‘Besarkaden Jokoa’ ekimen solidarioa Gipuzkoa Plazan izango da bihar
‘Besarkaden Jokoa’ ekimen solidarioa Gipuzkoa Plazan izango da bihar
Herritarrei zuzendutako jarduera izango da, nahi ez den bakardadearen inguruan parte-hartzea eta sentsibilizazioa uztartuko dituena. 11:30etik 12:30era, Les Underklowns pailazoek jolas-proposamenekin girotuko dute kalea, eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak informazio-postu bat izango du, ‘Besarkaden jokoa’ kaxa solidarioa bertan erosteko aukera eskainiz.

‘Besarkaden jokoa’ ekimen solidarioa Donostiako Gipuzkoa Plazara iritsiko da bihar, abenduak 23, herritarrei irekitako ekitaldi batekin, 11:30etik 12:30era. Les Underklowns pailazoek dinamizatuko dute ‘Besarkaden jokoa’, eta gerturatzen diren herritarrak animatuko dituzte hurbiltasun eta konexio keinu erraz bat partekatzera, eta jokoan parte-hartzera.
Ekitaldian, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak informazio-postu bat izango du, eta, bertan, interesdunek ‘Besarkaden jokoa’ kutxa solidarioa erosi ahal izango dute, hiru euroren truke, nahi ez den bakardadearen aurrean sentsibilizatzeko ekimen honetan laguntzeko helburuarekin.
Keinu txikiak, lagun
Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Besarkaden jokoa’ bultzatu du Gabonetan, Elkar, BM, El Diario Vasco eta Adegirekin lankidetzan, nahi ez den bakardadearen inguruko kontzientzia soziala sustatzeko eta konpainiaren, denboraren eta presentziaren garrantzia azaleratzeko.
‘Besarkaden jokoa’ kutxa berezi bat da, eta fitxa edo karta desberdinak ditu, eta hurbileko pertsonekin une atseginak partekatzeko proposamen ezberdinak daude bertan. Kutxa hiru euroan dago salgai lurraldeko kioskoetan, Elkar liburu-dendetan eta BM supermerkatuetan, eta bildutako diru guztia Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonora bideratuko da.
Bi proiektu solidario
Bildutako dirua bi proiektutara bideratuko da: Maitaro proiektua, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Egonaldi Ertaineko Unitateetan ospitaleratutako pertsonei laguntza ematera oinarritua; eta 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektu pilotua, emozioak, pertsonen arteko harremak eta ondoeza kudeatzeko gaitasunak indartzera bideratua, bakardade emozionaleko eta sozialeko egoerak prebenitze aldera.
Nahi ez den bakardadeak Gipuzkoako biztanleriaren zati handi bati eragiten dio, batez ere 55 urtetik gorakoen artean, eta gazteen artean ere hazten ari da. Ekimen honen bidez, laguntza eta lotura pertsonalak gizarte-ongizatearen funtsezko elementu gisa balioesten dituen erantzun komunitarioaren aldeko apustua egiten da.
3166