Breadcrumb

Asset Publisher

Back Picassoren Cabeza llorando eta Zurbaránen Hércules lucha con el león de Nemea artelanak, besteak beste, Donostian egongo dira uda honetan

Picassoren Cabeza llorando eta Zurbaránen Hércules lucha con el león de Nemea artelanak, besteak beste, Donostian egongo dira uda honetan

«1516-2016. Bake-itunak» erakusketa ekainaren 18tik urriaren 2ra bitartean egingo da eta nazioarteko 21 museotako 400dik gora pieza bilduko ditu.

2016/05/23

«1516-2016. Bake-itunak» erakusketa ekainaren 18tik urriaren 2ra bitartean egingo da eta nazioarteko 21 museotako 400dik gora pieza bilduko ditu.

Erakusketa bi egoitzatan banatuta egongo den arren, ibilbide bakarrekoa izango da: San Telmo Museotik Koldo Mitxelena Kulturunera artekoa, alegia.

Obrak kapituluka banatuta daude, Bakearen Iberiar Eskolaren ikuspegitik bake-akordioak banatzen dituzten atalen arabera.

Ekainaren 18tik urriaren 2ra, San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelena Kulturunean «1516-2016. Bake-itunak» erakusketa egongo da. Erakusketa horretan, hainbat artista handiren 400dik gora pieza jarriko dira ikusgai: Goya, Rubens, Murillo, Ribera, Picasso, Le Corbusier zein Maruja Malloren artelanak, Elena Asins, Alice Creischer eta Nancy Speroren lanak, Sophie Ristelhueberren argazkiak, eta abar.«1513-2016. Bake-itunak» Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuko proiektu handinahieneko erakusketa nagusia da; Bake-ituna proiektukoa, alegia. Proiektua maiatzaren bukaeratik 2017ko urtarrilera arte gauzatuko da, Telefónicak babestuta.

Obrak nazioarteko 21 museotatik etorriko dira, eta gai hauek dituzte ardatz: bakea, tratatu eta itunak, desmilitarizazioa, gerra eza eta indarkeria eza. Honako museo hauek arituko dira lankidetzan, besteak beste: Louvre museoa, Pompidou zentroa, Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionala, Prado Museo Nazionala, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa.

«1516-2016. Bake-itunak» gaur goizean aurkeztu da prentsaren aurrean. Bertan, Denis Itxaso Kulturako foru-diputatua, Donostiako Udaleko Kulturako zinegotzi Miren Azkarate, Telefónicako ordezkari Javier Benito García, San Telmo Museoko zuzendari Susana Soto, Donostia 2016ko zuzendari nagusi Pablo Berástegui eta Bake-itunak proiektuko komisario/kontserbatzaile Pedro G. Romero izan dira.

Romero 1985az geroztik dabil artista-lanetan. «Bake-itunak» proiektuan ez ezik, bi aparatu handitan ari da: FX Artxiboan eta PH Makinan. Halaber, UNIA arteypensamiento erakundean eta Kultura Politiken Hausnarketa Plataforman (Sevilla) parte hartzen du.

Berásteguik proiektu honen garrantzia nabarmendu du, eta Hiriburutzako proiekturik «handinahiena» dela esan. «Luxua da Donostian datozen hilabeteetan izango ditugunen mailako lanak izatea», azpimarratu du.

Itxasok honako hau esan du erakusketaren aurkezpenean: «Hasieratik, Hiriburutzaren ideia kultura bizikidetzaren motortzat hartzearekin lotuta egon da. Erakusketa honetan egongo den artelanen bilduma handinahiak, baina, batez ere, horien atzean dagoen kontakizun politikoak, memoriari buruz eta Gipuzkoak hainbat hamarkadatan sufritu dugun indarkeria nola oroituko duen hausnartzeko aukera bilakatzen dute, baita berriz antzekorik ez gertatzeko oinarriak jartzeko aukera ere. Kulturak eta arteak elkarrekin bizitzen ikasten lagundu behar digute, ezberdinekin batera bizitzen, eta, beraz, kulturalki eta sozialki gizarte askoz ere aberatsagoa izaten».

