DANTZAN IKASI Encuentros: "Dantzaren transmisiorako lanketa eta proposamenak", el 8 de mayo en Eibar

El objetivo de las jornadas es ser un espacio y un momento de intercambio de propuestas, reflexiones y experiencias de transmisión.

Foto de 
 DANTZAN IKASI Encuentros: "Dantzaren transmisiorako lanketa eta proposamenak", el 8 de mayo en Eibar
  • Data: 2021eko maiatzak 8, larunbata
  • Ordutegia: 9:30 – 17:30
  • Lekua: Dantzan-Biharrian (Ubitxa 16-18 Eibar)
  • Prezioa: doakoa, plaza mugatuak!
  • Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen

Ez dira gutxi euskal dantzaren inguruan lanean dabiltzanak, eta ez dira gutxiago lanketa horien heldulekuak. Hizkuntza koreografikoa, errepertorioa, historia, ondarea, testuingurua, osasuna, aisialdia... profesionalki nahiz ―batez ere― amateurismoaren eskutik, dantza talde, musika eskola, herri ekimen, elkarte edota lagunartean asko dira, askotarikoak eta batez ere ezkutukoak eta isolatuak, gure dantzaren transmisioari egindako ekarpenak. Transmisioaren proposamen, hausnarketa, eta esperientzia horien guztien elkartrukerako gune eta une izan nahi du Dantzan Ikasi Topaketak.

Transmisioaren bidegurutzea

Izan ere, tradiziozko dantzek izatean daramate transmisioa, hitzek elkarri esanahia eta zentzua ematen baitiete. Gizartea aldatuz joan ahala, tradizioak testuinguru berriak bilatu behar izan ditu, dantzak bereziki: funtzio berriak, modu berriak, hartzaile berriak... Berezko transmisioaren aukera aspaldi da ia guztiz desagertu zela, eta, beraz, euskal dantzen irakasleen ardura eta buruhauste handienetakoa izan da ―izaten jarraitzen du― transmisiorako modu eta erreminta berrien bilaketak. Bide horretan ardura horri erantzuna emateko hainbat modu, lanketa eta helduleku izan dira; bateko eta besteko ahaleginak komunean jarri nahi dira jardunaldi honen bitartez. Dantzaren transmisioan lanean diharduten zenbait aditu batuko ditugu horretarako haien esperientziak haien artean eta, bide batez gurekin, elkarbanatu ditzaten.

Adituak eta Arituak dantzan eta "biharrian"

Egun osorako programa osatu dugu lehena izan nahiko lukeen topaketa honetarako. Askotariko fronte eta aurpegiko errealitatea da euskal dantzarena, horietako bakoitzak beste hainbeste errealitate eta esperientzia gordetzen dituena. Proposaturiko gai bakoitzak beharko lukeen saio eta lanketa sakonagoaren jakitun, Dantzan Ikasin aurreko asteetan jasotako ekarpenetatik aukeraketa egin da eta zazpi aditu zazpi gai jakinen inguruko pintzelkada batzuek margotzera gonbidatu ditugu gure etxera, Dantza-biharrian egoitzara.

Lehen hitza Aurtzakako Mikel Sarriegik hartuko du, azken urteotan gipuzkoar maisuen sistemaren bilakaeraren inguruko ikerketan murgilduta, haren baitan jasotako dantza-mugimenduen sistematizazioaz aritzeko. Jarraian Argiak eta Ikerfolkek, haren ibilbide luze eta oparoan, dantzakeraren inguruan egindako hausnarketa eta lanketa elkarbanatuko du Iñaki Arregik. Atsedenaren aurretik, Maitane Eyheromonhok Iparraldeko dantzarien biltzarrak euskal dantzaren eta errepertorioaren irakaskuntzarako sortutako ikus-entzunezko baliabideak erakutsiko ditu. Goizeko lanei Patxi Labordak emango die amaiera: Bilbao Musikako irakaslea, eskolaren aterpean garatutako dantzaren irakaskuntza sistematizatuan, hainbat urtez landutako musika-hizkuntzaren potentzialitateaz jardungo zaigu.

