Back

Myriam Perez Cazabon: “Mugimenduak garrantzia handia du filmean”

Myriam Perez Cazabon: “Mugimenduak garrantzia handia du filmean”

Gipuzkoako Dantzagunean prestatu zituzten Akelarre filmeko koreografiak 2019ko udaberrian. Myriam Perez Cazabonek sortu eta gidatu zituen Leire Otamendi dantzariarekin batera. Pablo Agüerok zuzendutako filmaren arrakastak -aretoetan 50.000 ikusle baino gehiago, eta Goya Sarietarako bederatzi izendapen jasota- aitortza Hondarribiko koreografoaren lanari aitortza eta sona ekarri dizkio. Gipuzkoako Dantzagunean zenbait proiektutan aritzen da Perez Cazabon, eta atseden-tarte batean harekin hitz egin dugu.

-ren irudia Myriam Perez Cazabon: “Mugimenduak garrantzia handia du filmean”

Filmaren arduradunak Maite Arroitajauregi Mursegoren bidez jarri ziren harremanetan Perez Cazabonekin, “Maite eta biok aurretik elkarrekin lan egindakoak ginen, eta nire izena eman zien. Elkarrizketa baten ostean jaso nuen filmerako koreografiak prestatzeko gonbidapena.”

Gipuzkoako Dantzagunean sortu zituen koreografiak 2019ko udaberrian, eta grabazioak udan egin zituzten. Bi eszena lantzeko eskatu zioten: “nesken arteko festa, eta amaierako akelarrea. Sormen prozesua Maitek abiatu zuen, kantuekin. Aktoreek kantatu eta dantzatu egin behar zuten, eta aurretik lan handia zegoela ikusita, Leire Otamendi dantzariari deitu nion, prestaketan laguntzeko.”

Dantza garaikidearekin egin nahi zituen eszenak Pablo Agüerok, eta “era berean kutsu herrikoia eman nahi zion, zehazki euskal dantza sartu gabe. Maitek zenbait kulturatako erreferentziak bidali zizkidan: arabiarrak, tarantak… dantzaren ikuspegitik, guztiek zituzten koreografia zirkularrak eta mugimendun errepikakorrak. Hortik jotzea erabaki genuen. Besoen mugimenduei ere eman zien arreta zuzendariak, eta horretarako gaur egungo bideoklipak baliatu genituen.

Emaitzarekin “oso pozik geratu ginen, estreinaldiaren aurretik ikusi genuenean. Urduri geunden, zuzeneko ikuskizunak egitera gaudelako ohituta, ez gure lana eserita ikustera. Zinemako sorkuntza-prozesuari esker, koreografian indarra duten elementuak identifika ditzakezu gerora, eta arreta hor jarri. Plano aldaketak daudenez, koreografia puskatan banatu daiteke, zuzenekoan ezinbestekoa den jarraitasuna bilatu beharrik gabe”.

Espainiako Zinema Akademiak ematen dituen Goya Sarien 2021eko edizioan bederatzi izendapen jaso ditu Pablo Agüeroren filmak, eta martxoaren 6an egingo da sari-banaketa. Ia bi urte pasa dira koreografiak sortu eta grabatu zituztenetik, eta orain iritsi da sona. ”Izendapenek pertsonalki ekarri didatena aitortza da, dantza ilarako azkenetakoa izanik, bultzada ematen diolako zineman agertzeak. Harro nago, film honek balio izan duelako erakusteko dantza eta mugimendua kultura guztietan dauden, adierazpideak direla”.