Uholdeek kaltetutako herrietako alkateekin bildu da Aldundia
Uholdeek kaltetutako herrietako alkateekin bildu da Aldundia
Gaurko bileran euri jasen ondorioen larritasuna egiaztatu dugu 24 udalerri kaltetu direlarik

Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosa eta Goierriko udalerrietako alkateekin izandako bilerari buruz berri eman du. Ostiral gaueko euriteek kalte handiak eragin baitituzte udalerri hauetan batez ere bide publikoan, errepideetan, etxebizitzetan, garajeetan enpresa eta dendetan. Batzar horretan parte hartu dute, foru erakundearen aldetik, Eider Mendoza diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio lehen diputatu nagusi ordea eta jasangarritasuneko diputatuak, Irune Berasaluze foru bozeramaile eta Gobernantzako diputatuak, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Orekako diputatuak. Udal ordezkari gisa, berriz, Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Elduain, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Larraul, Lazkao, Lizartza, Orendain eta Tolosako alkateek eta teknikariek parte hartu dute. Alde guztiek batera ebaluatu dute kalte materialen norainokoa, horiek konpontzeko neurriak abian jartzeko eta herritarrei laguntzeko, “normaltasuna berreskuratu ahal izan dezaten”, adierazi du Berasaluzek.
“Gaurko bileran euri jasen ondorioen larritasuna egiaztatu dugu 24 udalerri kaltetu direlarik”, adierazi du Berasaluzek. Guztira, hogei bat enpresetan ere kalteak izan dira batez ere Alegiko, Amezketako eta Ikaztegietako industrialdeetan. Gainera, 53 gorabehera izan dira errepideetan euriteen ondorioz, eta ostiraletik igandera bitartean suhiltzaileen 190 abisu inguru artatu dira, batez ere uholdeekin, galtzadako urarekin eta lur-jausiekin lotuta.
Foru bozeramaileak gaineratu duenez, Foru Aldundiak ekainaren 13tik 14rako gauean “guztira 42 suhiltzaile eta agintari mobilizatu zituen Oria (Tolosa), Goierri (Ordizia), Korosti (Legazpi), Urola (Azpeitia), Kosta (Zarautz) eta Bidasoako (Irun) parkeetan, jasotako abisu guztiei erantzuteko”. Bestalde, eta garbiketa lanetan aurrera egiteko eta edozein larrialdi artatzeko, “40 suhiltzaile eta 10 ibilgailu baino gehiago mobilizatu dira larunbatean eta igandean, bereziki kaltetutako eremuetan (Tolosa) eta Goierrin (Ordizia) eta beste parke batzuetan, erabilgarritasunaren arabera”.
Berasaluzeren hitzetan, “larunbateko lehentasuna izan zen giza galerarik egon ez zela egiaztatzea eta sarbideak erraztea, kaltetutako errepideak berriro irekiz, Gaintza eta Altzo Azpi salbuespenekin izan ezik, horiek igande eguerdian ireki ahal izan baitziren, bide guztiak irekita, A-15 errepidea barne, aurreikusitako ordutegia baino lehen berriro ireki ahal izan baitzen azken hau. Puntu honetan, foru diputatuak adierazi du 50 jarduketa baino gehiago egin zirela 18 errepidetan, eremuko 25 udalerri baino gehiagotara irisgarritasuna modu seguruan bermatzeko. Lan hauetan, besteak beste, errepide arloko 71 profesionalek baino gehiagok parte hartu dute. “Kaltetutako bide-sarea % 100 berrezarri zen 72 ordu baino gutxiagoan, lur-jausi guztiak garbi zeudela”. Berasaluzek gaineratu duenez, “orain egonkortze-lanak eta eremu horietako bide-segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egingo dira”.
Berasaluzek, azkenik, eskerrak eman dizkie pertsona guztiei: suhiltzaileei, errepideetako teknikariei, bide segurtasuneko agenteei, boluntarioei, udalerri horietako bizilagunei eta lan egitera hurbiltzeko eta esku bat emateko eragozpenik izan ez duten guztiei. “Gipuzkoak berriro ere erakutsi du lurralde solidarioa dela, eta une zailenetan lagun hurkoari laguntzeko laguntza emateko zalantzarik ez duten pertsonen komunitate sendoa duela”.
Ildo horretan, Berasaluzek, ere gaur egindako erakunde arteko bileran guztiek adierazi duten asmo ona eta elkarlanerako gogoa azpimarratu du, non “laguntzeko eta uholde horien ondorioak arintzeko beharrezkoak diren neurriak lehenbailehen aktibatzeko borondate argia erakutsi den”.
