Volkswagenek MUBIL bisitatu du mugikortasun jasangarrirako lankidetza aukerak aztertzeko
Volkswagenek MUBIL bisitatu du mugikortasun jasangarrirako lankidetza aukerak aztertzeko
Jardunaldi horrek industriaren eta etorkizuneko mugikortasunerako berrikuntza zentroen arteko lankidetza indartuko du.

Nafarroako Volkswagen lantokiko kalitate departamentuko kideek bisita pribatua egin dute gaur MUBIL mugikortasun adimendun eta jasangarriko Europako erreferentziako zentrora, gaitasun teknologikoak eta testatzekoak ezagutzeko eta lankidetza bideak aztertzeko.
Kalitate arloko 54 profesional izan dira bertan, eta MUBILeko instalazioetan barrena ibili dira Unai Andueza MUBILeko presidente eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Guillermo Alonso SODENA inbertsiotako zuzendariak eta Igor Villarreal zentroko zuzendari nagusiak lagunduta.
Bisitan zehar, taldeak MUBILen lankidetza-aukerak eta baliabide teknologikoak aztertu ahal izan ditu; MUBIL azpiegitura estrategikotzat eta mugikortasun jasangarriaren erreferente europarretako bat jotzen bait da. Unai Anduezaren hitzetan: “Gaur Volkswagen MUBILen egoteak erakusten du zein garrantzitsua den aliantzak sortzea industriaren eta berrikuntza zentroen artean jasangarri, lehiakor eta konektatuagoa den mugikortasun bateranzko eraldaketaren buru izateko. Gipuzkoak bazkide aktibo izan nahi du prozesu horretan, eta MUBIL funtsezko pieza da hori posible egiteko”.
MUBILen Eskuzaitzetako (Gipuzkoa) instalazioetan hiru saiakuntza laborategi daude –biltegiratze elektrikoa, trakzio elektrikoa eta hidrogeno pilak – mugikortasun jasangarrirako funtsezko teknologiak balidatzeko aukera ematen dutenak. Azpiegitura horiek, zentroko ekosistema berritzailearekin batera, ingurune aurreratua eskaintzen diete Volkswagen bezalako fabrikatzaileei, berrikuntza bultzatzeko eta sektorearen erronka teknologikoei aurre egiteko.
Volkswagenen Landabengo lantegia da Taldearen mundu mailako ekoizpen lantegi nagusienetakoa. 2024an, Nafarroako fabrikan 274.688 ibilgailu egin zituzten, Espainian funtsezko industria motor gisa finkatu zelarik. Volkswagen taldea Europan liderra da automobilgintzaren merkatuan, eta munduko bigarren fabrikatzailea, hamar markaz osatua: Volkswagen, SEAT, Audi, Škoda, Bentley, CUPRA, Lamborghini, Porsche, Ducati eta Volkswagen Ibilgailu Komertzialak.
Lantegia berrikuntzaren, kalitatearen eta egokitzapen teknologikorako gaitasunaren aldeko apustuagatik nabarmentzen da. Elementu horiek funtsezkoak dira sektorea elektrifikatzeko eta eraldatzeko prozesuan, eta osagarri ezin hobea dute MUBILen testatze gaitasun aurreratuetan. Hala, Volkswageni teknologia berriak balidatzeko eta mugikortasun jasangarriko soluzioetaranzko trantsizioa bizkortzeko aukera ematen diote.
Bisita honekin, MUBILek berresten du mugikortasun adimendun eta jasangarrirako berrikuntza eta konexio polo dela. Lehen mailako azpiegitura teknologikoa automobilgintzaren industriaren egungo eta etorkizuneko beharrekin bateratu du eta fabrikatzaileentzako eta zentro teknologikoentzako lankidetza espazio estrategiko gisa finkatu da.
3354