Breadcrumb

Asset Publisher

Back Unibertsitateekin elkarlana berritu da 'Etorkizuna Eraikiz'-en

Unibertsitateekin elkarlana berritu da 'Etorkizuna Eraikiz'-en

Jarraitzeko hitzarmena berritu dute UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Tecnunek

2018/02/12

“Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez, eta gizartearekin elkarlanean, etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzea jarri dugu helburu. Prozesu honetan, ezinbestekoa da gure lurraldeko jakintza guneen ekarpena”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, hitz hauek erabili ditu Aldundiak lurraldeko lau unibertsitaterekin duen hitzarmena berritzeak duen garrantzia azpimarratzeko. Akordio honi esker, UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Tecnunek lanean jarraituko dute Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, ikerketa, azterketa eta dibulgazio jardueretan.

            Unibertsitateek gaur goizean foru Jauregian egin den ekitaldi batetan berritu dute hitzarmena. Bileran egon dira, Foru Aldundia ordezkatzen, Markel Olano diputatu nagusia; Imanol Lasa, foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua; Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatua; eta Sebas Zurutuza, Kudeaketa Estrategiako zuzendaria. Unibertsitateen aldetik, Nekane Balluerka errektoreak eta Agustin Erkizia Gipuzkoako errektoreordeak ordezkatu dute UPV/EHU; Deustu Unibertsitatetik, Jose Mª Guibert errektorea eta José Antonio Rodríguez Ranz errektoreordeak hartu dute parte; Mondragon Unibertsitatetik, Vicente Atxa errektorea eta Jon Altuna errektoreordea bertaratu dira; eta, azkenik, Tecnuneko Raul Anton zuzendaria eta José María Sarriegi zuzendariordea ere bileran izan dira.

            Akordioak bi urteko iraupena izango du, eta Foru Aldundiak 1,2 milioi euro bideratuko ditu bertara. “Elkarlaneko gobernantza Etorkizuna Eraikiz ekimenaren ezaugarri nagusietakoa da; hau da, egiten duguna, denon artean egiten dugu”, gogoratu du diputatu nagusiak. Horrela, nabarmendu du akordio honi esker, Aldundia eta unibertsitateen bideek bat egiten dutela lurraldearen aldeko lanean, orain arteko egindako lana goraipatuz. Azaldu duenez, jakintza guneen ekarpena funtsezkoa izan da hainbat esperientzia piloturen garapenean, eta elkarlanak honek etorkizunean ere fruituak ematen jarraituko duela azpimarratu du.

 

UPV/EHU

UPV/EHUren kasuan, euren lana elektromugikortasuna edota zibersegurtasuna bezalako alorretan gauzatuko da. Horrela, besteak beste, elektromugikortasun eta energia eraginkortasuneko esperimentazio poloan hartuko du parte; zibersegurtasunari buruzko gela bat jarriko du abian bere Informatika Fakultatean; enpresa proiektuak sortu eta bultzatzeko unitatea eratuko du; lurraldearentzako gizarte eredu baten diseinuan eta garapenean lagungarri izan daitezkeen proiektuetan parte hartuko du; eta heziketa dualaren aldeko apostu irmoa egingo du.

            Nekane Balluerka errektoreak eskertu egin du Foru Aldundiaren konfiantza. Azaldu duenez, “era aktiboan ari gara parte hartzen Etorkizuna Eraikiz ekimenean, eta akordio berri onek gure konpromisoa indartzen du. 2018rako bederatzi lan lerro finkatzen ditu, osasuna, zibersegutasuna, energia, gizarte inklusioa, herri ekimenak, zahartze osasungarria, enpresen sorkuntza… bezalako esparruetan. Unibertsitate publikoa gara eta, izaera horri jarraiki, euskal gizartearekin kualifikazio handiko konpromisoa dugu, ekimen ezberdinetan gauzatzen dena. Hauen artean dago Gipuzkoaren garapenerako lankidetza estrategikoa”.

