Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ziur, AdinBerri eta Aldaketa Klimatikoaren fundazioak eratu ditu Foru Aldundiak

Ziur, AdinBerri eta Aldaketa Klimatikoaren fundazioak eratu ditu Foru Aldundiak

Etorkizuna Eraikiz dinamikako hiru arlo estrategikori lotutako erreferentziazko zentroak kudeatuko dituzte

2018/06/26

Adinberri, Ziur eta Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioen sorrera onartu du gaurko Diputatuen Kontseiluak, bakoitzaren estatutuekin, eta hasierako diru ekarpenarekin batera. Fundazio horien ardura nagusietako bat izango da Etorkizuna Eraikiz dinamikako hiru arlo estrategikori lotutako erreferentziazko zentroak kudeatzea: zahartzeari aurre egitea, zibersegurtasuna, eta aldaketa klimatikoaren aurkako jarduna. Era berean, eta beste hainbat eragilerekin elkarlanean, etorkizuneko hiru erronka horiei aurre egiteko estrategiak koordinatu eta zabalduko dituzte. Hori horrela, “mugarritzat” jo du Imanol Lasa foru bozeramaileak fundazioen eratzea: “Diseinu fasea amaituta, ekintza fasean sartzen gara bete-betean. Hemendik aurrera, baliabideak finkatzen hasten gara, Gipuzkoaren erronka ekonomiko eta sozialei elkarlanean, eta soluzio berritzaile eta eraldatzaileen bitartez aurre egin ahal izateko”. 

Hiru arlo estrategikoen kasuan, forma juridiko gisa, fundazioarena aukeratu da, irabazi asmorik gabeko entitateak direlako, eta behar besteko malgutasuna eskaintzen duelako hainbat erakunde, entitate eta partikularrek parte har dezaten eta lankidetzan ari daitezen, inolako zalantzarik gabe “interes orokorrekotzat eta publikokotzat” har daitekeen proiektu batean, inplikazio ekonomiko eta erabaki maila desberdinekin. Halaber, hiru fundazioetako berezko patronoak ere zehaztu dira. Aldundiak ordezkatuko ditu, eta baita Donostiako Udalak ere, Ziur-en kasuan. Edozein modutan, hiruretan, aukera aurreikusten da geroago beste eragile batzuek ere fundatzaile gisa atxikitzeko aukera izan dezaten

AdinBerri fundazioaren egitekoa, bere estatutuetan zehaztutakoaren arabera, hauxe izango da: Gipuzkoak duen potentzial berritzailea maximizatzea eta zahartze osasuntsuaren zerbitzura jartzea, sistema soziosanitario bikaina bultzatzea eta alor honetako industriaren lehiakortasuna bultzatzea. Eta xede horri begira, prestakuntza, ikerkuntza, berrikuntza, ekintzailetza eta inkubazio jarduerak egituratzea. Gipuzkoan, 55 urteko pertsonak eta urte gehiagokoak (55+), biztanleria osoaren % 35 inguru ziren, 2017an. Zahartze progresiboaren ondorioz, aurreikusten da nabarmen handituko dela mendekotasun mailaren bat duen biztanleria. Hortaz, bizi kalitatea bermatuko duen eta pertsona oinarri duen arreta eredua finkatzeko helburua ezarri du Aldundiak.

Erronka horri eman beharreko erantzuna koordinatu, eta zahartzearen eta mendekotasunaren alorrean Pasaian eraikiko den erreferentziazko zentroaren ardura hartuko du fundazioak. Urte bukaerarako espero da proiekturen erredakzioa bukatzea. Obren esleipena eta hasiera, berriz, 2019ko maiatzerako daude aurrikusita. 36 hilabete iraungo dute lanek; hori horrela, AdinBerriko instalazioak 2022. urterako erabilgarri egingo lirateke. Haatik, proiektuak lehenago emango ditu lehen urratsak, berrikuntza unitatea aurtengo udazkenean hasiko baita lanean. 

 Ziur fundazioari dagokionez, bere helburua izango da Gipuzkoako lurralde historikoak fabrikazio aurreratuaren alorrean dituen gaitasunak sendotzea, zibersegurtasun industrialean dituenak, bereziki; sektore teknologikoaren garapena bultzatzea; eta Gipuzkoako enpresek, batez ere industriaren arloko enpresek, nazioartean duten lehiakortasuna eta posizioa indartzea. Horrela, ahalbidetuko da lurraldeko enpresek erreferentzia garbi bat edukitzea, hara jotzeko Zibersegurtasunarekin zerikusia duen guztian: ikerketa, ziurtapena, kontrastea, eta zabalkundea. Izan ere, sektorea hazkunde esponentzialeko fase batean dago, bai negozio zifretan bai gorabeheretan edo erasoetan. Ziur Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa kudeatuko du fundazioak -urrian irekiko ditu ateak, Zuatzun-, eta Ekonomia Sustapeneko, Landa Eremuko eta Lurralde Orekako departamentuari atxikituko zaio.

Azkenik, Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioak lanean jardungo du  fenomeno honek dakartzan inpaktuei aurre egiteko, gaitasun instituzionala, teknikoa eta soziala sortuz, gizartearui eta ekonomia ehunari ekarpenak eginez ezagutzaren, balioaren eta aberastasunaren esparruetan, eta ekonomia berdearen testuinguruan gertatzen ari den trantsizio ekologikoa bizkortuz. Aldaketa Klimatikoaren aurkako Gipuzkoa Klima 2050 estrategia bultzatuko du, berotegi efektuko gasen isurketa murrizteko, arintzeko eta haren efektuetara egokitzeko neurriak ikertuz. 

