Arantza Lekuona, Kabian euskara sustatzeagatik saritua

Hizkelan jardunaldian eman diote saria, Kabian euskarak duen zentralitatea aitortzeko. Izan ere, zentralitate horren ondorioz, langile elebidunak kontratatzeko eskaintza egin zuen erakundeak eta hainbat lanbide heziketa ziklo A eredutik D eredura pasatzea eragin du.

Foto de 
 Arantza Lekuona, Kabian euskara sustatzeagatik saritua

Kabian euskara sustatzeagatik saria jaso du Arantza Lekuona Zabalak, Kabia erakunde autonomoko gerenteak. Hizkelan jardunaldian eman diote saria eta lanbide heziketa eta lan mundua euskalduntzearen aldeko lana saritzen dute jardunaldi horretan. 

Kabiak hasieratik kokatu du euskara egoitzetako zaintzaren erdigunean eta garrantzi handia eman dio egoiliarrek arreta euskaraz jasotzeko nahiari. Ondorioz, erakundeak langile elebidunak kontratatzeko eskaintza egin zuen eta horrek lanbide heziketa zikloak A eredutik D eredura pasatzea eragin du. Gizarteratze zikloa, menpekotasun egoeran dauden pertsonei arreta zikloa eta erizain laguntzaile zikloa dira D eredura pasa direnak. 

Horrez gain, dagoeneko egoitzetan zerbitzua ematen ari diren enpresetako zaintzaileei ahozkoan B2 maila aitortzeko aukera ere eman zien Kabiak proiektu pilotu baten bidez. HBZNren eta HABEren laguntza izan zuen proiektu pilotu horretan eta oso balorazio ona izan zuen erakundearen eta langileen aldetik. 

Ukaezina da beraz Kabiak euskararekiko duen konpromisoa eta kalitatezko zerbitzua emateko prestutasuna. Hala, erakundeak egin duen ibilbide horren atzean jende askoren laguntza dagoela adierazi zuen Lekuonak eta sari hori bidelagun izan dituenei eskaini zien. "Bide hori egiteko garaian oso garrantzitsuak izan dira aliatuak eta konplizeak. Ezinbestekoak dira aipatzea Elena Basagoitia, Kabiako lankideak, Garbiñe Mendizabal, Joxean Amundarain eta Hizkuntza Berdintasunerako gainontzeko lankideak". Saria jasotzera Erakunde Publikoetako zuzendari nagusi Elena Basagoitiarekin joan zen.

Lekuonarekin batera, Codesyntax elkartea ere saritu zuten Hizkelan jardunaldian.

Zorionak, Arantza, eta segi horrela!