Atrás

Easo Politeknikoan eskaintzen diren zainketa ikasketak, A eredutik D eredura

Easo Politeknikoan eskaintzen diren zainketa ikasketak, A eredutik D eredura

Lanbide Heziketako ikastetxea da Easo Politeknikoa eta hiru urtean egin dute eredu aldaketa. Aldaketaren jatorrian GFAk eta Kabiak euskararen alde hartutako neurriak daude, elkarlanaren bidez lortu baitute hizkuntza erakundearen zainketa politiken erdian kokatzea.

Foto de  Easo Politeknikoan eskaintzen diren zainketa ikasketak, A eredutik D eredura

Lanbide Heziketako prestakuntza eskaintzen dute Donostiako Easo Politeknikoan eta, besteak beste, mendekotasuna duten pertsonen zaintzari buruzko ikasketak egin daitezke. Ikasketa horiek A ereduan izatetik, D eredukoak izatera pasa dira hiru urtean eta hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kabiaren elkarlanari esker lortu dela esan daiteke. Bi erakunde horiek hizkuntza politika aktiboak bultzatu dituzte Kabian eta hizkuntzaren aldagaia zainketa politiken erdigunean kokatzea lortu dute. Hala, Kabiaren hizkuntza politika zein izan den ikusita, Easo Politeknikoak ere bere ikasketa eskaintza Kabiaren hizkuntza politika horretara egokitzea erabaki du.

Kabiako hainbat erabiltzailek dituzten beharren artean, euskaraz komunikatzekoa ere badutela ikusi zuten Kabiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta behar horiei erantzun integral bat ematen saiatu ziren. Argi ikusi zuten zaintzaileen kasuan ahozko trebetasunak lehenetsi behar zirela, horrela lortuko baitzuten pertsonengan oinarritutako kalitatezko zaintza zerbitzu integrala ziurtatzea, eta Kabiako langileen artean euskararen ezagutza sustatzeko apustu garbia egin zuten. Hala, erakundeak Gipuzkoan kudeatzen dituen 12 zaharren egoitzetako 116 zaintzaileei prestakuntza berezi bat eskaini zieten, ahozko ekoizpenean B2 maila eskura zezaten.

Easo Politeknikoan zaintza ikasketak egiten dituzten ikasleentzat Kabian lan egitea da lan merkatura salto egiteko duten aukera potentzialetako bat eta horregatik da hain garrantzitsua, hain zuzen, Easo Politeknikoarentzat Kabiaren norabide berean arraun egitea. Aipatu bezala, gero eta beharrezkoagoa izango da euskarazko gutxieneko maila bat izatea Kabiak kudeatzen dituen egoitzetan lan egiteko, eta ikastetxean egin duten eredu aldaketarekin horixe da bermatu nahi dutena, ikasleek Kabiako eskakizun linguistikoei hobeto erantzuteko gai izatea.

Bideo honetan azaltzen dira Easo Politeknikoak A eredutik D eredura egin duen bilakaeraren ibilbidea eta hori egitearen arrazoiak.