LuHi 5, lurgune euskaldun eta arnasguneen garapen iraunkorrean sakontzen

Urtarrilaren 23an izango da eta, doakoa izan arren, UEUn eman behar da izena. Jardunaldian, besteak beste, nazioarteko esperientziak, garapen sozioekonomikorako ereduak edota udaletako arduradunen testigantzak izango dira.

Foto de 
 LuHi 5, lurgune euskaldun eta arnasguneen garapen iraunkorrean sakontzen

LUHI4 jardunaldietan arnasguneen prebentzioaren ikuspegia gainditu eta lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatu ziren. Oinarri horietan sakontzera eta horiek garatu zein zehaztera datorkigu LUHI5 jardunaldia. Nazioarteko esperientzien berri izateko, garapen soziekonomiko endogenorako ereduak ezagutzeko, arkitektoen betaurrekoak janzteko eta arnasguneetan ardaztutako hizkuntza politiken ereduan sakontzeko saioa izango da LUHI 5. UEUk eskainiko du ikastaroa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, UEMAren eta Kontseiluaren laguntzarekin. Doakoa izango da.

Izan ere, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien aurreko edizioek agerian utzi dute garatzen diren politika publiko guztietan hizkuntza-politika ere egiten dela, hau da, zeharka bada ere, politika publikoek hizkuntzarengan eragina izaten dutela eta, askotan, eragin hori kaltegarria izaten dela. Eragin hori bereziki nabaria izaten da arnasgune euskaldunetan (euskararen lurgune geografikoak), eremu horietan garatzen diren politika publikoek ez baitute askotan euskararen erabileran edota hizkuntzen kudeaketan izan dezaketen inpaktua kontuan hartzen. Hala, politika publiko horiek oinarri hartuta, arnasguneen garapen iraunkorra lortzeko kontuan izan beharreko hainbat gako aztertuko dira jardunaldian.

LuHi-ren ibilbidea. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien edizio berri hau, beraz, aurreko jardunaldietan ikasitakoa osatzera eta zehaztera dator, eginiko ibilbidean pausu bat gehiago ematera, hain zuzen. Horrek ez du eskatzen, inondik ere, aurreko jardunaldietan landutakoa ezagutzea, jardunaldi honetan landuko direnak ulertu ahal izateko. Hala ere, aurreko edizioetako jardunaldien berri izan nahi izanez geroz, hona informazioa eskura:

  • 2014ko Lurraldea eta Hizkuntza I. jardunaldietan lurralde-antolakuntzaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harreman kezkagarria mahai gaineratu genuen, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) izeneko tresna baten beharra agertuz. 
  • 2015eko Lurraldea eta Hizkuntza 2. jardunaldietan ELE tresna horren lehen bertsioa aurkeztu genuen. 
  • 2016ko LuHi3 jardunaldietan gaiaren lanketa akademikoari jarraipen logikoa emanez, ELE tresnaren oraina eta etorkizuna irudikatu genuen, esperientzia zehatzak aurkeztuz, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartuz, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea iradokiz.
  • 2018ko LUHI4 jardunaldietan prebentzioaren ikuspegitik beste urrats bat aurrerago eginez, lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatzera jo genuen.