Atrás

Online izango da aurtengo Udaltop eta irekita dago izena emateko epea

Online izango da aurtengo Udaltop eta irekita dago izena emateko epea

Eremu sozioekonomikoan eragiteko udalek zer eta nola egin dezaketen aztertuko dute eta, besteak beste, esparru horretan eragiteko Jaurlaritzak prestatu duen plana aurkeztuko dute. Maiatzaren 5ean eta 6an izango da topaketa eta izen ematea martxoaren 17tik apirilaren 23ra arte egin ahal izango da.

Foto de  Online izango da aurtengo Udaltop eta irekita dago izena emateko epea

Irekita dago Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketan izena emateko epea. Aurreko edizioan bezala, saioak online izango dira, maiatzaren 5ean eta 6an, eta udalek eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko zer eta nola egin dezaketen aztertuko dute. Zer eta nola egin udaletatik eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko? izango da izenburua eta bi egunetan ikuspuntu ezberdinetatik aztertuko dute gaia. Hona egitaraua

Izen-ematea martxoaren 17tik apirilaren 23ra egongo da irekita. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da eta prezioa 15 eurokoa izango da.

Antolatzaileek udaletako eta beste hainbat erakundetako euskara teknikariei egin diete gonbita, baina bestelako eragileei ere irekita dagoela azaldu dute: "Esparru sozioekonomikoan aritzen diren eragileak gurean ikusi nahiko genituzke, hala nola, enpresa pribatua, administrazio publikoa, sindikatuak...".

Azken edizioaetan bezala, antolatzaile dira euskararen lurralde guztietako erakundeak: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala. 

Miren Dobaran, lehenengo hizlaria. Eusko Jaurlaritzako Hizkukntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek zabalduko du aurtengo jardunaldia. Eusko Jaurlaritzak diseinatu duen Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023 aurkeztuko du eta planaren lehenengo aurkezpen publiko zabala izango da. Sailburuak adierazi duenez, "oso baliagarria izango da plana Udaltop bezalako foro batean aurkeztea, azken finean, bertako publikoa izango baita plana garatuko duena".

Plana aurkeztuta, udaletara begira jarri eta plana aplikatzeko jarraibideak emango dira. Ikuspegia zabaldu eta helduleku ezberdinetatik erreparatuko zaio gaiari: Siadecok plana udalerrietan nola aplika daitekeen azalduko du; Iñigo Urrutia Euskal Herriko ubibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleak udalek plana garatzeko dituzten tresna juridikoen inguruko gogoeta egingo du; Emakundek bere kontratuetan ezartzen dituen klausula sozialei jarraipena nola egiten dion argituko du; eta, azkenik, Garapen Agentziek esparru sioekonomikoan esku-hartzeko dituzten tresnen berri emango dute.

Bigarren eguna zabaltzeko, Joan Pujolar Kataluniako Unibertsitate Publikoko irakasleak bizitzan zehar ezaugarri linguistikoetatik izaten diren aldaketen (mudes linguístiques) azterketa aurkeztuko du. Ondoren, gertuagokoak ditugun abaguneen berri emango da pratika onen bidez: Lanbide Heziketako lantokiko prestakuntza eta duala; lantokietako harrera protokoloak eta Euskaraldiak sortutako Ariguneak

Ohikoa den bezala, jardunaldia talde-lanarekin amaituko da. Antolatzaileek azaldu dutenez, guztiz berritzailea izango aurtengo talde-lana, online egingo baita. "Eskura dauzkagun baliabide teknikoek horretarako aukera ematen dutenez, saiakera egitea erabaki dugu". Talde-lanaren emaitza eskuliburu batean jasotzeko asmoa dagoela ere aurreratu dute: "lehen eguneko hitzaldi nagusien osagarri izango da talde-lana; ziur baikaude bertan jasotzen diren ekarpenak hitzaldi horietan jasotako argibideak osatzeko baliagarriak izango direla. Gure asmoa da Eusko Jaurlaritzak garatutako planaren gauzatzeko erraztuko duen eskuliburua sortzea eta, bide batez, euskara teknikarien lana erraztea".

Online, pandemiaren eraginez. COVID-19aren pandemiak behartuta, jardunaldia online izango da osorik eta horretara egokitu dute egitaraua. Antolatzaileen arabera, ez da erraza asmatzea pandemiak zein bilakaera izango duen eta, aurreko urtean izandako arrakasta ikusita, indarrak online bidezko jardunaldia antolatzen jartzea erabaki dute. "COVID-19ak bete-betean harrapatu gintuen aurreko edizioan eta egitaraua pandemia egoerara moldatu behar izan genuen. Gure asmoa eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak ematea zen eta lan-mundua euskalduntzeko beharraz aritu ginen. Aurten, gaia berreskuratzeko beharra eta aukera ikusi dugu".