Erakundearen Zuzentasun Sistema
Gipuzkoa Eredugarri bat egiten
Gai publikoak kudeatzeko zintzotasuna beti izan da gure lurraldearen eta herriaren izaeraren parte. Globalizazioa eta lehiakortasuna hain presente dauden honetan, gure izaeraren ezaugarri diren seriotasuna, zintzotasuna eta lanarekiko ardura are gehiago sustatu behar dira.
Horretan sinesten dugulako, Gipuzkoako Foru Aldundiak Erakundearen Zuzentasun Sistema aurkezten du, horren bidez geureak ditugun etika publikoa eta eredugarritasuna bermatu eta Gipuzkoa eredugarri bat eraikitzeko asmoz.
Zuzentasun Sistema bat eratzearen helburua arduradun eta langile publikoen artean beraien funtzio publikoen jardueran zuzentasun kultura bat garatu eta bultzatzea da, baita foru zerbitzu publikoak hornitzen dituzten entitateen artean ere, horrela infraestruktura etiko eraginkorra lortuz. Hori dela eta, ez bakarrik jardunbide kode ezberdinak baizik eta erakundearen zuzentasunaren prebentzio eta difusio sistemak eta berme, jarraipen eta ebaluaketa tresnak ere aurreikusten dira.
Kodea ez delako aplikatzeko eskakizunik eta ondorio praktikorik gabeko printzipio formulazio soila, aldi berean, berme organo gisa, erakundearen etika batzorde bat eratzen da, batzorde hori kodea betearazteaz arduratuko delarik. Batzordearen izaera independentea bermatuta dago, hitza eta botoa duten bost kideetatik hiru kanpokoak izango baitira (gure inguruan ohiz kanpokoa dena); esperientzia eta prestigio aitortua duten pertsonak izango dira, gainera, eta independentzia funtzionala eta erabateko autonomia izango dute, bai ofizioz jarduteko, bai eta kexa edo salaketa bati erantzunez jarduteko ere. Sistemak ez du soilik dimentsio etikoa hartzen; bideratuta dago, halaber, herritarrentzako zerbitzuen mesedetan Aldundiaren errendimendua hobetuko duten kudeaketako praktika onak garatzera: esaterako, informazio publikoaren inguruko eskariei erantzun azkar eta eraginkorra ematen zaiela bermatzea, euskararen erabilera bereziki zaintzea, informazio publikoaren berrerabilera sustatzea, desburokratizazioa edo prozedura eta tramiteak erraztea, eta sareko lana egitea. Ez genuke autokonplazentzian erori nahi. Urrats garrantzitsua egin dugu, bere xumean. Baina zuzentasunaren aldeko borroka prozesu jarraitua da, etenik gabea: egun jakin batean abiarazten bada ere, ez du amaiera-datarik. Ez dugu etika kosmetika balitz bezala saldu nahi; etika etengabe hobetuko duen prozesu bat abiarazi nahi dugu, Aldundiaren parte garen guztion eguneroko jarduna oinarri hartuta.