Haur eta gaztetxoekin indarkeria sexista prebenitzeko euskarazko material berritzailea: Pausso

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak, Gazteria Zuzendaritza Nagusiak eta Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiak elkarlanean egin dute proiektua. 2020ko Aurrekontu Irekietan herritarrek lehenetsitako proiektuetako bat da.

Foto de 
 Haur eta gaztetxoekin indarkeria sexista prebenitzeko euskarazko material berritzailea: Pausso

Sei eta hamalau urte bitarteko gazteengan indarkeria sexistaren prebentzio goiztiarra lantzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskarazko lau ikus-entzunezko eta horietako bakoitzari dagokion gida didaktikoak garatu eta argitaratu ditu. 2020ko Aurrekontu Irekietan herritarrek lehenetsitako proiektuetako baten emaitza izan da material hori eta, helburua, euskarazko material didaktikoarekin gazteengan eragitea izan da, beti ere prebentzioaren esparruan. Pausso izena jarri diote proiektuari eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak, Gazteria Zuzendaritza Nagusiak eta Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiak elkarlanean egin dute.

Materiala ahalik eta eraginkorrena izan dadin, adin tartekako banaketa egin dute eta horietako bakoitzerako helburu egokituak adostu dituzte:

- 6-8 urte: animaziozko ikus-entzunezkoaren bitartez eta euren gogoko marrazki bizidunak erreferentzia gisa hartuta,sexismoa identifikatzeko hurbilpen bat egingo dute.

- 8-10 urte: eguneroko bizitza eta jokoetan bizi dituzten egoerak planteatzen dituen bideo-joko baten laguntzarekin, gaztetxoek sexismoa identifikatzeko baliabideak eskuratuko dituzte.

- 10-12 urte: fikziozko ikus-entzunezko batek lagunduko die, sare sozialetan oharkabean igarotzen diren sexismoa eta indarkeria azaleratzen eta horren oinarriak erakutsarazten.

- 12-14 urte: Pausso aplikazioa, Android plataforma oinarri duten mugikorretarako baliagarria eta webgunetik ere erabilgarria. App horren bidez, modu kreatiboan eta parte-hartzailean, gazteek sexismoa eta indarkeria sexista identifikatu ahalko dituzte kontsumitzen dituzten abesti, serie edo filmetan, talde lanean zerrenda alternatiboak sortuz.

Ikus-entzunezkoak eta horiei dagozkien gida didaktikoak helbide honetan jarri dituzte denen eskura: www.berdintasuna.eus