425 ikusle baino gehiago Udaltop 12n

Esparru sozioekonomikoa eta euskara dira landu dituzten gai nagusiak. On-line izan da saioa eta hainbat hitzaldiz gain, mahai-inguru bat ere izan da

Foto de 
 425 ikusle baino gehiago Udaltop 12n

Udaltop etxetik: ireki leiho bat lan munduari izenburupean, eremu sozioekonomikoari leiho bat zabaldu dio aurten Udaltopek. Egitarau erakargarria osatu da hamabigarren edizio honetakoa: bi hitzaldi, mahai-inguru bat eta hainbat testigantza labur. Covid-19ak sortutako pandemiaren ondorioz, saioa on-line izan da eta 425 pertsona inguruk jarraitu dute emanaldia beren etxetik.

Hala ere, saioa ikusi nahi eta aukerarik izan ez zutenentzat, hemen bideoak ikusgai.

Hitzaldiak. Jon Sarasuak zabaldu du jardunaldia, "Lan eremuko uhinaldiaz" hitzaldiarekin. Lan eremuan euskarari espazioak zabaltzeko eskala handiko uhinaldi bat hasteko oinarriak landu ditu. hogei puntutan aletu du uhinaldiaren inguruko gogoeta. Abagunearen kokapen laburra egin ondoren, uhinaldia aldezteko lau arrazoibide agertu ditu: euskararen ibilbidearen logikari, egungo euskaldunen karakterizazioari, lan ildo honen antolagarritasunari eta belaunaldi-bisioari lotutako arrazoibideak. Arrazoibide horietan oinarrituta, prozesu zabal bati ekiteko baldintzak planteatu ditu. Amaitzeko, etorkizun ikuspegi horri buruzko hainbat hausnarketa ere egin ditu.

Jarraian, Agirre Lehendakaria Centerreko transferentzia eta ezagutza kudeatzeko arduraduna den Leire Calciok hartu du hitza, "Lan eremuko uhinaldiari berrikuntza sozialetik so" hitzaldiarekin. Sarasuaren hitzaldia osatuz, Agirre Lehendakaria Centerrek egindako ekarpenen inguruan aritu da, berrikuntza sozialaren marko teoriko eta praktikoaren ikuspegitik.

Mahai-ingurua. Pilar Kaltzadak gidatuta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburu Bingen Zupiria, Fagor Kooperatibako Gestio Sozialeko ordezkari Leire Okarantza eta Topaguneko presidente Kike Amonarriz izan dira mahai-inguruan. Hala, Jon Sarasuaren gogoetaren inguruan aritu dira eta baita testuinguru ekonomiko berrian euskarak presentzia gehiago izateko gakoei buruz ere. Hainbat izan dira landu dituzten gaiak, gizartearen soslai berria, Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den arlo sozioekonomikorako dekretu berria, lan ildo posibleak... Ondoren, tarte bat ireki dute ikus-entzuleen galdera eta ekarpenak jasotzeko.

Testigantza laburrak. Jardunaldia amaitzeko, krisi egoeran euskara tresna gisa erabilita jarduera arrakastatsuak gauzatzen ari diren enpresen esperientzia laburrak jaso dituzte, pilula modura. Hala, beren esperientzia kontatu dute Alea proiektuko Aritz Martinez de Lunak, Maier S. Kooperatibako Kemen Goitiandiak eta Agour gaztandegiko Peio Etxelekuk.  

Agurra. Saioari amaierari emateko  Beatriz Egizabalek clown erakustaldia egin du, saioan agertutako hainbat ideia berreskuratu eta umorez betetako ideia bilduta.