174 arigune eta 1.200 langile baino gehiago 2022ko Euskaraldian
Gipuzkoako Foru Aldundiko langile asko hartzen ari dira parte Euskaraldian eta arigune guztietan zehaztu dituzte erronkak. Erronka horiek definitzeko 80 prestakuntza saio baino gehiago antolatu dituzte.
- 736
Euskaraldiaren parte hartze datuak onak dira Gipuzkoako Foru Aldundian. 174 arigune sortu dira bederatzi departamentuetan eta 1.237 langilek eman dute izena Ahobizi eta Belarriprest modura. Gipuzkoako Foru Aldundiak lan hizkuntzan eta zerbitzu hizkuntzan bultzada emateko baliatu nahi du Euskaraldia eta lan talde guztietan aurrera pausoak egin ditzaten, ia 100 prestakuntza saio antolatu dituzte. Prestakuntza saio horietan erronkak ahalik eta gehien definitzen saiatu dira, erronkak ahalik eta egingarrienak, errealistenak eta denboran zehar iraungo dutenak izan daitezen.
Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek adierazi duenez, oso berri ona eta garrantzitsua da erakunde mailan hainbeste langilek Euskaraldian parte hartzea. "Foru Aldundiak norabide argi bat ezarri nahi du: lan eremuko harremanetan eta lan hizkuntzaren aukeraketan ohiturak aldatzea eta ildo horretan beste jauzi bat egitea". Hori lortzeko, konpromiso pertsonalaz gain, funtsezkoa da lan taldearen inplikazioa eta zentzu horretan ere "arrakasta handia" da 174 arigune sortu izana. "Inertziak gainditzeko eta euskararen erabilera sustatzeko palanka erabilgarriak dira".
Aurtengo edizioan, hala ere, datu kuantitatiboei baino gehiago, datu kualitatiboei eman nahi zaie garrantzia eta kopuruak gorabehera, ariketa ondo egitean eta hizkuntza ohiturak euskararekin lerratzean jarri nahi da azpimarra. Izan ere, behin Euskaraldia bukatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileei zuzendutako beste 80 bat saio egingo dira eta saio horien helburua izango da Aldundi mailako hizkuntza proiektu batean sakontzea.
Euskaraldiaren aldeko komunikazio ekintzak. Euskaraldiaren sustapenean eta zabalkundean laguntzeko, hainbat euskarri sortu ditu Gipuzkoako Foru Aldundik. Batetik, bideo sorta bat egin du eta bideo horietan hainbat bikote elkartu ditu euskararen eta Euskaraldiaren inguruan hitz egiteko. Bideo horiek hemen daude ikusgai. Horrez gain, Donostiako Gipuzkoa plazan euskarri bat ipini du herritar eta langileek Euskaraldiari buruzko beren iritzi eta ekarpenak jaso ahal izateko. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren kanpoaldean bost kartel erraldoi jarri ditu bost pertsonaia ezagunekin eta euskaraz aritzera animatzeko mezuekin.