Gaur goizean izandako topaketaren ondorioz, hiru lan eremu lehenetsi dira. Alde batetik, dagoeneko ireki diren errepideak eta bidegorriak garbitzeko lan egingo da, baina txukuntzea falta da, uholdeen hondarrak ezabatuz. Bigarrenik, kaltetutako hogei enpresen kalteak ebaluatuko dira. Berasaluzek puntu horretan nabarmendu duenez, “Ezkio, Gabiria eta Ormaiztegiko uholdeetan egin zen bezala, eskualdeko garapen agentziekin batera lanean ari gara kaltetutako enpresei laguntzeko”, helburua da behar dituzten baliabide teknikoekin laguntzea, jarduerari normaltasunez ekiteko. Azkenik, baserribideei eta ur-kanalizazioei dagokienez, baserrietako sarbideetan izandako kalteak kuantifikatuko dira, Partzuergorako txosten teknikoak egiteko eta Etorlurrekin batera egin daitezkeen jarduerak baloratzeko.
Elkar-EKIN Lanean: 400.000 euro migratzaileak kontratatzen dituzten enpresentzat
Foru Aldundiko bozeramaileak hitz egiten jarraitu du gaur goizean Foru Jauregian egindako Gobernu Kontseiluan hartutako azken erabakien berri emateko. Horrela, Elkar-EKIN Lanean programaren ibilbideetan parte hartu duten migratzaileak kontratatzeko enpresei zuzendutako laguntzen deialdi berri bat irekiko dela iragarri du Berasaluzek. Hain zuzen, Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman dio gaur goizean 400.000 euroko zuzkidurari 2025eko ekitaldirako, Gipuzkoan enplegu inklusiboarekiko konpromisoa indartzeko.
Elkar-EKIN Lanean lankidetzazko gobernantzan oinarritutako ekimena da lurraldeko eskualdeetan enplegu ekosistema indartzea du helburu, erakunde publikoen, eragile sozialen, ekonomikoen eta hezkuntza arlokoen arteko lankidetzaren bidez. "Ez dago garapen ekonomiko aurreraturik kohesio sozialik gabe. Elkar-EKIN Lanean estrategiak erakusten du posible dela kalitatezko enplegua sortzea gehien behar dutenentzat, aukera errealak eta inklusiboak sortuz eta Gipuzkoak justizia sozialarekin duen konpromisoa eta, aldi berean, lehiakortasuna indartuz ", azpimarratu du Berasaluzek.
Bozeramaileak programaren funtsezko emaitza batzuk nabarmendu ditu. 2022-2024 aldian, Elkar-EKIN Lanean-ek aukera eman du bazterketa arriskuan dauden 1.185 pertsonak enplegu bat lortzeko. Aldi horretan bertan, 6 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa izan zuen, lurraldeko 19 sektore estrategikotan gizarteratzea eta laneratzea bultzatuz. Era berean, 2016an abian jarri zenetik, Elkar-EKIN Lanean-ek 6.511 lanpostu sortu ditu guztira, urtean batez beste 723 enplegu sortuta. Gainera, Berasaluzek positibotzat jo du lurraldeko enpresa sare inklusiboaren hazkundea: "Gipuzkoako gizarteratze enpresen kopurua 5etik 8ra igaro da, eta horrek hazten ari den ekosistema inklusibo baten sendotzea islatzen du".
Zerga-bilketa
Gipuzkoako zerga bilketa metatuak % 9,1eko hazkundea izan du aurreko urtearen aldean. Guztira 2.050 milioi euro bildu dira maiatzera arte, 2024ko aldi berean baino 171 milioi gehiago. Sarrera gordinak % 8,7 igo dira eta itzulketak % 7,6. Zuzeneko zergen bilketa % 4,3 igo da, zeharkako zergena % 10.0 eta Estatuarekiko doikuntzena % 41,7.
Maiatzera arteko bilakaera positiboa esplikatzen du, alde batetik, sarrerek ondoko kontzeptuetan izandako hazkundeak: lan atxikipenak, BEZagatik Estatuarekin egiten diren doikuntzak, BEZa eta kapital higikorraren etekinen atxikipenak. Bestalde, maiatzera arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketak eta BEZaren itzulketak handitu direla.
Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 5,8 igo dira, hau da, 57,2 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren itzulketak 35,3 milioi hazi dira. Kontuan izan behar da kanpainako diru-sarrerak uztailean eta azaroan kontabilizatzen direla, eta kanpainako itzulketa gehienak apirila eta ekaina bitartean egiten direla. Osagai guztiak kontuan hartuta, PFEZaren zerga-bilketa garbiak 2,6 egin du gora, hau da, 21,1 milioiko igoera.
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak ia ez dira aldatu 2024ko aldi berarekin alderatuta. Kontuan izan behar da kanpainako diru-sarrerak abuztuan kontabilizatuko direla, eta kanpainako itzulketa-eskaerak urtearen amaieran gauzatzen direla. Era berean, ordainketa zatikatuak maiatzean, azaroan eta abenduan kontabilizatuko dira.
Kudeaketa propioko BEZaren bilketa metatua, berriz, % 8,8 hazi da, hau da, bilketa 50,4 milioi euro gehiago bildu da. Gipuzkoako lurraldeko sarrerak 68,0 milioi euro igo dira (+%8,7), itzulketak 28,8 milioi euro (+%9,4) eta lurraldeen arteko doikuntzak 11,2 milioi (+%11,9).
