Back "Cultura y Ciudadanía" Topaketa

"Cultura y Ciudadanía" Topaketa

Azaroaren 11, 12 eta 13an "Cultura y Ciudadanía" (CyC) topaketa egingo da Tabakaleran, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailaren laguntzarekin

"Cultura y Ciudadanía" Topaketa

Azaroaren 11, 12 eta 13an Cultura y Ciudadanía (CyC) topaketa egingo da Tabakaleran, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailaren laguntzarekin. Topaketa Madriletik aterako da lehen aldiz, eta hiritarrek kulturan parte har dezaten sustatzea du helburu, ikerketaren, pentsamenduaren, eztabaidaren, mapeatzearen eta beste jardueren programazioaren bidez.

Ekologiak. Arteak, Zientzia, Teknologia, Natura, Zainketak, Etorkizuna izenburupean, topaketa kulturaren eta zientziaren arteko loturen eta trukeen inguruan antolatuko da.

Hainbat proiekturen aurkezpenaren bidez, gaurkotasuneko gaien inguruan eztabaidatuko da, hala nola, kulturaren eta zientziaren arteko ezinbesteko elkarrizketaren inguruan.

Topaketa guztia online izango da. Izen-emate esteka, eta hitzaldien eta jardueren programa topaketaren webgunean kontsultatu daiteke.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren lankidetza, besteak beste, #formulaK proposamenaren bidez egingo da, K bulegoak koordinatua, saileko kultura-bitartekaritzarako eta laguntzarako bulegoak. #formulaK esperientziarekin K Bulegoak 2020-2021 ikasturtean kultur sektorerako eskainiko duen prestakuntza-plana abiaraziko du. Urtean zehar Gipuzkoako kultura-sektorea garatzeko eskainiko diren hainbat prestakuntza-saioekin batera, #formulaK esperientziak, oraingo honetan, topaketetan, jardunaldietan, kongresuetan etabarretan planteatutako edukiei buruzko lan-metodologia bat proposatzen du. Eta Cultura y Ciudadanía jardunaldi hauek aukera ezin hobea dira metodologia honi ekiteko.

Kultur sorkuntzarekin eta kudeaketarekin lotutako pertsona talde batek, Cultura y Ciudadanía topaketan parte hartuz, Gipuzkoako kultur garapena hobetzeko zenbait proposamen aztertu eta landuko ditu. Lehen lan-mahai horretan parte hartuko duten pertsonak hauek dira: Usue Arrieta (ikusizko arteak eta zinema), Xabier Gantzarain (idazlea eta arte-kritikaria), Ainara LeGardon (musika eta egile-eskubideetan aditua), Arantxa Mendiharat (kultura-bitartekaria eta kultura-proiektuen diseinatzailea eta kudeatzailea), Eider Rodríguez (idazlea eta irakaslea) eta, K bulegotik, Ixiar García (kultura-bitartekaria).

Topaketan egindako lanaren ondoren, eta parte-hartzaile bakoitzak egindako proposamenak partekatu ondoren, bitartekaritza prozesu horren emaitzak aurkeztuko dira, eta horiek dokumentu batean partekatuko dira, Gipuzkoako kultura-sektorea hobetzeko formulak helarazteko asmoz. Dokumentu hori jaso nahi duten pertsona guztiek kbulegoa@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat bidal dezakete eskaera egiteko.

Labur-labur, #formulaK esperientizan parte hartuko duten pertsonak aurkezten dizkizuegu:

Usue Arrieta: artista eta Traktora Koop-eko sortzaileetako bat. Artista bisual gisa hezia, erakunde publiko eta pribatuetan, nazionaletan zein nazioartekoetan, denboraren irudiari, objektuen ekoizpenari, begi-bistari, entzumenari eta gizarte-formulazioari egindako ekarpenak erakutsi ditu.

Xabier Gantzarain: idazlea eta arte kritikaria. Hainbat hedabidetako kolaboratzailea da, baita liburu-azal askoren egilea ere. Azpeitiko Dinamoa sormen-espazioaren koordinatzailea da.

Ainara Legardon: 25 urte baino gehiagoko esperientzia duen artista autogestionatua. Rockaren, inprobisazioaren eta musika esperimentalaren eremuan garatzen du bere lana, bai bakarka, bai hainbat kolektibo eta obra eszenikotan parte hartuz. Gainera, kultura-kudeaketaren eta jabetza intelektualaren arloko ikertzailea eta dibulgatzailea da.

Arantxa Mendiharat: kultura-bitartekaria. Kulturarekin eta parte-hartzearekin lotutako proiektuen eta prozesuen diseinatzailea eta kudeatzailea.

Eider Rodríguez: idazlea. Publizitate eta zinema ikasketak egin zituen, eta editore gisa lan egin du. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da.

#Kbulegoa #formulaK #CyCGipuzkoa