Breadcrumb

Asset Publisher

Back Zaintzaileei jarraipena egitea eta laguntzea adostu da udalekin

Zaintzaileei jarraipena egitea eta laguntzea adostu da udalekin

Aurreikusi dute jarraipen hori 2019an hastea, familia inguruneko zaintzetarako prestazioa ekonomikoa jasotzen duten pertsonei zuzendua

2018/07/09

Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaiak gaur egin duen bileran, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako udalek, Eudel ordezkari dutela, adostu dute Foru Aldundiak eta udalek mendekotasun prestazioak jasotzen dituzten pertsonen zaintzaileen jarraipena egingo dutela eta behar duten laguntza emango dietela; guztira, 10.353 pertsona daude lurralde guztian egoera horretan. Jarraipenak familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa jasotzen duten pertsonak hartuko ditu, nahiz eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jasotzen duten pertsonak ere sar daitezkeen salbuespen gisa udalerri txikietan. Kostua urteko 632.272 euro izango da, teknikarien eta administrarien urteko lan orduak, eta lanaldi osoan ari diren pertsonen kostuak barnen direla.

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak azaldu duenez, jarraipen horren bidez «ikusi nahi dugu zer-nolako bilakaera duen mendekotasun mailak», baina, horrez gain, zaintzaile lana egiten duten inguruneko pertsonen egoera ere aztertu nahi dugu, hau da, «pertsona hori beste bat zaintzeko moduan dagoen; eta ez baldin badago, zaintzaile bat kontratatu dadin». Nolanahi ere, diputatuak ohartarazi du aurreikusi dutela gaur adostutako eredua 2019an abiaraztea, baina oraindik falta dela udalekin «xehetasun eta irizpideak lantzea».

24/2017 Foru Dekretuak, abenduaren 12koak, Gipuzkoako mendekotasuneko prestazio ekonomikoak arautzen ditu 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera. Dekretuaren 27. artikuluan arautzen da familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren titularrek jasotako zainketen kalitatearen aldian aldiko jarraipena, eta ezartzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen bitartez egingo duela jarraipen hori, betiere udalen ordezkaritzarekin nahikoa izango den finantzaketa aurretik adostuta.

 

Horrela, jarraipen lanak familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa jasotzen duten pertsonak hartuko ditu, nahiz eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jasotzen duten pertsonak ere sar daitezkeen salbuespen gisa udalerri txikietan. Diputatuak jakinarazi duenaren arabera, hilean 15.000 edo 16.000 pertsona inguruk jasotzen dituzte laguntza horiek; beraz, «ahalegin handia egiten ari gara», kontua ez baita pertsona horiengana iristea bakarrik, baizik eta «sistema iraunkorra edukitzea, etengabe gertatzen ari diren altak eta bajak kudeatzeko».  

Beste alde batetik, Peñak azaldu duenez, jarraipenaren helburua da «egiaztatzea» arretak, bizikidetzak eta etxebizitzaren bizigarritasunak «baldintza egokietan» jarraitzen dutela; «zaintzen kalitatea bermatzea, eta etorkizunean izan daitekeen arretarik eza prebenitzea». Era berean, adierazi du ez dela «baldintza administratiboen» egiaztapen huts bat, baizik eta gizarte zerbitzuak «aldian aldian hurbiltzea mendekotasuna duen pertsonaren ingurunera».

Orokorrean jarraipenaren barruan sartzen da aldizkako bisita egitea mendekotasuna duen pertsonaren etxera. Horren harira, diputatuak jakinarazi duenez, mendekotasuna duen pertsona gizarte zerbitzu formalen erabiltzailea denean, etxeko bisitaren ordez, «jarraipena egiteko beste modu batzuk aukeratu daitezke».

Akordio honen arabera, jarraipeneko jarduera bakoitza onuradunaren espedientean erregistratu behar da, eta haren emaitzarekin egoeraren egokitasuna baloratuko da: handia, ertaina edo txikia. Horrek eskatzen du udaletako gizarte zerbitzuek Foru Aldundiarekin partekatzea informazio hori, extranetean sartuta. 

Azkenik, diputatuak azpimarratu du jarraipen proposamen honen bidez, udaleko gizarte zerbitzu guztiek jarraipen sistematikoa egiteak dakarren «lan gehigarriaren» denbora balioetsi nahi dela, eta horretarako beharko litzatekeen «langile kostu» gehigarria zenbatekoa izango litzatekeen jakin. Gainera, nabarmendu du erakunde arteko lankidetza hau «aurrerapauso» bat dela, gure arreta-ereduan «pertsona erdigunean jarrita».

  

1238