Back "Ez amore eman, eman amore" saio irekiaren kronika

"Ez amore eman, eman amore" saio irekiaren kronika

Saio irekia uztailaren 19an antolatu genuen, udako arratsalde bero batean. Limonada freskoak abegi ona egin zigun bertaratutakoi, garratz bezain mikatz. Oporraldian bete-betean sartu aitzin, zukua ateratzera gindoazen arte eta kultura ekimenak sortzen eta garatzen murgilduta egoteak eragiten dizkigun buruhausteei.

"Ez amore eman, eman amore" saio irekiaren kronika

Edari freskagarria ez ezik, menda hostoak mahai gainean prest genituen usain gozoak hausnarketa mikatzak lurrun zitzan, baita limoia, edo zitroina, beraren gaineko bitxikerien bilduma ere, saioa zerbitzatzen hasteko.

Hamar bat eragile elkartu ginen K bulegoaren elkarrizketa irekian parte hartzeko asmoz; irri egiteko sudur gorria, amets egiteko kontakizunak, urrun bidaiatzeko podcastak, bizitza pasarteak iltzatzen dituzten argazkiak, arte sendagarria eta mundu berriak sortzen dituzten hitzak eseri ziren ondoan, segurtasun tarterik zaindu gabe.

Hasteko, kultura sektoreko eragileentzako arreta eta bidelaguntza zerbitzuaren eskaintza aipatu genuen, urtean zehar antolatu ditugun saioak laburbilduz eta etorkizunekoak iragarriz. Ondoren partaideen aurkezpena egin genuen, limoi bana esku artean.

Defentsen sorkuntzan eta zaintzan eragin, beroari aurre egin, gorputza garbitu eta digestioetan laguntzeko fruitu onuragarria da limoia. Babesten duen azal horiaren azpian geruza zuri bat omen du, hari esker bere esentzia desberdinak uztartzen ditu, zapore garratz eta zitrikoa ematen diona. Hortik zabaldu genuen galdera: non bilatzen dituzue pandemiaosteko une hauetan babesa, zukua eta freskotasuna kultura proiektuek eragiten dizkiguten buruhausteei aurre egiteko?

Elkarrizketa oso interesgarria piztu zen, mingots bezain samin. Hemen nondik norako nagusiak.

Belaunaldi desberdinen egiteko modu desberdinen arteko kontrastearen gaineko hausnarketa batek urratu zuen gogoetarako bidea. Etengabe ohitu beharko dugu egiteko modu berrietara?, zeren eta behin eta berriz berrasmatzen egoteak nekea sortzen baitu.

Kulturgintza ogibidea denean edo ez, zein desberdina den egoera batean edo bestean egotea. Nola ekonomikoki bideragarria izateko, zenbat lan egin behar den. Kultura eragile askok afizioan lan egin ahal izateko badute beste ofizio batean behar egiteko premia. Behin baino gehiagotan, fabrikako lan txanda nekagarriaren ondoren kultura proiektuen garapenean murgildu ohi gara, borondatezko modu batean edo.

Sektorearen berezko egoerak nola zailtzen duen kultura behar bezala garatzea, eta berau lantzen duten artista eta eragileen egonkortasun eza azpimarratu genuen. Sektoreak oraindik aitortzeke eta lortzeke duelako zor zaion zilegitasuna; esaterako, lege eta zerga esparruetan oraindik hutsune handiak daude.

Finantzaketa publikoaren epe berantiarrek kultura proiektuen garapen iraunkorrean sortzen dituen zailtasunez ere aritu ginen. Laguntza (ekonomikoa) jasotzen dugun arte –jasotzen badugu, noski– proiektuek bizitzen duten desoreka eta baliabideen premiak nola ekimenaren kalitatean ere eragina duen. Autonomo bezala sortzen dugun gutxieneko egitura profesionalak aurrera egiteko zenbat buruhaustetan erortzen garen, banakako lana nola harrotzen den, olatuak bezalaxe. Horrela, hainbat lanketa gure gain hartuta, artista eta kultura eragileon gorputzetan sekulako nekea sortzen da, ez baitugulako baliabide nahikorik lantaldeak zabaltzeko.

Eta zailtasun hauen guztien aurrean ere, nola oraindik dauzkagun interesa, pultsioa eta pasioa, bulkada eta aiherra, gure sorkuntza eta ideiekin batera aurrera egiteko. Badirelako ere bidean indar handia ematen diguten emaitza, lorpen edo ekintzak, gure sorkuntzen eragina zein den ikusteko eta sentitzeko aukera ematen dutenak, “amore” propio handia baitaukagu, sekulako buruzaletasuna ia une oro.

Zaintza izan zen azkeneko pausaleku. Badiogu zaintza garrantzitsua dela han eta hemen, baina benetan zaintzen dugu geure burua?, benetan zaintzen dugu elkar? Eta benetan zaintzen ditugu sorkuntzarako lagungarriak diren egoerak?

Gure lanaren zilegitasuna aitortu eta aldarrikatze aldera, jakin badakigu gure lanek ekonomikoki duten benetako balioa zein den? Eta harago, gure jarduera profesionala ekonomikoki iraunkorra izan daiteke?