Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Aspace Loratuz’ lelopean, hamar urte beteko ditu Aspace Egunak Donostian

‘Aspace Loratuz’ lelopean, hamar urte beteko ditu Aspace Egunak Donostian

Lizeo Santo Tomas, Arizmendi Ikastola eta Rosabel Ausín omenduko dituzte urriaren 3an, Alderdi Ederren, 2026ko Aspalagun Aitorpenekin. Bi urteurren berezi ospatuko dira aurten: Aspace Egunaren 10. urteurrena eta Aspace Gipuzkoaren 55 urteko ibilbidea.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Aspace Gipuzkoak Aspace Egunaren edizio berezia ospatuko du larunbat honetan, urriaren 3an, Donostian. Hamar urte beteko ditu aurten Aspace Egunak, eta urte hauetan guztietan garun-paralisia duten pertsonen, haien familien, profesionalen, boluntarioen eta Gipuzkoako gizartearen topagune bihurtu da. Aurten, gainera, Aspace Gipuzkoaren 55. urteurrenarekin bat egingo du ospakizunak.

‘Aspace Loratuz’ izango da aurtengo leloa eta irudia. Aniztasuna, garapena eta aukerak ditu oinarri, eta Aspace Egunak urtez urte izan duen helburuarekin bat egiten du: garun-paralisia duten pertsonen errealitatea ezagutaraztea, haien eskubideak aldarrikatzea eta Aspace Gipuzkoak urte osoan egiten duen lana herritarrekin partekatzea.

Aspace Eguna 2026ren xehetasunak gaur goizean aurkeztu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundian. Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak, Rosa Iglesias Aspace Gipuzkoako presidenteak eta Ane Martín elkarteko profesional eta Aspace Loratuz irudiaren sortzaileak hartu dute parte aurkezpenean.

Hamar urte, Aspace Eguna topagune bihurtzen

Lehen ediziotik, urtez urte hazten joan da Aspace Eguna, Aspace Gipuzkoaren hitzordu nagusietako bat bihurtu arte. Hamar urte hauetan, elkartearen lana eta aldarrikapenak kalera ateratzeko aukera eman du, baita elkartzeko, ospatzeko eta Aspace Gipuzkoaren inguruan sortutako komunitatea indartzeko ere.

Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuaren hitzetan, “gizarte gisa eraiki nahi dugun etorkizunari begiratzeko aukera” eskaintzen du Aspace Egunak.

“Aspace Egunaren bidez, garun-paralisia duten pertsonen eta haien familien errealitatea ikusarazi eta haiei babesa adierazten diegu. Aldi berean, azken 55 urteotan Gipuzkoako gizarte-politikei ekarpen handia egin dien elkarte baten lana aitortzeko aukera ere ematen digu”, adierazi du.

Azken urteotan “zaintza-eredu gizatiarrago eta hurbilago baterantz” aurrerapausoak eman direla azpimarratu du Peñak, “zaintzaren pertsonalizazioa, komunitatearekiko lotura eta berrikuntza” oinarri hartuta. Oraindik egiteko dagoen bidea ere gogorarazi du:

“Sentsibilizatzen eta oztopoak gainditzen jarraitu behar dugu, pertsona bakoitzak bere bizi-proiektua aukera-berdintasunean garatu ahal izan dezan”.

Herritarrak Aspace Egunean parte hartzera ere gonbidatu ditu: “Gipuzkoa inklusiboagoa eraikitzea guztion ardura da, eta elkarrekin aurrera egiteko aukera paregabea eskaintzen digu Aspace Egunak”.

Lizeo Santo Tomas, Arizmendi Ikastola eta Rosabel Ausín, 2026ko Aspalagun

Goizeko unerik berezienetako bat 2026ko Aspalagun Aitorpenen banaketa izango da. Aspace Gipuzkoaren bidelagun izan diren eta inklusioaren alde egindako lanarekin arrastoa utzi duten pertsona eta erakundeen konpromisoa aitortzeko sortu ziren aitorpen horiek.

Aurten, Lizeo Santo Tomas, Arizmendi Ikastola eta Rosabel Ausín omenduko dituzte. Azken horrek 25 urte daramatza Aspace Gipuzkoako boluntario gisa.

Aitorpenak 11:30ean banatuko dituzte, Alderdi Ederren. Lizeo Santo Tomasen izenean Joseba Alkiza zuzendariak jasoko du aitorpena; Arizmendi Ikastolaren izenean, Aitor Guridik; eta Rosabel Ausíni, berriz, Aspace Gipuzkoan boluntario gisa egindako 25 urteko ibilbidea aitortuko zaio.