Efizientzia energetikoaren eta garapen jasangarriaren alde arituko da fundazioa, Europar Batasunak baliabideen erabilera eraginkorrari buruz ezarritako irizpideekin, eta haren 2050an ekonomia hipokarboniko lehiakorreranzko bide orriarekin bat. Hala, Aldaketa Klimatikoko Zentro berriaren ardura bere gain hartuko du. Zubietako Ingurumen Gunean kokatuko da behin betiko, baina lehenago hasiko da lanean, urte bukaeran, oraindik zehaztu ez den kokapenean. Ingurugiro eta Lurralde Antolaketako departamentuari atxikituko zaio fundazioa.

Bizikidetza Lantzen

Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako udalei zuzendutako diru laguntzen urteko deialdia onartu du, Bizikidetza Lantzen programaren barruan proiektuak egin ditzaten. Guztira 210.000 euro banatuko dira deialdi honetan. Programa honek Aldundiaren helburu estrategikoetako bati erantzuten dio, herritarren arteko bizikidetza sendotzea eta herritarren jarrera, balio eta portaera demokratikoetan sakontzea, hain zuzen. 2016 urtearen hasieran jarri zen abian, udalerri bakoitzaren errealitatera egokitutako bake, bizikidetza eta giza eskubideen politikak sustatzeko xedez.

«Bizikidetzarako oinarriak ezartzeko ezinbestekoak dira erakundeen, udal ordezkarien eta herritar guztien inplikazioa eta partaidetza», azaldu du foru bozeramaileak. Aurtengo programan udal parte hartzaileen hausnarketak eta ekarpenak hartu dira kontuan, eta lehentasuna eman nahi zaie bizikidetza sustatzeko elkarrizketa esparruei; memoria inklusibo, demokratiko eta ez justifikatzaileari; herritarren kultura demokratikoa sendotzeari; eta giza eskubideak babestera, errespetatzera eta bermatzera zuzentzen diren proiektuei.

Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, udalak, herritarrengandik «gertuen» dauden erakundeak direnez eta gure gizartearen «aniztasuna» islatzen dutenez, «oso garrantzitsuak» dira bizikidetza espazioak eraikitzeko. Horregatik, deialdi honen bidez laguntzak emango dira, «udalek bakea betiko eta atzera bueltarik gabe sendotzen eta kultura demokratikoan sakontzen lagunduko duten proiektuak gara ditzaten, Gipuzkoako gizartean giza eskubideen ezagutza eta begirune kultura sustatuz».

2017an Gipuzkoako 23 udalerrik parte hartu zuten Bizikidetza Lantzen programan. Guztira 477.667 herritarrengana iritsi zen, hau da, Gipuzkoako biztanleriaren % 67ra. Zehazki, diru laguntza hauen bidez sentsibilitate politiko desberdinen arteko elkarrizketa eta herritarren arteko bizikidetza eta aitortza sustatzeko espazioak sortzen dira udalerrietan, gure gizartearen aniztasunarenganako begirunetik abiatuta, eta epe luzerako begiradarekin.

Espazio horiek bi mahai edo foro motatan gauzatzen dira. Bata, instituzionala. Bertan, udal bakoitzak elkarrizketarako organo, batzorde edo mahaia eratzen du, bere antolaketaren arabera erabakitzen duen moduan. Bigarren foro mota herritarrena da. Horietan, herriko biztanleek, ibilbide eta ikuspegi desberdinak izan dituztenek, eztabaida demokratikoa eta bizikidetza lantzen dute.

Bi urte bete dira programa abian jarri zenetik, eta orain hausnarketa eta ebaluazio prozesuari heldu zaio, udalei eta parte hartu duten pertsonei egindako inkestetatik abiatuta. Emaitzak «oso positiboak» izan dira. Horrela, mahai instituzionaletan parte hartu dutenen % 77,5ek uste dute tresna baliagarria izan dela, eta herritarren foroetan parte hartu dutenen % 69k, berriz, esan dute prozesuak bete dituela hasieran zituzten aurreikuspenak.  

Balantze horrek argi uzten du elkarrizketa eta akordioa sustatzea prozesu «luze eta zaila dela. Kasu askotan blokeoak eta desadostasunak daude foro horietan, karga emozional eta pertsonal handiko kontuak lantzen baitira, baina egoera horietatik ere lortu da irakurketa positiboa egitea. Garrantzitsuena bidea egitea da, udalerriz udalerri, eta zubiak eraikitzea, gure etorkizuna giza eskubideenganako errespetuaren, elkarrizketaren eta memoria inklusiboaren gainean eraikitzeko, iraganeko gertakariak berriro gertatzea saihesteko helburuarekin. Gipuzkoa izan da indarkeriak gehien jo duen lurraldea. Ezin konta ahala zauri ireki zituen. Eta orain aitzindaria izan behar du etapa hori ixterakoan ere», esan du bozeramaileak.

Dirulaguntza deialdiaz gain, Aldundiak mikroproiektuak abian jartzeko finantzazioa eskainiko die deialdian sartzen ez diren edo horrelako planak ez dituzten udalerri txikiei. Gainera, esperimentazio proiektuei ere zabalduko zaie atea.
  

1308