190 arigune sortu dira Aldundian eta langileen %60k hartuko du parte Euskaraldian

Ekimenean "modu aktiboan" parte hartuko duela berretsi du foru erakundeak eta euskarak laneko hizkuntza gisa jauzi bat ematea sustatuko du

Foto de 
 190 arigune sortu dira Aldundian eta langileen %60k hartuko du parte Euskaraldian

Gipuzkoako Foru Aldundian 190 arigune eta 1.140 parte hartzaile izango dira Euskaraldiaren bigarren edizioan. Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabalek nabarmendu duenez, Aldundiko langileria osoaren %60k hartuko du parte eta foru erakundeak lehentasun argi bat izango du: Aldundian bertan euskarak laneko hizkuntza gisa "jauzi" bat eman dezan sustatzea.

Eider Mendoza foru bozeramailearekin batera agertu da gaur goizean Mendizabal, Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko asteroko prentsa agerraldian. Bertan, Mendizabalek adierazi duenez, otsailean Aldundiak ariguneak sortzeko prozesua abiarazi zuenetik, departamentuz departamentu talde eragileak sortzen joan dira, modu koordinatuan. Ondoren, kanpo eta barne ariguneak identifikatu dira eta langileen adostasuna lortu ostean, talde horiek aktibatzeko neurriak hartu dira. Mendizabalek gogoratu du ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak direla, berau osatzen duten pertsona guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute.

"Langileen partaidetza zabala izaten ari da eta eskertu nahiko nuke haien inplikazioa, baita antolakuntza lanetan diharduten guztiena ere. Arigune bakoitzak bere helburuak finkatuko ditu baina, oro har, hizkuntza praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea izango dute helburu", aipatu du foru zuzendariak. Hain zuzen ere, Euskaraldia amaitu ostean, balorazioa jaso eta hizkuntza ohitura berri horiek egonkortzeko mekanismoak aztertuko dira. Mendizabalek dei egin die herritarrei ahobizi edo belarriprest bezala Euskaraldian parte hartzeko, oraindik ere badelako horretarako tarterik. "Tresna berritzaile bat da, lankidetzan oinarrituta, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egiteko, gure lurraldearen hizkuntza egoeran berdintasun orekatuago bat lantzeko".