Breadcrumb

Asset Publisher

Back Oteiza Museoak “Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua” obra aurkeztu du

Oteiza Museoak “Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua” obra aurkeztu du

Txomin Badiola da 2.752 obraren bidez artistaren eskultura-lanaren berrikuspen kritiko bat aurkezten duen argitalpen honen egilea

2016/02/14

Txomin Badiola da 2.752 obraren bidez artistaren eskultura-lanaren berrikuspen kritiko bat aurkezten duen argitalpen honen egilea

Oteiza. Catálogo Razonado de Escultura
Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua
Oteiza. Catalogue Raisonné of Sculpture

Egilea: Txomin Badiola
952 or. Bi liburuki kutxan.
PSP: 120 euro.
Editorea: Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta Nerea Argitaletxea, Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Museo Sistemaren, Kutxaren Gizarte Ekintzaren, Eguesibarko Udalaren eta, euskarazko ediziorako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Oteiza Museoak Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua argitalpena aurkezten du. Lan honek Jorge Oteizaren (1908-2003), hots, XX. mendeko arte plastikoen eta estetikaren bilakaeran funtsezko artista izan zen haren eskultura-lanaren berrikuspen kritiko bat eskaintzen du.

Argitalpenak Oteizaren obra artistikoan aditua den Txomin Badiolak egindako ikerkuntza jasotzen du, eta artistaren eskultura-produkzioari buruzko informazio zehatza ematen du.

Katalogoa bi liburukitan antolatuta dago. Horietan, egileak lehen bereizketa bat ezarri du, obra figuratiboaren eta obra abstraktuaren artean zehazki. Katalogo barnean, berriz, familia eta azpitalde esperimentalen araberako sailkapena egin du, Oteizaren sortze prozesuari jarraiki.

Katalogoaren hiru edizio egin dira, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez, Oteizaren obra hainbat esparrutan zabaltzearren. Edizio bakoitzak 952 orrialde dauzka, eta horietan erregistratu dira bilduma publiko eta pribatuetan gordetako 2.752 obra. Liburukiok, guztira, Oteizaren eskultura-lanari lotutako 2.575 irudi dauzkate, haren arte-ibilbidearen aniztasunaren adierazgarri.  “Katalogo Arrazoituari ekin nionean, nire hasierako helburua bikoitza zen: alde batetik, obra osoaren bilduma bat egitea eta, bestetik, Oteiza artistaren konplexutasunarekiko begirunez jokatuko zuen egitura bat sortzea”, diosku argitalpenaren egile Txomin Badiolak.
 

Katalogoak ihes egiten dio konbentzionalari -artista baten obren desfile linealari-, eta arrazoituan eta emaitzatzat obrak ekarri dizkigun bilakaera plastiko eta kontzeptualean sakontzen du. Argitalpenaren barne-antolaketa paraleloan doazen bi lerrotatik abiatzen da; horiek bereizteko, obren katalogazioak hondo zuriko orriak dauzka, eta obrak testuinguruan kokatzeko orriak, aldiz, hondo grisezkoak dira.

Katalogazioaren atalak irudi zerrenda bat dakarkigu, ohiko informazioa jasotzen duten fitxa tekniko batzuez osatuta: izena, katalogo-zenbakia, data, teknika eta materiala, neurriak, obra mota, inskripzioak, jabetza, kokapena eta jatorria. Bestetik, argitalpenak beste esparru diskurtsibo bat garatzen du, obrak bizipen prozesu biografiko, artistiko eta esperimental baten barnean kokatzearren.

Esparru horretan azaltzen dira obrak egiteko uneko zertzeladak, eta baita obra bakoitza zein prozesu esperimentaletakoa den ere, Laborategi Esperimentaleko estudioez, dokumentazio osagarriz, eta marrazki eta collage kopuru aipagarri batez osatuta guztia.

Esparru bi horien osagarri gisa, Oteizaren obrak testuinguru historikoarekiko, beste artista batzuekiko edo maila kontzeptualeko kontuekiko harremanean aztertzen dituzten izaera orokorragoko saiakerak tartekatzen ditu liburuki bietan egileak.  

Jorge Oteiza Fundazio Museoak Nerea Argitaletxearekiko elkarlanean argitaratutako obra honek Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Museo Sistemaren, Kutxaren Gizarte Ekintzaren, Eguesibarko Udalaren eta, euskarazko ediziorako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du.


Txomin Badiola (Bilbo, 1957) praktika artistikoaren munduan profesional zein irakasle gisako ibilbide luzea egindako artista da. Bere obraz nazioko eta nazioarteko erakusketa kolektibo zein banakako ugaritan hartu du parte, eta arteari buruzko testu ugari idatzi ditu aldizkari, egunkari eta bestelako agerkarietarako. Badiola Jorge Oteizaren obraren gaineko aditua da. 1988an Oteiza. Asmo Esperimentala erakusketaren komisarioa izan zen. Horixe izan zen eskultorearen lehen erakusketa antologikoa, eta Madril, Bartzelona eta Bilbon egon zen ikusgai. Komisario lana bete zuen, halaber, Margit Rowell-ekin batera, Oteiza. Mitoa eta Modernotasuna erakusketan; hau Bilboko Guggenheim Museoan (2004), New Yorkeko Guggenheim Museumen (2005) eta Madrilgo MNCARSen (2005) egon zen ikusgai. 2015ean Gure Artea saria jaso zuen, egindako ibilbide profesionalarengatik.

 

  

1337