Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Bizikletaz Adinik Ez’ ekimenak hamar urte bete ditu, gizarte inklusiboago baterako bidean pedalei eraginez

‘Bizikletaz Adinik Ez’ ekimenak hamar urte bete ditu, gizarte inklusiboago baterako bidean pedalei eraginez

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ‘Bizikletaz Adinik Ez’ ekimenaren arteko lankidetzari esker, BAE proiektua lurraldeko eskualde guztietara zabaldu da, komunitatean parte hartzea eta zahartze aktiboa sustatuz, triziklo egokituan egindako ibilaldien bidez

Gipuzkoako Foru Aldundia

Bizikletaz Adinik Ez (BAE) elkarteak hamar urte bete ditu inklusioa, gizarte-partaidetza eta zahartze aktiboa ulertzeko beste modu bat sustatzen. Triziklo egokituetan egindako ibilaldien bidez, adineko pertsonei eta desgaitasuna duten pertsonei aire zabalaz gozatzeko, beren herri eta hiriekin berriz elkartzeko eta beren komunitateetako eguneroko bizitzaren parte izaten jarraitzeko aukera eskaintzen die elkarteak.

Urteurren hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak BAEk hamarkada honetan egindako lana aitortu nahi du, bai eta pertsona guztien ongizatea aintzat hartzen duen gizarte inklusiboago eta irisgarriago bat eraikitzeko elkarteak egindako ekarpena ere.

“Adineko pertsonen ongizatean eragin handia du komunitate bizitzan parte hartzeak eta komunitatearen babesa sentitzeak. Helburu hori gauzatzeko aukera polita eta oso positiboa eskaintzen du BAEk”, nabamendu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, zeinak “bihotzez” eskerrak eman dizkien irteerak posible egiten dituzten boluntarioei. “Ematen duzuen pedalkada bakoitzeko, bizikletan egiten duzuen metro bakoitzeko, gizartearen kohesio eta ongizate mailan aurrera egiten du Gipuzkoak”, berretsi du Mendozak.

305 egoiliar eta 147 boluntario

2023an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak eta BAEk Bizi BAE proiektua jarri zuten abian, ekimena lurralde osora zabaltzeko eta adineko pertsona gehiagori eta desgaitasuna duten pertsonei ekimenaz gozatzeko aukera emteko.

Urte horretan, proiektua 14 udalerritara eta 18 egoitzatara iritsi zen, 25 irteera eginez, eta 175 parte-hartzaile eta 87 boluntario izan zituen. 2024an, ekimenak jarraipena izan zuen, eta Gipuzkoako zazpi eskualdetako 14 udalerri eta 19 egoitzatara iritsi zen. Hala, 130 egoiliar baino gehiagok trizikloan paseatzeko aukera izan zuten, 60 boluntario baino gehiagoren laguntzarekin.

Egoitza parte-hartzaileek oso balorazio positiboa egin zuten esperientziaren inguruan. Irteerek 10etik 9,89ko batez besteko puntuazioa lortu zuten, eta egoitzen % 100ek adierazi zuen jarduera errepikatzeko interesa zuela.

Lankidetzak, halaber, BAEren egitura eta baliabideak indartzen lagundu zuen, triziklo berri bat erosiz eta boluntarioentzako laguntza-materialak prestatuz. Laguntza horri esker, ekimena sendotu eta zabaltzen jarraitu ahal izan da, lurraldeko pertsona eta udalerri gehiagori esperientzia hori hurbilduz.

Pertsonengan eta komunitatean oinarritutako zaintza-eredua

BAErekin egindako lankidetza bat dator Gipuzkoako Foru Aldundiaren ildo estrategikoekin, pertsonengan oinarritutako zaintza-eredu baterantz aurrera egiteko. Eredu horrek pertsonen autonomia sustatzen du, komunitatean parte hartzea bultzatzen du eta haien bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du, erakundeen, hirugarren sektore sozialaren eta komunitateko eragileen arteko lankidetza indartuz.

Gainera, BAE bezalako ekimenek adineko pertsonei eta desgaitasuna duten pertsonei beren ingurunearekiko loturari eusten laguntzen diete, beren udalerrietako bizitzan parte hartzeko aukera ematen diete eta egoitza-esparruetatik harago esperientzia esanguratsuez gozatzeko bidea eskaintzen diete.

  

2070