Urpeko arkeologiaren aurkikuntza aparta Pasaiako badian: Armada Handiko kapitain izan zen Santa Ana naoaren gila izan daitekeena (I588)
Urpeko arkeologiaren aurkikuntza aparta Pasaiako badian: Armada Handiko kapitain izan zen Santa Ana naoaren gila izan daitekeena (I588)
Urpeko arkeologiaren aurkikuntza aparta Pasaiako badian: Armada Handiko kapitain izan zen Santa Ana naoaren gila izan daitekeena (I588)
Mari Jose Telleria, Kultura zuzendaria: «Aurkikuntza honek berresten du Gipuzkoako kostaldeak, bertako badia babestu eta estuarioekin, potentzial arkeologiko handia duela. Organismo guztiek elkarrekin lanean jarraituko dugu haien ondare-balioa babesteko eta zabaltzeko».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak gaur aurkeztu ditu, prentsaurrekoan, Pasaiako badian 2021etik hona egin den urpeko arkeologiari buruzko azterlanaren emaitzak. Ikerketa-lan sistematiko horrek urpeko zenbait aztarna garrantzitsu ekarri dizkigu; baliteke, izan ere, Santa Ana ontzi-legendarioaren zati bat identifikatu izana. Santa Ana Pasaian eraiki zuten, 1586an. Felipe II.ak Armada Handia bidali zuenean Ingalaterra konkistatu eta katolizismoa ezartzeko asmoarekin, nao hori bertan izan zen oso rol garrantzitsuarekin.
Mari Jose Telleria Kulturako zuzendariak alboan izan ditu Javier Díez de Rivera, Donostiako itsas komandantea –erakundeen arteko lankidetza instituzionala sustatzen duena–, Mertxe Urteaga foru arkeologoa, Ángel Lozano itsas komandanteordea eta Mikel Arrieta Pasaiako Blas de Lezo Lanbide Hezkuntzako Ikastetxeko zuzendaritza-taldeko kidea.
2021 eta 2022 artean egindako kanpaina arkeologikoetan, XVII. mendeko bi ontzi-hondakin aurkitu ziren, eta, duela gutxi, maiatzean egindako azken kanpainan, ontzi-hondakin baten egituraren zati bat. Hor, gila nabarmendu behar da, 4 metroko luzera duena. Eraikuntzako bi haritz-pieza datatu ahal izan dira Karbono 14aren bidez. Metodo horri esker, itsasontzia XVI. mendearen bigarren erdian kokatu ahal izan da. Aldi berean, artilleriako harrizko zazpi bolaino berreskuratu dira, 20 cm inguruko kalibrekoak. Hori guztia Pasaiako kanal nagusiaren eremuan aurkitu da, 12 metroko sakoneran. Horretarako, segurtasun-protokolo oso zorrotzak eta urpean esku hartzeko logistika arretatsu bat behar izan dira.
"Pasaiako badia benetako urpeko aztarnategi arkeologiko bat da. Orain arte aurkitu dugunak –eta hastapenetan baino ez gaude– ondare-potentzial izugarri bat berresten du", azpimarratu du Telleriak.
Hipotesi historiko bat: Santa Anaren arrastoak
Berreskuratutako pieza garrantzitsuena –lohian murgildutako gila-oinarriaren egitura bat– Santa Ana ontziarena izan liteke, zeina Miguel de Oquendo kapitain nagusiaren jabetzakoa baitzen. Ontzia Pasaian eraiki zuten, eta 1588ko Felipe II.ak Ingalaterra konkistatzera bidali zuen Armada Handiko kapitaina izan zen. Portura itzuli zen, baina istripu bat bat izan eta lehertu egin zen bolbora deskargatzen ari zela. Dozenaka heriotza eragin zituen. «Hipotesi horren gainean lan egiten dugu, eta, hala balitz, aparteko dimentsio historiko baten aurkikuntza baten aurrean egongo ginateke», gaineratu du Mertxe Urteaga foru arkeologoak.
Erakundeen arteko lankidetza eta bikaintasuna ikerketan
Proiektu hau Pasaiako badian eskumenak dituzten lau erakunderen arteko lankidetzari esker lortu da: Gipuzkoako Foru Aldundia, Portu Agintaritza, Itsas Kapitaintza eta Itsas Komandantzia. «Guztion arteko koordinazioa funtsezkoa izan da ikerketa- eta berreskuratze-faseak arrakastaz lantzeko», azpimarratu du Javier Díez de Riverak.
Orobat parte hartu dute Blas de Lezo ikastetxeak –Joseba Alberdi eta Francisco Javier Sánchez Cacace irakasleak buzo gisa jardun dute eta praktiketako ikasleak integratu dituzte– eta Armadak, alboko ekorketako sonarrez hornitutako fragata bat zabaldu eta kanalaren prospekzio geofisikoa egin baitu, zeinari esker ontzi-hondakinekin bateragarriak diren anomaliak hauteman ahal izan baitira.
Lan horri amaiera emateko, Mari Jose Telleria zuzendariak iragarri du datorren urtean Gipuzkoako itsasertzeko urpeko ondare arkeologikoari buruzko erakusketa monografiko bat zabalduko dela Donostiako Itsas Museoan. "Getarian, Hondarribian, Donostian eta Pasaian berreskuratutako ehun pieza inguru erakutsiko ditugu. Aingurak, poleak eta objektu pertsonalak… baita ontzi-egiturak ere. Bildumak erromatar eta antzinaroko garaikoak izango dira, baita Erdi Arokoak eta Aro Modernokoak, XIX. mendera artekoak, ere. Gure lurraldeko itsas iraganaren begirada oso bat izango da, zorrotza eta liluragarria", adierazi du Telleriak.
«Erakusketak Orioko ontzi-hondarrak, Getariako Iturritxikiko urka flamenkoaren aurkikuntza batzuk, Ondarretako ontzi-hondarra, Pasaiako XVII. mendeko poleen bilduma zabal bat eta XVIII. eta XIX. mendeetako beste aztarna batzuk hartuko ditu. Aztarna horiek oraindik ere ezkutaturik dagoen itsas historiaren berri ematen dute, baina gero eta agerikoagoa da ikerketa-lanari esker eta Aldundiak ondare hori babesteko eta zabaltzeko egindako apustuari esker», amaitu du.
7523