Gosea pixka baterako uxatu ostean Jon Iruretagoienak Maritzuliren baitan egindako ikerketek emandako fruituetariko bat zatituko digu: Dominique Nicibar "Burgübürü" maisuak Elgoyhen eskola garrantzitsuan jauzi eta saltoetarako erabilitako teknika. Maite Irizarrek Oñatiko Oñatz taldearen esperientzia elkarbanatuko du: haren dimentsioa, eta kudeaketarako eta antolaketarako moduak, arazoak eta gakoak. Izen-abizenen zerrenda itxiko du Patxi Larraldek Baztango mutil-dantzaren transmisio eta irakaskuntzaren berezitasunaz aritzeko.

Amaitzeko, adituei entzun ostean aritu diren denak mahai inguruan jartzera gonbidatuak izango dira topaketa honi eman nahi zaion zentzua osatu ahal izateko. Egunean zehar entzundakoen balorazioa egiteaz gain, etorkizunera begirako proposamenak jaso nahi lituzke azken tarte honek, gabeziez, aukerez, moduez eta ardurez aritzeko, eta denon artean bideratzeko.

Eta elkar agurtu aurretik, batzen gaituen hura eginez bukatu nahi genuke, uneko segurtasun neurriek uzten digutenaren neurrian eta mugan, baina dantzan!

 

Dantzan Ikasi Topaketak: Dantzaren transmisiorako lanketa eta proposamenak

Goizeko saioa:

  • 09:30 Harrera: Dantzan-Biharrian bisita gidatua. Kafea.
  • 09:45 Aurkezpena
  • 10:00 Mikel Sarriegi: Puntu, aldaira, printzipio eta erregelak

Dantza-mugimenduen sistematizazioa, gipuzkoar maisuen sistemaren bilakaera eta inguruko erreferentziak

  • 10:30  Iñaki Arregi: Euskal dantzaren estiloaren argi-itzaletan

Gure dantzakera ageriko egiten duten osagaien orekaren bila. Non dago gure dantzaren estiloaren zera hori? Zerk ematen dio karakterea eta jenioa? Zerk egiten du benetako?

  • 11:00 Maitane Eyheramonho: IDB: baliabide pedagogikoak

Euskal dantzaren transmisioa bideratu nahian baliabide pedagogikoak sortzeko lanean dabiltza IDBn. Horietako batzuk dagoeneko sarean ikusgai eta erabilgarri daude

  • 11:30 Atsedena. Kafea
  • 12:00  Patxi Laborda: Musikatik dantzara: programaketa eredu bat

Nola eraiki dantzaren irakaskuntza, musika oinarri hartuta? Musika-hizkuntzaren oinarriak ezagutzeak dakarren laguntza, eta nola txertatu dantzaren irakaskuntzan. Dantzaren lanketa musika-eskoletan

  • 13:30-15:00: Etena. Otordua

 Arratsaldeko saioa:

  • 15:00  Jon Iruretagoiena: Orkatiletatik paporaino: saltoaren gora-beherak

Atharratzeko Elgoyhen eskolan jauziaren inguruan eta salto egitearen gaitasuna lantzeko moduaz Dominique Nicibar ‘Burgübürü dantza-maisu zuberotarrak transmititutakoak aipatuko dira

  • 15:30 Maite Irizar: Herriko dantzei eustea: Oñatiko esperientzia

Oñatin ia 400 dantzari mugitzen ditu Oñatz taldeak, haur eta nagusi. 11.000 biztanledun herri batean zer suposatzen du horrek? Zeintzuk dira kudeaketaren gakoak? Zein dantza-eredu transmititzen da eta zertan jartzen da indarra?

  • 16:00  Patxi Larralde: Baztango mutil-dantzen irakaskuntza

Dantzakeraren zainketa, mugimenduen arrazionalizazioa, terminologia eta dantza-urratsen taula koreografikoa

  • 16:30 Mahai-ingurua: Dantzan Ikasi topaketak: balorazioa, iritziak eta aurrera begirakoa
  • 17:30  Amaiera dantzan!

Informazioa: Dantzan Ikasi