Dantza-jauziak, euskal dantza errepertorio interesgarri honen teknika eta sistema ikasteko aukera izango da jarduera honen bidez. Dantza-jauziak edo muxikoak Euskal Herriaren Iparraldeko (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) ohiko dantzak dira, oinarrizko teknika eta pauso nagusiak ikasiz edonork erraz dantza ditzakeenak, eta gaur egun Euskal Herri osoko dantzaldietan egiten direnak.
Guztietan ezagunena eta errazena Zazpi Jauziak da, baina hainbat dantza-jauzi daude, urrats konbinazio eta doinu bereziak dituztenak: Azkaindarrak, Mutxikoak, Hegi, Ostalerrak, Marianak, Lapurtar-motxak, Ahuntza, e.a. Behin urratsak ikasita eta sistema ulertuta, edozein dantza-jauzi dantzatu daiteke, dantzaldietan, doinuarekin batera dantzatu behar diren pausoak iragartzen joaten baitira.
Dantza-jauziak dantzatzeko pausoak dantzatzeko estilo desberdinak daude, eta badira zailtasun eta teknika handiko estiloak ere, baina oinarrizkoa, urraska izendatzen denak, ez du zailtasun fisiko ez teknikorik, eta edonork ikasi eta edonork dantzatu dezake. Estilo horretan, urraska, irakatsiko dira dantza-jauziak egin ahal izateko jakin behar diren pauso nagusiak: Erdizka, zote, dobla, pika, ebats, eta hiru, e.a. Lehen urrats errazak ikasita dagoeneko dantzatu daitezke jauzi batzuk, eta beraz, berehala hasi daiteke musikaz eta dantzaz gozatzen.
Curriculuma/programaren helburuak
-
Errendimendu motorraren aukerak ugaritzera bideratutako ekintzak, baita osasunerako baldintza fisikoak hobetzera bideratutakoak edota gorputza egokitzeko, menderatzeko eta kontrolatzekoak ere; guztia ere, autoexijentzia jarrera izanik.
-
Jarduera adierazkorrak musikarekin edo gabe praktikatzea edota diseinatzea, gorputza sormenezko komunikazio eta adierazpide gisa erabilita, sormenezko mugimendua garatuta dantzen eta errepresentazio indibidual eta taldekoen bidez.
-
Beste kultura batzuetako tradizioen balio soziokulturalaz jabetzea, euskal kulturaren eta gainerakoen balioak errespetatzeko eta baloratzeko; horretarako, dantzak, jokoak eta adierazpide tradizionalak erabiliko ditugu, herri-kutsua dutenak.
-
Joko mota, kirol-jarduera eta dantza desberdinak ikertzea, modu autonomoan aukera gehiago izateko hainbat informazio-iturri baliatuta.