Zerga berezien kasuan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 14,5 hazi da, hau da, 6,8 milioi gehiago. Era berean, elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 161,4 igo da, hau da, 6,5 milioiko igoera aurreko urtearekin alderatuta, iazko arau aldaketengatik.
Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzei dagokienez, bilketa metatua, aurreko urtearekin alderatuta, 43,4 milioi hazi da BEZean, eta 7,0 milioi hobetu zerga berezietan. Estatuarekiko doikuntzetatik honako hauek nabarmendu behar dira: inportazioen BEZagatiko doikuntzaren igoera 34,3 milioitan eta hidrokarburoen doikuntzagatik aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoaren jaitsiera 17,2 milioitan.
UIK, Uda Ikastaro berriak
Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurten ere, parte hartuko du Donostiako Miramar Jauregian egingo diren udako ikastaroetan. Parte-hartzea bi arlotan zentratuko da: batetik, zaintzen inguruko berrikuntza eta gizarte-partaidetza; eta bestetik, arlo fiskalaren digitalizazioa eta horrek zergadunei ekar diezazkiekeen onurak.
Batetik, Esperientziaren ahotsak izenburupean, ekainaren 24an eta 25ean egingo da Uda Ikastaro bat. Hirugarren edizio honetan, jasotzen dituzten zerbitzuen aukeraketan eta diseinuan pertsonen parte-hartze eraginkorra sustatu nahi da, batez ere laguntza gehien behar dutenena. Berasaluzek azpimarratu duenez, "ikastaroa espazio irekia da, entzute aktiboa eta esperientzia inspiratzaileak konbinatzen dituena, parte hartzea erraztuz. Bereziki gomendatzen diegu ikastaro hau alor horretan lan egiten duten edo interesa duten pertsonei, bai herritarrei oro har, bai profesionalei eta elkarte zein antolakundeei.
Berasaluzek azpimarratu duenez, ikastaro honek Topagune formatua du, "eta horrek esan nahi du parte hartze gogoetatsu eta aberasgarria sustatuko dela". Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Zaintza eta Gizarte Politiketako departamentuek elkarrekin antolatzen dute ikastaro hau.
Uztailaren 9an, Zaintzako Tokiko Ekosistemak: komunitatea, lurraldea eta berrikuntza ikastaroa egingo da, Zaintza HerriLab estrategiaren barruan Gipuzkoan garatutako esperientzia zehatzak erakusteko. Ikastaro honetan zaintzari buruzko berrikuntza komunitarioaren adibide praktikoak azalduko dira, iraupen luzeko zainketen arloko nazioarteko adituen ekarpenekin konbinatuta.
Uztailaren 17an, berriz, fiskalitate berritzaileari buruzko ikastaroa egingo da: digitalizazioaren erronkak, ekonomia eta fiskalitatea bizitzen ari diren digitalizazio prozesua lantzeko, eta faktore horrek iruzur fiskalaren aurkako borrokan, zerga izapideak errazteko eta politika fiskalak unean uneko behar sozialetara egokitzeko duen eragin positiboa aztertzeko.
Halaber, Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen esparruan, Baionako Cité des Arts-ek gogoeta jardunaldi bat hartuko du ekainaren 30ean, landa inguruneak pertsonen ongizate integralari egiten dion ekarpena ardatz hartuta, lurralde oreka berdearen eta gizarte politiken ikuspegitik. Iparraldeko eta Hegoaldeko adituek eta eragileek, unibertsitate eremutik, lehen sektoretik eta erakundeetatik datozenek, landa ingurunearen egungo testuinguruari buruzko ezagutzak eta ikuspegiak partekatuko dituzte, baita ingurune horrek eskaintzen dituen aukerak ere. Topaketak ekintzailetzaren, prestakuntzaren, zainketen, gizarte politiken eta lurralde kudeaketa jasangarriaren ereduen bidez landa eremu hauen balioa handitzeko eta biziberritzeko gakoetan jarriko du arreta.
Ikastaro hauek Foru Aldundiaren apustu garbia dira, laguntza sistemak indartzeko, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta kudeaketa berritzaileago baterantz aurrera egiteko, pertsonen benetako beharrizanetatik hurbil, herritarren eta Gipuzkoako lurraldearen ongizate integralaren mesedetan.
Sexu erasoak
Donostian salatutako azken bi sexu erasoaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzespen irmoena adierazi nahi du eta bere elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die eraso horien biktimei, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei. Gisa horretan, foru erakundeak bat egiten du Donostiako Udalak argitara emandako erakunde adierazpenarekin eta Nerea Isasi Berdintasuneko foru zuzendariak parte hartuko du 12:00etan Alderdi Ederren egingo den gaitzespen kontzentrazioan.
Halaber, Aldundiak nabarmendu nahi du halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dagoela, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Gizon eta emakumeen berdintasuna, emakumeen duintasuna, integritate fisikoa eta sexu askatasuna eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka doazen jarrerek ez dute lekurik gure gizartean.
Aldundiak dei egin die herritarrei emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean bere gaitzespena adierazteko eta konprometituta jarraitzeko.
3807