ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALA
Dantza, ikusleen aurrean aurkezteko obren ekoizpenetik haratago, norbanakoaren hezkuntza eta garapen integral eta harmonikorako tresna izan daiteke.
Dantza adierazpen, ezagutza, harreman eta pentsamendu bide bat da eta munduarekiko zein elkarrekintzarako gorputzen sentikortasuna estimulatzen dituen osagaiak biltzen ditu, hala nola: denbora, espazioa, ekintza eta sormena.
Dantza, mugimendu librearen eta jolasaren bidez, adierazpen-eramaile gisa eta besteekin elkartzeko leku gisa enfokatzen da. Dantza tresna pedagogikotzat hartuta, barne- eta kanpo-mundua aztertu, ulertu eta ezagutu dezakegu, gorputzaren bidez.
Gure ustez, gorputza modu desberdinetan, aktiboagoetan eta ingurunearekin elkarreraginean erabiltzeak, gaur egungo ikaste eta irakaste prozesuen parte integrala izan beharko luke.
Horrela, Gorputzaldiak ekimena esperientziaren bidezko ikaskuntzara bideratuta dago, eta gorputza da gure tresna, ez bakarrik alderdi fisikotik, baita psikologikotik, sozialetik eta emozionaletik ere.
ARLO PEDAGOGIKOA
Dantza praktikatuz eta proposatzen dugun material pedagogiko sorta honen bidez gaitasun sozio-afektiboak garatzen lagundu nahi da, hauen bitartez errazten baitira autoezagutza, norberarengan eta besteengan konfiantza izatea, gatazkak konpontzea, pertsonen arteko harremanen hobekuntza komunikazio asertiboa etab.
Era berean, autokontzientzia-egoerak sustatzen dira honekin, gainerakoekin enpatizatzea, erabaki arduratsuak hartzea edo arrisku-jokabideak saihesten ahalbidetzen digutelarik, besteak beste. Horrelako trebetasunak ez dira berezkoak, ikasi eta garatu egiten dira, eta, giza garapenaren dimentsio oro bezala, eboluzionatzen doaz denboran zehar. Horregatik, ezin dira batera irakatsi edo garatu; aitzitik, adimen-trebetasunek bezala, estimulazio etengabea behar dute, garapen handiagoko etapetarantz eboluzionatzen joateko.
Dantzak ahalmen handia du ikasteko modu kooperatibo gisa. Dantza-geletan gertatzen diren dinamika askok ikaskuntza kooperatiboaren oinarri diren printzipioak jasotzen dituzte, hala nola begirada desberdinen arteko trukea, berdinen arteko komunikazioa, rol-aldaketak, ideien eta ezagutzen eraikuntza zein talde-balorazioa. Ikaskuntza kooperatiboaren oinarrian daude baita ere irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren pertsonalizazioa, ikasleen autonomia eta ikaskuntzaren egituraketa, eta berdinen arteko lankidetzatik eraiki nahi du ezagutza.
Horrela, parte-hartze aktiboa, bakoitzaren aukerekiko konfiantza,
desberdintasunekiko begirada inklusiboa eta talde-kohesioa sustatzen dira. Tresna pedagogiko honek gaitasun sozioafektiboak garatzen laguntzen du neurri handi batean, autoestimua, malgutasuna, asertibitatea, enpatia edo integrazioa garatzeko
aukera ematen baitu, besteak beste.