Breadcrumb

Asset Publisher

Back Patxi Sanchez saria jaso du Foru Aldundiak, larrialdien kudeaketagatik

Patxi Sanchez saria jaso du Foru Aldundiak, larrialdien kudeaketagatik

Donostian azken bi egunotan egiten ari diren jardunaldien barruan hartu du errekonozimendua Imanol Lasak

2018/05/30

Patxi Sanchezen oroimenezko saria jaso du gaur eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Suhiltzaileen Zerbitzuko kide guztien eskutik lurraldean larrialdien arreta planifikatzeko egiten ari den lanagatik. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak hartu du oroigarria, Arkaitz Orbegozo zerbitzuburuarekin batera, Fernando Larrañagaren eskutik. Atzoko eta gaurko egunean, EHU-UPVko Joxe Mari Korta gunean, Donostian, egiten ari diren Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko XII. Jardunaldien barruan izan da banaketa ekitaldia.

Patxi Sanchez, orain ederatzi urte hil zen Donostiako suhiltzaileetako ofizialordearen oroimenez ematen da urtero sari hori. “Bihotzez” eskertu du Lasak aitortza, eta Sanchezi eta Gipuzkoako suhiltzaileei eskaini die. Azken urteetan, DYA, Gurutze Gorria, Vicente Zaragüeta, Aself  eta SOS Deiak bezalako entitate eta norbanakoek jaso dute saria. Lasak adierazitakoaren arabera, Aldundia bete-betean murgilduta dabil Suhiltzaileen Zerbitzuaren etorkizuna eraikitzen. Horretarako, zerbitzuko teknikariekin elkarlanean, Gipuzkoa Babestu 20_30 plangintza prestatu du, datozen hamabost urteetan larrialdien kudeaketa modernizatzeko eta horien arreta “azkarragoa eta eraginkorragoa” izateko urratsak jasotzen dituena. Hainbat neurri aurreikusten ditu planak, hala nola parkeak berrantolatzea, Donostiako Udalarekin elkarlanean sakontzea, edota giza baliabideak eta baliabide materialak indartze. Batzar Nagusietan aurkeztuko da ekainaren 13an.

Diputatuak azpimarratu duenez, bai gobernantzaren alorrean eta baita larrialdien arretan ere, etorkizunak bi osagai eduki behar ditu. Batetik, erakunde desberdinen, gizarte zibilaren, enpresen, elkarteen eta herritarren arteko “elkarlana” sustatzea. Bestetik, “berrikuntzaren eta esperimentazioaren alde” egitea, izan ere, zibersegurtasuna bezalako alorrek gero eta garrantzi handiagoa hartuko dute. Hori izan da, hain zuzen, arriskuen kudeaketari buruzko jardunaldietan jorratutako gaietako bat, aldaketa klimatikoarekin, operatiboen koordinazioarekin, edota ikuskizun publikoetako segurtasunarekin batera: “Horelako topaketek balio handia dute, etorkizunari aurre hartzeko aukera ematen digutelako, ezagutza aurreratua elkarbanatuz”, amaitu du.   

  

1332