Zergatik bisitatu behar dituzun Brusela eta Helsinki zure webgune eleanitza egin aurretik

Helsinkik eta Bruselak era desberdinetan aplikatzen dute elebitasuna. Webgune eleaniztun bat diseinatzerakoan kontuan hartu beharreko asko ikasi dezakegu eredu horiei begira, besteak beste, zenbait praktika on identifikatu ditzakegu.

Helsinkiko suediar hiztunak eta Bruselan dauden flandriera-nederlandera hiztunak biztanleen % 10 baino gutxiago dira, baina badira eskolak, unibertsitateak eta kultur erakunde garrantzitsuak gutxiengoen hizkuntzan bi hiriburuetan. Hala ere, batetik bestera asko aldatzen da elebitasuna aplikatzeko modua.

Elebitasun eredu hauek ulertzeko arrazoi historiko eta politikoetan sakondu behar genuke. Baina hiri horietako bakoitzean arratsalde bateko bisita nahikoa da gaur egungo hizkuntza-kudeaketa eredu desberdinen gakoak ikusarazteko. Horrela planteatu du Anders Pettersson marketing adituak bere blogean. Oinarri horretatik, webgune eleanitzak diseinatzekoan kontuan hartzeko 5 praktika on planteatzera iritsi da:

  • Hizkuntzaz aldatzeko botoia bistan — hizkuntzaz erraz aldatzeko aukera beti izan behar da ikusgai, posible bada, bietan: webgunearen goialdean eta behealdean. Adibide on bat Montréal hiriko web ataria da. Gainera, goiko-barra iraunkorki agerian mantentzen da, erabiltzailea webgunean behera mugitu arren.
  • Hizkuntza-trukatzaile zehatza — hizkuntzaz aldatzean ikusten ari zinen orrialde berari lotu beharko litzaioke webgunea, eta ez berriro hasierara edo azalera bidali. Adibide on bat Finlandiako e-government webgunea da; Finlandieraz nabigatzen hasi naiteke eta zergei buruzko orrialde batean suedieraz gaiari buruz irakurtzen ohituago nagoenez, hizkuntzaz aldatzen dut.
  • URLak tokiko hizkuntzan — web orrien URL konexio guztiak bertako hizkuntzetara itzuli, ez soilik orrialdearen edukia, garrantzitsua baita SEOren ikuspegitik. Erreferentzia ona Suitzako e-government webgunea da; azpitalde guztietako URLak alemanera, frantsesera, italierara, erromantxera nahiz ingelesera egokitzen dira.
  • Idazketa motak — egokitu zure webgunea beste alfabetoetara, eta ez latinera bakarrik. Adibide bat da Europako Batzordearen webgunea greziar alfabetora, Bulgariako zirilikora eta EBko 24 hizkuntza ofizialen ezaugarri berezietara egokitzen dena. Arabiar hiztunentzako bertsio bat egiten ari bazara, egokitu webgunea eskuinetik ezkerrera irakurtzeko, eta, txinera bezalako hizkuntza baterako bertsioa egin behar baduzu, gauza gehiago izan beharko dituzu kontuan.
  • Itzul-sorkuntza (Trans-kreazioa) — beste hizkuntza batera itzultzea ez da nahikoa, itzul-sorkuntza egin behar da. Horrek eskatzen du edukiak kulturalki egokitzea zure hartzaileetara. Esamoldeak, hitz-jokoak eta erreferentzia kulturalak aldatu egin behar dira hartzaileen ezagutza linguistikoaren eta kulturalaren arabera. Itzulpen automatiko edo errazegi batek zure hartzaileak nahastu edo mindu ditzake. Adibidez, Europako Batzordeak nahiago du testuak erabiltzea beti, sinboloen ordez, gaiak eta azpi-orriak antolatzeko; izan ere, "kultura" adierazteko europar guztiei gustatuko litzaiekeen sinbolo bat aurkitzea, adibidez, ez litzateke erraza.

Iturria: https://uxdesign.cc/visit-helsinki-and-brussels-before-designing-a-multilingual-website-9304cd01f5ba