Azkarate, berriz, honako hau azpimarratu du: «Erakusketa hau aukera bikaina da San Telmo Museoarentzat, gure inguruneko museoak eta nazioarteko ospea duten erakundeak inplikatu dituen proiektuarekin bat egiteko». Era berean, bereziki, Prado Museoaren parte-hartzea eskertu du, «bai erakusketarako utzi duen pieza kopuru handiagatik, bai horien kalitateagatik, horri esker San Telmora doan jendeak maisu handien lanez gozatu ahal izango duelako; adibidez, Murillo, Kokoschka eta Zurbaránen lanez».

Erakusketaren abiapuntua Frantzisko Vitoriaren figura enblematikoa da. Nazioarteko zuzenbideko lehenengo eskola inspiratu zuen, Bakearen Iberiar Eskola, XVI. mendeko testuinguru berrian; «heretikoen» aurkako gerrek, moriskoen eta juduen kanporatzeak eta Amerika kontinentearen kolonizazioak markatu zuten garaian.

Obra gailenak

Erakusketan egongo diren obren artean, Picassoren Cabeza llorando eta Cabeza de mujer llorando con pañuelo ikusi ahal izango dira, biak ere artistak Guernica egin ondoren sortuak, baina formalki eta kontzeptualki harekin lotuak. Obra horiek, Le Corbusierren La caída de Barcelona lanarekin batera –artista hori bere arkitektura-lanengatik ezagunagoa da pinturengatik baino–, Reina Sofía Museo Nazionalak utzi ditu. Gainera, Prado Museo Nazionalak lan hauekin kolaboratu du, besteak beste: José de Riberaren Combate de mujeres, Francisco de Goya y Lucientesen Muchachos jugando a soldados, Murilloren La conversión de San Pablo, Zurbaránen Hércules lucha con el león de Nemea eta Rubensen Felipe II a caballo.

Euskal museo batzuek ere laga dute lanik; Artiumek, adibidez, Del LaGrace Volcanoren Duke: King of the Hill utzi du. Bilboko Arte Ederren Museoak, berriz, Oskar Kokoschkaren Pomozte baskickym detem! (Lagundu euskal haurrei!) kartelarekin lagundu du. Artista austriar horrek 1937an egin zuen kartela. Bohemiako herri batzuetan jarri zuten ikusgai, Gernikako bonbardaketaren biktima izandako euskal haurrak hartzearen aldeko kanpaina iragartzeko. Kokoschkak bere memorietan kontatzen duenez, Pragako poliziak kendu egiten zituen kartelak paretetatik, baina, gaua iristean, ekimenaren aldeko gazteek berriz jartzen zituzten.

Gainera, erakusketan hainbat euskal artistaren lanak ere egongo dira; adibidez, Aurelio Artetaren Ezpatadantzaris, Arabako Arte Ederren Museoak utzia, eta Jorge Oteizaren Figura comprendiendo políticamente, Jorge Oteiza Museoa Fundazioak utzia. Erakusketa honetan, Pieter Brueghelen La urraca sobre el cadalso bereziki esanguratsua da Bake-ituna proiekturako, bakeak izan dituen forma konplexuak irudikatzen dituelako. Erakusketan, Pieter Brueghel Gazteak, artista holandarraren semeak, egindako lana egongo da ikusgai.

Piezak Bakearen Iberiar Eskolak bake-itunak banatzeko erabiltzen zituen argumentu-arloen arabera bereizita daude. Horrez gain, hitzaurre bat eta epilogo bat erantsi zaizkie. Hala, San Telmo Museoan, lurraldeak, historia, enblemak, milizia eta hildakoak arloak aurkituko ditugu.  Azken hori bi espazioak lotzeko tresna izango da; beraz, Koldo Mitxelena Kulturunean hildakoei buruzko bigarren zatia egongo da, eta populazioa, ekonomia, armak eta tratatuak arloak garatuko dira bertan.

