‘Crossover. Cultura de Series’-ek bere ediziorik anbiziotsuena aurkeztu du, estreinaldi eta gonbidatu kopuruan errekorra izango duena, Nerea Barrosen, Mireia Oriolen eta Gema R. Neiraren parte-hartzearekin, besteak beste
‘Crossover. Cultura de Series’-ek bere ediziorik anbiziotsuena aurkeztu du, estreinaldi eta gonbidatu kopuruan errekorra izango duena, Nerea Barrosen, Mireia Oriolen eta Gema R. Neiraren parte-hartzearekin, besteak beste
‘Crossover. Cultura de Series’-ek bere ediziorik anbiziotsuena aurkeztu du, estreinaldi eta gonbidatu kopuruan errekorra izango duena, Nerea Barrosen, Mireia Oriolen eta Gema R. Neiraren parte-hartzearekin, besteak beste
Crossover jaialdia Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak sustatzen du, eta Kultur Factory kultur agentziarekin elkarlanean antolatzen da. Jaialdia martxoaren 23tik 28ra egingo da Donostian, Santa Teresa komentuan —gaur egun Koldo Mitxelena Kulturunearen egoitza— eta Tabakaleran.
Gipuzkoako Foru Aldundiako Kultura Departamentuak gaur goizean aurkeztu du, Kultur Factory kultur agentziarekin batera, ‘Crossover. Cultura de Series’ jaialdiaren bederatzigarren edizioa. Jaialdia martxoaren 23tik 28ra egingo da Koldo Mitxelena Kulturunean (gaur egun Santa Teresa komentuan duen egoitzan, Donostiako Alde Zaharrean) eta Tabakaleran, Jaialdiaren kolaboratzaile gisa ere parte hartzen duen erakundea. Kultura diputatuak, Goizane Álvarezek, edizio berri honen xehetasunak aurkeztu ditu, Patxi Presa kultura sustapeneko zerbitzuburuarekin eta Jon Paul Arroyorekin batera; azken hori Kultur Factoryko proiektuen sorkuntza, garapen eta ekoizpen arduraduna da.
Álvarezek azpimarratu duenez, “Crossover erreferentziazko hitzordu bihurtu da telesailen kulturarentzat eta ikus-entzunezkoen sektorearentzat. Bederatzigarren edizio honek, estreinaldi kopuru errekorra eta profesional zein sortzaileen parte-hartze zabala izango dituenak, jaialdiak azken urteetan izan duen hazkundea erakusten du. Gipuzkoako Foru Aldunditik halako ekimenak bultzatzen jarraitu nahi dugu. Izan ere, ekimen horiek ikus-entzunezko kultura herritarrengana hurbiltzeaz gain, lurraldeko sormen-ekosistema indartzen laguntzen dute, Elías Querejeta Zine Eskola bezalako proiektuekin eta ‘Diálogos de cineastas’ zikloarekin loturan”.
Estreinaldi kopuru errekorra bederatzigarren edizioan
Crossover jaialdiaren bederatzigarren edizioak hainbat estreinaldi eskainiko ditu gaur eguneko plataforma garrantzitsuenetako batzuen eskutik.
Bestalde, SkyShowtime plataformaren eskutik helduko da lehen aldiz estreinatuko den ‘Under Salt Marsh’ telesaila. Iirakasle bihurtu den detektibe ohi batek aurkikuntza harrigarri bat egiten du, eta horrek hiru urte lehenago bere karrera eta familiarekin zuen konfiantza arriskuan jarri zuen epaiketa bat irekitzen du berriro.
Bestalde, Pol Rodriguez HBOko ‘Ravalear’ serie originalaren zuzendari eta sortzaileak, jaialdian estreinatuko du Berlineko Jaialdian hautatutako serie hau. Proiektu oso pertsonala da, non etxebizitzaren krisia, hustuketak, immigrazioa eta putre-funts bezalako gai interesgarri eta egunerokoak jorratzen diren. Seriea katalanez, gazteleraz, arabieraz eta urduz grabatu da, eta maiatzean estreinatuko da HBO Max-en.
Hirugarren estreinaldia Movistar Plus+-eko ‘Yo siempre a veces’ serie originala izango da, eta bi kapitulu proiektatuko dira. Bere sortzaileak, Marta Bassol eta Marta Loza, eta Ana Boga protagonistek serieari buruz hitz egingo dute. Horrek kontatzen du nola ‘istripuz’ ama bakarra den emakume batek Bartzelonan aurrera egiteko zailtasunak dituen.