 

Deustuko Unibertsitatea

Deustuko Unibertsitateak, bere aldetik, Bizilagun Sareak eta Elkar-Ekin bezalako proiektuen garapenean jarraituko du lanean. Gainera, hirugarren sektoreko proiektu berritzaileetan hasiko da lan egiten, eta parte hartuko du Pasaian kokatuko den adinduen harretan erreferentziazko zentro izango denaren proiektuan.

            Unibertsitateko errektorek, José María Guibertek, Etorkizuna Eraikiz proiektuak duen elkarlan publiko-pribatuaren filosofia nabarmendu du, bereziki hirugarren sektorea eta gizarte zerbitzuen esparruan, biak ere oso garrantzitsuak baitira lurrladearen etorkizunerako. Azpimarratu duenez, Deustok konpromisoa eta ekarpenak egiteko prestutasun osoa du aipatutako alorretan, bereziki bere Gizarte Laneko departamentuak, bai goi mailako heziketan zein ikerketan eta dibulgazioan.

 

Mondragon Unibertsitatea

Mondragon Unibertsitateak, bere aldetik, lanean jarraituko du langileen partaidetzari lotutako ekimenetan. Alor honetan, behatokia jarriko du martxan, ikerketetan zehar lortzen diren emaitza eta ondorioekin Aldundiaren politika publikoak ondo enfokatzen lagunduko duena. Gainera, kooperatibek egungo gizartean jokatzen duten papera aztertuko du, eta baita Etorkizuna Eraikiz programaren esperientzia pilotuen jarduteko modua ere, hauen eraginkortasuna hobetzea xede.

            Vicente Atxa errektoreak azaldu duenez, “Mondragon Unibertsitatea bat dator Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Etorkizuna Eraikiz-en helburuekin: Gipuzkoa lehiakorrago eta iraunkorrago bat garatzea eta Gipuzkoak bere erronkei aurre egiteko duen gaitasuna sendotzea”. Adierazi duenez, proiektuak identifikatu dituen erronkak bete ahal izateko “ezinbestekoa da enpresetan eta gure erakundeetan pertsonen konpromiso eta parte-hartzea indartzea”. Azkenik, errektoreak nabarmendu du unibertsitateak “bere egiten dituela Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektu estrategiko guztiak, bereziki, energia eta mugikortasun jasangarria, zibersegurtasuna, langileen partaidetza enpresan, euskarazko ikus-entzunezko edukiak eta 4.0 gastronomia”.

 

Tecnun

Azkenik, Tecnun unibertsitateak zibersegurtasuna, elektromugikortasuna eta ekintzailetzaren alorretan egingo du lan. Zehazki, zibersegurtasun arloan auto-diagnosia egitea ahalbidetuko duen erreminta garatuko du, lurraldeko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta. Honekin batera, ibilgailuetako motor elektriko independenteak kontrolatzeko balioko duen algoritmo baten garapenean ere egingo du lan.

            Tecnuneko zuzendariak, Raul Antonek, zuzentzen duen erakundeak Gipuzkoarekin duen konpromisoa berretsi du. “50 urte baino gehiago dira Donostian gaudela, gure ikasleen %60 inguru gipuzkoarrak dira eta gaur egun Tecnunen ikasi duten 5.000 ingeniari inguru daude Gipuzkoan lanean, punta puntako enpresetan. Hitzarmen honen sinadurarekin, Aldundiaren eta Tecnunen artek elkarlana lurraldearen garapenerako funtsezkoak izango diren teknologietara bideratzen da”. Horrela, gogoratu du zibersegurtasuna, ekintzailetza eta elektromugikortasuna bezalako alorretan egingo duela  lan. Proiektu izarra, bere ustetan, Formula Student elektrikoa taldea izango da, Tecnun e-Racing izenekoa.

  

1353