Era berean, Bake-ituna proiektuaren antzeko edukiak landu dituzten museoen 16 gela eta erakusketa historiko berregingo dira. Lehen gela Amerikako esperientziari buruzkoa da; zehazki, Tata Vasco, Vasco de Quirogari buruzkoa –Michoacaneko artisautza agertzen da– edo Los libros Plúmbeos buruzkoa –Granadako moriskoek bake-imajinario bat eraiki eta bizikidetza ahalbidetzeko egindako saiakera jasotzen da–. Ibilbidea Palestinarekiko Solidaritatea Adierazteko Nazioarteko Arte Erakusketarekin amaitzen da; Ekialde Hurbileko egungo gatazkari eta arteak estaturik gabeko nazioari aitortza egiteko azaldutako solidaritateari buruzkoa da, hain zuzen.

Telefónica: babesle nagusia

Espainiako telekomunikazio-enpresa multinazionala, Europako garrantzitsuenetakoa, Bake-ituna proiektuaren babesle nagusi bilakatu da. Telefónica erakundea mundura irekita dago, multinazionala da, eta askotariko kulturez osatutako merkatuetara iritsi da. Eite horretan oinarrituz, babesa eman nahi dio artearen bidez Bakea nola irudikatu den ezagutarazteko xedea dun egitasmoari.

Erakundearen ordezkariaren esanetan, babes horren bidez, sendotu egiten dute Europa eraikitzeko proiektuan biltzen diren balioen garrantzia, bai eta Europako kultura-ondare komun aberats eta berdingabea ere; horrez gain, berrikuntza bultzatzen dute kulturaren sektorean.

Bitartekaritza eta bisitaldi gidatuak

Proiektu honetan parte hartzen ari diren erakundeetako lau elkarlanean ari dira, hainbat kasu pedagogiko prestatzen eta praktika pedagogikoei buruzko gogoeta egiteko foro bat antolatzen. Zehazki, lau hauek dira erakundeak: Donostia 2016, Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, San Telmo Museoa eta Koldo Mitxelena Kulturunea.

Historiako une ezberdinetan hezkuntzaren arloan bakea nola landu den erakusten duten 21 ariketa eta praktika oinarritzat hartuz, hainbat kasu aukeratu dituzte, eta kasu horiek «eguneratzen» saiatuko dira; hau da, talde zein kolektibo batzuen artean ariketa horiek lantzen.  Nolabaiteko jarraipena emateko eta ekarpen bat egiteko asmoz sortu dute erakundeok praktika artistikoen eta pedagogiaren inguruan elkartzeko eta gogoeta egiteko foroa.

Bi gune horiek bisitaldi gidatuak antolatuko dituzte, eta hilean bitan, asteartearekin, ibilaldia egingo dute, San Telmo Museotik Koldo Mitxelena Kulturunera arte.

Argitalpenak

«1516-2016. Bake-itunak» erakusketa dela eta, Bake-ituna proiektuaren garapena azaltzen duen liburu-katalogo mardul bat emango da argitara. Halaber, erakusketaren muina biltzen duten gida bat eta liburuxka triptiko bat –lau hizkuntzatan– kaleratuko dira.

Informazio praktikoa

Erakusketa ekainaren 17an inauguratuko da, baina ekainaren 18an zabalduko ditu ateak publiko orokorrarentzat, 2016ko urriaren 2ra arte.

San Telmo Museoa (Zuloaga plaza 1, Donostia) asteartetik igandera bitartean egoten da irekita, 10:00etatik 20:00etara; astelehenetan, berriz, itxita egoten da. Museorako sarrera arruntaren prezioa 6 eurokoa da, eta sarrera murriztuarena 3 eurokoa; astearteetan, doakoa izango da.

Erakusketa hau dela eta, Koldo Mitxelena Kulturuneak (Urdaneta kalea 9, Donostia) ohi baino ordutegi zabalagoa izango du, San Telmo Museoak duenarekin bat etor dadin. Kulturuneko espazio horretarako sarrera doakoa izango da egunero.

 

 

  

1561