Julia de Castro eta Nacho G. Velilla, Movistar Plus+-eko ‘Por cien millones’ telesail originalaren aktorea eta zuzendaria, hurrenez hurren, lehen kapituluaren aurkezpena egingo dute. Seriea istorio zirraragarri bat da: Zaragozako hiru mekanikarik, zorrek itota eta hilabeteak lanik gabe eman ondoren, Enrique Castro ‘Quini’ FC Barcelonako aurrelaria bahitzea erabakitzen dute. Bere askatasunaren truke ehun milioi pezetako ordaina eskatuko dute; hala ere, laster konturatuko dira gaiztoarena egitea ez dela batere erraza, benetan ona zarenean.
Programazioarekin jarraituz, Irene Bohoyo, Carlos del Hoyo eta Celia Morán, ‘Cochinas’ serieko (Prime Video) talde tekniko eta artistikoko kideek serie honen lehen bi kapituluak aurkeztuko dituzte, eta seriea Malagako Jaialdian aurkeztu da berriki. Istorioak emakume kontserbadore eta etxekoandre baten ibilbidea jarraitzen du: senarra koman geratzen denean, familiaren negozioaren ardura hartu beharrean aurkitzen da. Negozioa beheraldian dagoen bideokluba da, eta etekinak ematen dituen ia jarduera bakarra film erotikoen alokairua da; horrek auzoko hainbat lagunen askapen sexual berantiarraren gune bihurtzen du.
Bukatzeko, ‘La nena’ seriearen estreinaldia izango da, Atresplayer-ek ekoitzia. ‘La novia gitana’ eta ‘La red púrpura’ serieekin hasi zen trilogia ezagunaren amaiera da, Carmen Molaren liburuetan oinarrituta. Telesail honen talde tekniko eta artistikoko kideak diren Diego del Pozok, Nerea Barrosek, Jordi Fradesek, Lucía Martín Abellok eta José Rodríguezek lehen kapituluaren aurkezpena egingo dute.
Elkarrizketak
Elkarrizketak jaialdiaren nortasunaren ikur bat dira. Horiek telesailen munduaren eta gizartearekin duten harremanaren hainbat alderdi aztertzen dituzte. Bederatzigarren edizio honetan, lehen elkarrizketa ‘Klaketa’ podcastaren programa berezi baten grabazioa izango da. Euskal ikus-entzunezkoei buruzko podcast bat da, Gaizka Izaguirrek zuzentzen duena. Kasu honetan Fariba Sheikhan aktorea elkarrizketatuko du, ‘Salvador’, ‘La Unidad’ eta ‘Teherán’ bezalako telesail ezagunetan parte hartu duena.
Beste elkarrizketa bat ‘La conjura del fascismo’ izenburupean egingo da, eta Blas Moreno ‘El Orden Mundial’-eko analista eta zuzendariordeak parte hartuko du. Saio honetan aztertuko da totalitarismoei buruzko telesailen ugaritzeak alarma-seinale izan beharko lukeela gaur egungo testuinguruan.
Ildo beretik, ‘La fascinación por el crimen’ saioan, Patricia Peiró kazetariak eta Carlos Quílez kazetari eta idazleak aztertuko dute krimen-serieek ikusleengan pizten duten lilura, euren azpigenero guztietan —true crime zein fikzioa.
Jaialdiaren atal honek ‘Tamara Ta Mara’ serieari lehen begirada bat eskainiko dio, Primeran-ek ekoitzia. Solasaldi honetan Ainhoa Artetxek, Ainhoa Etxebarriak, Gorka Garcíak, Ane Rotaetxek eta Larraitz Zuazok hartuko dute parte. ‘Tamara ta Mara’ EITBren ‘Formatu Txikiak, Talentu Berriak’ ekimeneko lehen proiektuetako bat da, Begira Produkzioak-en eskutik.
‘Streaming Aroa’ izeneko elkarrizketan, Katixa Agirrek, Urtzi Urkizuk eta Kristina Zoritak aztertuko dute azken hamar urteetan ikusentzunezko edukiak kontsumitzeko interesak nola aldatu diren, streaming plataforma handien atzean zer dagoen eta entretenimendu-erraldoi horiek nola funtzionatzen duten.
‘Serie Hablada: Oasis’ saioan, azken hamarkadetan Espainian arrakasta handiena izan duten telesail batzuen arduraduna den Gema R. Neira eta etorkizun handiko Ana Garcés aktore gaztea solasaldian arituko dira euren ibilbideei buruz eta eta serie bat sortzeko prozesuak dakartzanari buruz. Aurreko edizioetan bezala, saio hau Tabakalerako ‘Serie Hablada’ zikloaren barruan kokatzen da, Crossover-ekin lankidetzan antolatua, eta zentroko Zinema eta Ikus-entzunezkoen Laborategian egingo da. Ziklo hau, gainera, 2deo Serieak egonaldiarekin lotuta dago; egonaldi hori talentu emergenteko serie-proiektuen garapena babesteko sustatu da.
