Back Okerreko ibiltariak, aparteko ibiltariak.

Egitasmoaren izena : Okerreko ibiltariak, aparteko ibiltariak.

Eragilea : Maite Aizpurua Olaizola

Telefonoa
690723751
Kontaktua
Maite Aizpurua

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Dantza

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Gorputz hezkuntza
Etika
Zein balio sustatzen ditu
Inklusioa, aniztasun funtzionala, genero berdintasuna eta hezkidetza, arte heziketa, pentsamendu kritikoa eta autoezagutza, parte hartzea.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gehienez 50 ikasle. (ikasmaila bat)
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:
1.400 euro (BEZa barne)
Jardueraren deskribapena:

Okerreko ibiltariak, aparteko ibiltariak gazteei zuzendutako proposamen aktiboa da, aniztasun  funtzionalaren ikuspegia oinarri talde sormena eta garapen pertsonala jorratzen duena. Proposamena bere osotasunean sormen tailerrak, “Erresistentzia arazo fisikoa da” antzezlanak eta ondorengo foroak osatzen dute. 

Gorputzen aniztasuna sormenerako abiapuntutzat hartuaz, antzerkiaren tresnak erabiliz norbanako eta talde bezala  ditugun gaitasun espresiboetan arakatzea du helburu hausnarketa bultzatzearekin batera. Gure gizartean eredutik at  dauden gorputzen ikusgarritasuna bultzatu, eta esperimentazio artistikoa eta praktika/jolasaren  bitartez balioan jartzeko proposamena da honakoa. Aniztasuna “errespetatzetik” harago,  erdigunean jarri eta jolas, bizi eta deskubrimendurako aukera bihurtzea. 

 

Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlanaren sormen prozesuan  burututako ariketak eta hausnarketak partekatuko dira nerabeekin, eta ondoren, antzezlana bera eskainiko da foroaz lagunduta. Trailerra: https://youtu.be/fBFYSZpkS30

Metodologiari dagokionez tailerrak arte eszenikoetako (antzerki eta dantza garaikidea) tresna  pedagogikoez baliatzen da. “Ibiltzearen” kontzeptutik abiatzen den tailer honetan, bide hauek  jorratuz burutuko da lana:  

 

▪ Narrazio biografikoak eta fikzioa nahastuz  

▪ Gorputzen aniztasuna oinarri koreografikotzat hartuz 

▪ Barne eta kanpo behaketa burutu eta mimesiaren bitartez hurbilduz 

▪ Memoria korporala eta gorputz adierazpena uztartuz 

▪ Parte hartze inklusiborako teknikak aplikatuz 

Proposamenaren ezaugarriak: 

 

▪ Iraupena: 5 ordu (klase). Adin talde bakoitzera moldagarria.  Tailerra+antzezlana+foroa.

▪ Harreman pertsonalizatua: zentroaren eta zentroko taldearen (ikasle, irakasle, beste)  egoera eta beharretara moldatzean arreta jarriko da.  

▪ Zentroko ikasketa planean txertatzeko aukera, irakasleekin koordinatuz eta ikasgaiaren  helburuetara moldatuz.  

▪ Euskaraz (taldearen errealitate sozio-linguistikoa aintzat hartuaz) 

Tailer honen zeharkako helburuetako bat arte eszenikoak gazteengana hurbiltzea da. Alde batetik,  hezkuntza zentroetan arte heziketa proposamenak abian jarriaz. Bestalde, artista, arte gune  (antzoki, jaialdi, etab.) eta hezkuntza komunitateen artean hurbileko harremanak eraikiaz, eta  elkarren lana ezagutu eta elkarbanatuaz. Bestalde, nerabeek praktikan  jarritako sorkuntza metodologien jatorria eta hortik sortutako artefaktu artistikoa ezagutzeko  aukera bereziki esanguratua izan ohi da. Artista eta publikoaren arteko topaketak berriz, eszena gainekoa sozializatu eta gai, forma edota emozio nagusiez modu ireki batean hitz egiteko aukera eskaintzen du, taldean hausnartuz.

 

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:
  • Tailerrerako: gela zabal bat izango litzateke egokiena, ahal izanez gero musika  jartzeko aukerarekin. (Bestela tailerraren dinamizatzaileak jarri dezake bozgorailua). Tailerra  kanpoan burutu daiteke (osoa edo zati bat), bertan eroso egoteko eta intimitate minimoa izateko  aukerarik balego (eguraldia, espazioaren baldintzak, ikasle taldearen ezaugarriak …). 
  • Antzezlanerako: aretoa edo gela zabala. Hezkuntza zentroan egin daiteke, baina herriko areto edo antzokia erabiltzeko aukera aparta izango litzateke.
Jarduerari buruzko txostena:

Tailerraren azalpen zehatza eta HEZIBERRI 2020 Eskola Curriculumarekin loturak txostenean.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Maite Aizpurua Olaizola (Zumaia, 1990). Sortzaile, interprete eta ikerlaria. (http://mao.eus/bio/)

Kuriositateak bultzatuta  Soziologia eta Kultur eta Gizarte Antropologia ikasketak burutu zituen  EHUn (Donostia, Bilbo) eta UFBAn (Salvador da Bahia, Brasil).  10 urtez aisialdia, heziketa ez formala eta parte hartze sozialaren arloan egin du lan hezitzaile eta gazte eta helduen formatzaile gisa pedagogia anitzekin esperimentatuz.

Donostiako TAEn (2013-2015, Donostia) hasi zituen ikasketak eta Arte Dramatikoan titulatu zen DANTZERTIn (2019).

Metrokoadroka kolektiboaren proiektu desberdinetan kolaboratu du (http://mao.eus/kolaborazioak/) eta Horman Poster kolektiboko kide da.  Eraikitzen gaituzten hitzak mediazio-artistiko proiektuan (Ikus: https://vimeo.com/269457686) laguntzaile aritu ondoren, arte-hezkuntzan eta antzezlanen sorkuntzan dabil lanean taldearekin Antigone edo ezetzaren beharra proiektuan. (www.hormanposter.eus) eta mediazio lanetan Antigone Metodoa proiektuarekin.