Back Kultura departamentuak profesionalak kontratatuko ditu Gipuzkoako artxibo historikoetarako.

Kultura departamentuak profesionalak kontratatuko ditu Gipuzkoako artxibo historikoetarako.

Foru artxibo historikoek lan handia egiten dute beren dokumentu funtsetatik ahalik eta informazio gehien jartzeko herritarren eskura Internet bidez.

Kultura departamentuak profesionalak kontratatuko ditu Gipuzkoako artxibo historikoetarako.
  • Kontratuak urtebeteko iraupena izango du, eta beste 4 urtez luzatu ahal izango da.

 

  • Harkaitz Millan, Kulturako diputatua « beharrezkoa da enplegua sortzea dokumentu historikoak antolatzen eta digitalizatzen dituzten enpresen eta langile espezializatuen artean. »

 

Foru artxibo historikoek lan handia egiten dute beren dokumentu funtsetatik ahalik eta informazio gehien jartzeko herritarren eskura Internet bidez.

Informazio hori Gipuzkoako artxiboen atarian kontsulta daiteke (http://artxiboataria.gipuzkoa.eus/jopac/controladorconopac?usr=null), izan ere, gure historia hobeto eta gehiago ezagutzeko tresnak eskaintzen dira horrela.

Funtsak eskura jartzeko, funtsak deskribatu eta antolatu behar dira (identifikatu, sailkatu, antolatu eta instalatu).

Horrela, artxiboen deskribapena beste prozesu batzuk egiteko ezinbesteko baldintza denez gero, hala nola dokumentuen balorazioarekin, hedapenarekin eta artxiboen erreferentzia eta kontsulta zerbitzuekin lotutakoak, 2010. urteaz geroztik, eta zerbitzu horiek herritar guztiei Internet bidez eskaintzeko helburuarekin, Kultura Zuzendaritza Nagusiak hainbat aldizkako kontratu egin ditu foru artxibo historikoetan deskribapen eta antolaketa lanak egiteko.  

Gaur egun, jarduera esparru horren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxibo historikoetako dokumentazio garaikidea antolatzeko eta deskribatzeko zerbitzuak kontratatu behar dira, 2 sortetan banatuta.

  • Gipuzkoako Artxibo Orokorra (Tolosa)
  • Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (Oñati)

 

Gipuzkoako Artxibo Orokorra:

Gipuzkoako Artxibo Orokorra foru erakundeen artxibo historikoa da, eta, beraz, bere ardura da erakunde horiek sortutako informazioa biltzea, tratatzea, zabaltzea eta dokumentu historikoak kontserbatzea.

Aldundiaren Artxibo Zentrala sortu arte (1991), Gipuzkoako Artxibo Orokorra izan zen foru erakundearen artxibo bakarra eta, denbora jakin batean, administrazio unitate batzuek bertan gorde zituzten beren dokumentuak, balio primarioak galdu ondoren, beharrezko deskribapenak egin gabe (transferentzia harremanak).  Bestalde, zenbait faktorek eragina izan zuten dokumentazioaren tratamenduan GAOri eskualdatu baino lehen: Aldundian egindako aldaketak, Probintziala izatetik Foru Aldundi izatera igaro zenean; eskumenen transferentzia; antzinako Idazkaritza Nagusiaren dokumentuak departamentu berrien artean banatzea; eta irizpide bateratuak dituen artxibo sistemarik ez egotea, besteak beste. Inguruabar horiek eta beste batzuk direla-eta, artxibo honetan gordetako dokumentazioaren zati bat, funts bera izanda ere, ez dago funts berean identifikatuta edo integratuta. Horregatik, ezinbestekoa da funtsak, sailak eta abar identifikatzeko eta dokumentuak deskribatzeko lanak egitea, haien sorreraren testuingurua ere islatzeko.

Lan espezifikoa behar bezala identifikatuta ez dauden Probintziako Diputazioaren eta garai bereko beste erakunde batzuen funtsak eta dokumentuak identifikatzea, antolatzea, deskribatzea eta instalatzea izango da.

 

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa

Gipuzkoako Artxibo Historikoa da Estatuak Gipuzkoan duen administrazio delegatuak sortutako dokumentuei buruzko informazioa bildu, tratatu eta zabaltzeko arduraduna, XIX. mendearen bigarren erdialdetik gaur egun arte.

Artxibo honek hamarkada bat darama lanean, eta duela urte gutxi batzuk hasi zen abian jartzeko orduan izandako atzerapenak dokumentuen kudeaketan ekarri duen hutsune handia arintzen. Beste lurralde batzuetan artxibo horiek 50 urte baino gehiago daramate lanean; Gipuzkoan, berriz, funtsak biltzeko, identifikatzeko eta informazioa zabaltzeko lan guztia askoz ere epe laburragoan egiten saiatu behar da.  Beraz, dokumentu horiek modu intentsiboan tratatzeko premia handia dago, eta horrek berekin dakar Aldundiak 2018ko ekainean artxibo hau eskualdatu zenetik sustatzen dituen giza baliabide eta bitarteko materialen dedikazio intentsiboa. 

Estatuak Gipuzkoan duen administrazio delegatuak (Ogasun Ordezkaritza, Gipuzkoako Gobernu Zibila, Gipuzkoako Merkataritzako Probintzia Ordezkaritza) sortutako artxibo funts garaikideak antolatu, sailkatu, instalatu eta deskribatu behar dira.

 

Bi kasuetan, egin beharreko lanak denbora asko eskatzen du, batetik, lan  konplexua delako, eta, bestetik, aurreikusitako epeak bete behar direlako, eta bi artxiboetako teknikariek zentro horietan egin beharreko lan ugariak direla eta ezin diote denbora hori eskaini.  Horregatik, Kultura Departamentuak proiektuak modu sistematikoan gauzatu ahal izango dituzten enpresa espezializatuak kontratatzea proposatu du.