Aspace Egunaren hamargarren urteurrenak eta Aspace Gipuzkoaren 55 urteko ibilbideak orain arte egindako bideari begiratzeko aukera ere eskaintzen dutela nabarmendu du Rosa Iglesias Aspace Gipuzkoako presidenteak.

“55 urte daramatzagu garun-paralisia duten pertsonen eta haien familien ondoan lanean, eta hamar urte Aspace Eguna gizarte osoarekin partekatzen. Asko dugu ospatzeko, baina baita aldarrikatzen jarraitzeko ere. Guztion konpromisoa behar dugu inklusioan, eskubideetan eta aukera-berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko”, adierazi du.

Ibilbide hori elkarlanean egin dela ere nabarmendu du Iglesiasek: “Aspacek ez du bidea bakarrik egiten. Gure ondoan ditugu familiak, profesionalak, boluntarioak, erakundeak eta gurekin elkarlanean diharduten hainbat eragile. Bide horretan gurekin izan direnei eskerrak emateko modua ere badira Aspalagun Aitorpenak”.

‘Aspace Loratuz’: bakoitza bere erara loratzen

Hamargarren edizio honetarako aukeratutako irudia Aspace Gipuzkoaren eta Ane Martínek sortutako Aguacane markaren arteko elkarlanetik jaio da. Aspace Gipuzkoako profesionala izateaz gain, bere sormen- eta arte-proiektua ere garatzen du Martínek.

Aguacane markaren bidez, hainbat euskarritara eramaten ditu bere sorkuntza artistikoak Martínek, jantzietara, besteak beste. Aspace Gipuzkoarekin egindako elkarlanari esker, lehen aldiz uztartu ahal izan ditu bere ibilbideko bi alderdiak: Aspacerekin duen lotura profesionala eta bere sormen-proiektu pertsonala. Bi mundu horien arteko loturatik sortu da Aspace Loratuz, Aguacaneren estiloari eusten dion eta Aspace Gipuzkoaren nortasunarekin eta balioekin lotutako elementuak bere egiten dituen sorkuntza.

“Oso ideia sinple batetik sortu da Loratuz: pertsona bakoitza bere erara loratzen da”, azaldu du Martínek aurkezpenean.

Lorea da diseinuaren ardatza. Pertsona bakoitzak bere erritmoan garatzeko duen modua irudikatzen du, bidean laguntza eta errespetua jasoz eta gainerakoen aukera berberak izanez. Lorearen barruan pertsona baten silueta ere antzeman daiteke. Elkarren artean desberdinak dira petaloak, eta horietako bat zuriz nabarmenduta ageri da, pertsona bakoitzaren berezitasuna irudikatzeko.

Erdian, berriz, espiral bat ageri da. Bizitza eta emozioak irudikatzen ditu, eta, aldi berean, Aspace Gipuzkoaren logotipoari eta gurpil-aulki baten gurpilari keinua egiten die.

“Nire estiloari eutsi nahi nion, baina, aldi berean, Aspacek adierazten duena irudikatuko zuen zerbait sortu nahi nuen. Pertsona bakoitzari laguntzeaz, haren erritmoa errespetatzeaz eta hazteko nahiz bizi-proiektua garatzeko modu bakarra ez dagoela ulertzeaz hitz egiten du Loratuzek”, azaldu du Martínek.

Hortik dator Loratuz izena ere. Ideia nagusi bat biltzen du hitz bakarrean: pertsona bakoitzak bere erritmoa, bere bidea eta loratzeko bere modua ditu.

Ospakizunak Goienetxen jarraituko du

Goizeko ekitaldiak amaitu ondoren, 14:00etan Goienetxen jarraituko du Aspace Egunak. Bertan, 400 pertsona baino gehiago elkartuko dira elkartearen ohiko bazkarian.

Garun-paralisia duten pertsonek, familiek, profesionalek eta boluntarioek elkarrekin partekatuko dute eguna. Arratsaldeko 18:00ak arte luzatuko da ospakizuna, eta zuzeneko musika, karaokea, puzgarriak, erraldoiak eta zozketak izango dira, besteak beste.

Lehen Aspace Eguna egin zenetik hamar urte igaro direnean, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko ditu berriro ere jardunaldiak, gizarte osoari irekitako egitarau baten bidez. Aurten, gainera, egindako bideari eta etorkizunari begiratzeko aukera emango du: Aspace Gipuzkoak 55 urte hauetan egindako ibilbidea aitortu, eta elkarrekin egiten, hazten eta loratzen jarraitzeko.

  

1239