Back Kultur Dealers-en edizio berriak klima aldaketaren gaiari helduko dio eta euskarazko eta gaztelaniazko mikroipuin onenak sarituko ditu

Kultur Dealers-en edizio berriak klima aldaketaren gaiari helduko dio eta euskarazko eta gaztelaniazko mikroipuin onenak sarituko ditu

2018an irakurleek 32.246 kontakizun atera zituzten makinetatik. Horietatik 13.255 gazteleraz izan ziren, 11.873 euskaraz, 3.491 frantsesez eta 3.627 ingelesez.

Kultur Dealers-en edizio berriak klima aldaketaren gaiari helduko dio eta euskarazko eta gaztelaniazko mikroipuin onenak sarituko ditu

Kultur Dealers-ek sorkuntzarako eta pentsamendurako espazio berri bat proposatzen du herritarren artean, kulturari kalean bertan presentzia eta ikusgaitasuna emanez. Gaur aurkeztu dute laugarren edizioa, eta prentsa agerraldian izan dira José María Hernández, Cristina Enea Fundazioko zuzendaria eta Slawka Grabowska eta Ana Merino, epaimahai amateurreko kideak eta Beñat Muñoz, Robin Comunicación enpresakoa eta ekimenaren sustatzailea.

Aurten, iaz bezala, Aldundiak errealitate sozialera hurbildu nahi du Kultur Dealers ekimena, klima aldaketa gai nagusitzat duten mikroipuinen bidez errealitate kezkagarri hori ikusarazteko. Epaimahaiak mikroipuinik onenak sarituko ditu euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan. Irabazleari liburuak erosteko bono bat emango zaio opari. Cristina Enea Fundazioak didaktikoenak aukeratuko ditu eta bere egoitzan ikusgai egongo dira.

Kultur Dealers 2016an abiarazi zuen Kultura Departamentuak, pertsona guztien espiritu sortzailea sustatzeko eta indartzeko, eta kultura ezohiko lekuetan eskaintzeko asmoz. Makina banatzaileen sistema berritzaile baten bidez, pertsona hautatuek idatzitako mikroipuinak eta egile ezagunen pentsamendu testuak banatuko dira.

Gipuzkoako zenbait puntutan jarriko dira, jendea biltzen den lekuetan, eta bi aukera eskainiko dizkiete erabiltzaileei: fikzioa eta pentsamendua. Idaztea gustuko duten guztiei deia egiten zaie beren sormen lanak aurkeztuz «fikzioa» deituriko atal horretan parte har dezaten. Edonork har dezake parte ekimen honetan, apirilaren 11etik maiatzaren 31era bitartean, euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako testuak www.kulturdealers.com web orriaren bidez bidalita. Testuen gehienezko luzera 2.000 karakterekoa da (zuriuneekin).

Mikroipuin guztien artean hautaketa bat egingo da, bi zatitan: Hasiera batean, Gipuzkoako idazketa lantegietatik datozen pertsonek aurre hautaketa bat egingo dute. Ondoren, lehen hautaketa horren ondoren, hiru idazle ezagunek behin betiko hautaketa egingo dute.

Lan hautatuak makina banatzaileetan egongo dira eskuragarri uztaileko lehen astetik aurrera, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Kultur Dealers-en lehen hiru edizioetan ia mila mikroipuin inguru aurkeztu dira.

“Pentsamendua” deituriko aukeraren barnean, makinek dagoeneko publikatuak izan diren testuak bilduko dituzte: aforismoak, pentsamenduko pieza laburrak, filosofia eta abar, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez nahiz frantsesez. Testuen hautaketa liburu-saltzaileen gremioak egingo du liburu-denden laguntzarekin. Kultur Dealers, sorkuntza literariorako espazio bat izateaz gainera, irakurle kluben, idazketa lantegien, blogarien eta abarren lana ezagutarazteko modu bat ere bada. 

2018ko datuak

2018an irakurleek 32.246 kontakizun atera zituzten makinetatik. 2017an, berriz, 29.070. Horietatik 13.255 gazteleraz izan ziren, 11.873 euskaraz, 3.491 frantsesez eta 3.627 ingelesez. Gehien erabilitakoak hauexek izan ziren: Donostiako autobus geltokia 7.586 kontakizunekin, Zarauzko merkatua 6.883 kontakizunekin eta Orioko tren geltokia, 3.998 kontakizunekin.