“Gipuzkoako Desioen Basoa” ekitaldiak 120 pertsona bildu ditu Mutrikun
“Gipuzkoako Desioen Basoa” ekitaldiak 120 pertsona bildu ditu Mutrikun
BSTK Basotik Fundazioak 120 pertsona inguru elkartu ditu Mutrikun, “Gipuzkoako Desioen Basoa” ekimenaren bidez, zuhaitz-landaketa kolektiboa eta parte-hartzaileen desioak uztartuz.

Nazioarteko Basoen Astearekin bat eginez, BSTK Basotik Fundazioak “Gipuzkoako Desioen Basoa” ekitaldia egin du gaur, martxoaren 18an, Mutrikun. Jardunaldiak 120 pertsona inguru bildu ditu, eta zuhaitz-landaketa kolektiboa herritarren desio, amets eta itxaropenekin uztartu ditu, etorkizunari begirako keinu sinboliko eta parte-hartzaile batean.
Ekitaldiko protagonista nagusiak Mutrikuko ikastetxeetako 87 ikasle izan dira, eta haiekin batera parte hartu dute Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak; Jon Ander Ostolazak, Basotik Fundazioko gerenteak; eta BSTK Basotik Fundazioarekin elkarlanean diharduten beste hainbat eragilek, hala nola basojabe, enpresa eta basogintzako zein erakundeetako ordezkariak.
Goizeko 11:00etan hasi da jardunaldia, Mutrikuko Begiratokiaren inguruan egindako harrerarekin. Ondoren, parte-hartzaileak oinez joan dira landaketa gunera, eta bertan egin dute zuhaitz-landaketa kolektiboa. Amaitzeko, hamaiketakoa egin dute elkarrekin.
Xabier Arrutik nabarmendu duenez, “ekimen honek oso modu argian erakusten du basoen etorkizuna zaintzea guztion ardura dela, eta belaunaldi berriak inplikatzea funtsezkoa dela Gipuzkoa berdeagoa, jasangarriagoa eta biziagoa eraikitzeko”.
Ekimen honen bidez, BSTK Basotik Fundazioak berriro azpimarratu nahi izan du basoak ez direla soilik ondare natural bat, baizik eta lurraldearen etorkizunerako funtsezko espazioak ere badirela: biodibertsitatea indartzeko, klima-aldaketari aurre egiteko, eta herritarren ongizatea bermatzeko.
“Gipuzkoako Desioen Basoa” ekitaldiak, gainera, balio sinboliko handia izan du: landatutako zuhaitz bakoitzarekin batera, parte-hartzaileek beren desioak ere lurraldearen bihotzean sustraitu dituzte, etorkizun oparoago, berdeago eta partekatuago baten alde.
1061