Back "Kulturan genero ikuspegia eraldatzea" formazio saioa

"Kulturan genero ikuspegia eraldatzea" formazio saioa

Jemima Cano eta Rebeka Elizegi bikoteak zaindu zuen urteko lehenengo formazio saioa. Kulturan genero ikuspegia eraldatzeko xedez, egungo esparru teorikoa eta legeak aztertu ziren, kultura-ekoizpenaren eta haren adierazleen gainean hausnartzeko

"Kulturan genero ikuspegia eraldatzea" formazio saioa

K bulegoaren 2022ko lehen formazio saiorako formula berri bat probatu dugu. Oraingoan bi profesionali egin diegu formazioa eskaintzeko proposamena. Jemima Canoren ibilbide profesionala kultur kudeaketan eta dantza ekoizpenean egon da oinarrituta, Rebeka Elizegirena, aldiz, sorkuntza artistikoan. Biak eguneroko lanean genero ikuspegia zaintzeko moduak eta proiektuen garapenean gogotik murgilduta daude, eta sentsibilizazio lanean ere arituak dira.

Horrenbestez, Jemima eta Rebeka izan dira gidari eta bidaide, saioaren edukiaren sortzaile eta zaintzaile. Erronka honi gogo handiz heldu zioten biek: genero ikuspegian nola egin bat teoria eta praktikak.

Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan zen hitzordua. Hasieratik borobilean eseri ginen bertaratutako hogeiok, aspaldiko partez aurrez aurre eta irria ikusgai geundela ospatuz. Elkar ezagutu edo berrezagutzeko itzulia egin genuen.

Ondoren buruaz gain, gorputzari ere ongietorria emateko, lekuz aldatu, eta Rebekak proposatutako collage ariketa batean murgildu ginen. Mahai gainean lanabesak genituen: guraizeak, lekeda eta historiako hainbat artista emakumeren argazkiak. Emakume artistak ikusgai bihurtzeko jolasa izan zen, baita partaideen konplizitaterako gonbita ere. Izan ere, garrantzitsua baita egiten goazen heinean lanketei arreta jartzea, eta elkar sorkuntzari helduz, genero ikuspegiaren zaintzari ekarpenak egiten jarraitzea. Collagearen proposamenak lan indibiduala eta taldekakoa uztartu zituen, hausnartzera gindoazen gaia bai fisikoki bai modu artistikoan heltzeko modu aproposa. Emaitza, elkarrekin sortutako irudi hau izan zen, begirada partekatuta.

Genero ikuspegia collagea


Jarraitzeko, gaur egungo elkargune desberdinen berri eman ziguten, erreferentzia baliotsuak bilduta. Rebekak bere ibilbidean jorratutako hainbat proiektu hunkigarri azaldu zigun. Guztietan azpimarratu zuen badaudela genero ikuspegi egokiago batetik lan egiten laguntzen ez diguten baldintzak –sektorearen berezkoak, pertsonalak eta bakoitzaren generoari dagozkionak–, eta nola horiek denak lantzen dituen sorkuntza guztietan. Bere lan askoren ardatza emakumeen lanak ikusaraztea da, baita elkarlanak sustatzea eta gaiari buruzko hausnarketak aktibatzea ere.

Jemimak testuinguru juridikoaren gaineko informazioa partekatu zuen: Europa, Espainiako Estatua eta Euskadiko legeei errepaso azkar bat emanez. Halaber, sorkuntza eta kultur garapenak ere aztertu zituen, genero ikuspegia zaindu eta garatzeko adierazle zehatzez eta baliogarriez (lurreratuak eta 360 gradukoak) aritu ginen. Ibilbide-orri propioa sortzea zen asmoa, autodiagnostikoan oinarritutako tresnez hornituta, jakintza kolektibotik eta gure emakume jakintsuen komunitatetik edaten duten lanabesez. Horretarako, inspirazioa bilatu genuen, ez bakarrik komunitatetik, auzolanetik eta ahizpatasunetik sortutako jardunbide egokietan, baita gure esperientzietan ere.

Bukatzeko, borobila estututa, segurtasun tartea lankidetza tartea bilakatuz, genero ikuspegian aitzineratzeko gogoz hazi bana barreiatu genuen, goiz hartako eguzki printzek etorkizunean lora zitzaten.

Aurkezpen dokumentu honek saioan bildutako ideiak, gogoetak eta baliabideak jasotzen ditu. Halaber, autodiagnostiko ariketa bat sortu zen, saioan emandako baliabideak osatzeko.