Industria ikusentzunezkoan espezializatutako erreferentziazko hedabidea den Kinotikok Mariona Terésekin hitz egingo du protagonisten lanbidea eta laningurunea istorioaren erdigunean jartzen dituzten ekoizpenei buruz.
Elkarrizketen atala osatzeko, Eva Martín eta Mireia Oriol, ‘Ágata y Lola’ serie kriminal originaleko protagonistak (Atresplayer), serie frantziar baten egokitzapen honi buruzko solasaldi bat izango dute.
Afari bat Borja González Santollarekin eta Paula Userorekin
Donostiako Cofradía Vasca de Gastronomía elkartean egingo den ‘Series Gourmet’ atalean parte hartuko dute Borja Gzlez. Santaolallak, ‘Medina: El estafador de los famosos’, ‘La Suerte’ edo ‘#Luimelia’ bezalako telesail ezagunen sortzailea eta gidoilaria, eta Paula Userok ‘Manual para señoritas’ edo ‘Las abogadas’ telesailetako aktorea. Telesailei buruz beraiekin hitz egiten duten bitartean parte-hartzaileek protagonisten lan ezagunenetan inspiratutako menu goxo bat dastatu ahal izango dute.
Ikusle Gonbidatua emakumezkoen ikuspegitik
‘Ikusle gonbidatua’ atalean arlo desberdinetako pertsonek, ikusle gisa, telesailen fenomenoaren inguruan duten ikuspegia kontatzen dute. Oraingo honetan, bost saio izango dira, guztiak emakumezkoek protagonizatuta. Zehazki, parte hartuko dute Aizpea Goenaga aktore, zuzendari, gidoilari, idazle eta kudeatzaile kulturala; Edurne Azkarate zineman eta telesailetan ibilbidea duen aktore euskalduna; Lucía Baskaran idazle eta itzultzailea; Sara Azurza abeslari donostiarra, ibilbide etengabean garatzen ari dena; eta Ainara Azpiazu, ‘Axpi’ bezala ezaguna dena eta ilustratzaile, komikigile eta muralista dena.
Kontzertu bat lehen aldiz
Crossover jaialdiaren historian lehen aldiz kontzertu bat egingo da. ‘Anime al piano’ izango da, Elesky pianistaren eskutik. Pianista eta telesailen zein bideojokoen zale sutsua da, eta genero honetako telesail ezagunenetako batzuen bandasoinu hautaketa bat interpretatuko du.
Bestalde, urteko telesailak berrikusiko dira, dagoeneko estreinatu direnak eta laster estreinatuko direnak; urteko serie onenen zerrendak beteko dituztenak eta, ziurrenik, saihestu beharko liratekeenak ere bai. ‘Cosecha del 26’ atalean lau adituk ekoizpen ikaragarri honen oraina eta etorkizuna aztertuko dituzte; hain da handia, ezen horri aurre egitea zaila baita horrelako gomendiorik gabe.
Edorta Subijanaren instalazio artistikoa
Jaialdiaren ospakizunaren harira, martxoaren 23tik maiatzaren 3ra, Santa Teresa komentuan bisitatu ahal izango da Edorta Subijanaren ‘Gainesposizioa’ instalazio artistikoa. Instalazioak esperientzia multipantailadun muturreko agertoki bat proposatzen du, non telesail baten atal bateko eszena guztiak aldi berean eta modu ez-linealean erakusten diren. Horrela, gure egungo xurgapen-gaitasuna gainezka eginarazten du eta dopamina, kortisol, nekea, estresa, antsietatea, arreta zein oroimen-nahasmenduak eragiten dituen espiral batean sartzen gaitu.
Gainera, instalazioaren inaugurazioaren aurretik, ‘Consumo en serie’ solasaldia egingo da, Enric Alberorekin eta Edorta Subijanarekin. Saio honetan egungo gizarteak jasaten duen ikus-entzunezkoaren gehiegizko esposizioa aztertuko da, egoera horren biktima eta borreroa baita aldi berean. Estreinaldien gehiegikeriak eta kontsumo konpultsiboak eraginda, ohikoa bihurtu da telesailak beste jarduera batzuk egiten diren bitartean ikustea. Testuinguru horretan, badira edukia abiadura bikoitzean kontsumitzera iristen direnak ere, elkarrizketaren erritmoari eusteko asmo hutsarekin.
Jaialdiari buruzko informazio guztia, eta behar diren ekitaldietarako sarrerak eta gonbidapenak, eskuragarri daude www.crossoverseriesfestival.com webgunean.
1926