askotan oso nabarmenak izan dira gaur goizean Eider Mendoza diputatu nagusiak Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin batera herriz herri egin duen ibilbidean egiaztatu ahal izan duenez.

Bi ordezkari foralek kaltetutako eremu guztiak bisitatu dituzte, galdutako ondasunen balorazioa egiteko eta garbiketa lanetan parte hartu duten foru langile, enpresa eta ehunka boluntarioe egiten ari diren lan izugarriagatik eskerrak emateko. Izan ere, boluntarioek prestutasun osoz parte hartu dute auzolanetan, normaltasuna lehenbailehen berreskuratzeko helburuarekin bat eginez. Jakinarazi denez, errepide kaltetu guztiak berriro ireki dira trafikoarentzat, nahiz eta gomendagarria den kontu handiz ibiltzea eragin handiena izan duten puntuetan, egoera guztiz normalizatu arte.

“Kaltetutako herrietako herritarrek berriz ere komunitate sendo baten adibide bikaina eman dute; gazte zein adinekoek ez dute zalantzarik izan laguntzeko eta premian zirenekin elkartasuna erakusteko, eta hori, hain une gogor hauetan, azpimarratzekoa da”, adierazi du diputatu nagusiak bisitan zehar. Halaber, nabarmendu du Euskadiko udalerri ezberdinen eta erakunde guztien arteko lankidetza eredugarria izaten ari dela.

Alkateekin bilera

Goizean goizetik, Mendoza eta Urkola kaltetuen izan diren udalerrietako alkateekin izan dira, eta haiekin adostu dute lan-mahai bat abian jartzea, galeren balorazioa egiteko, gertakarien bilakaeraren jarraipena egiteko eta behar diren neurriak elkarrekin aktibatzeko. Lehen bilera astearte honetan bertan egingo da.

  

4279