Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

“Gure ekoizpen sarearen nazioartekotzea indartzea funtsezko faktorea izango da susperraldia bizkortzeko”

“Gure ekoizpen sarearen nazioartekotzea indartzea funtsezko faktorea izango da susperraldia bizkortzeko”

Aldundiak milioi bat euro bideratuko ditu, batez ere enpresa txiki eta ertainena, Gipuzkoako enpresen kanpoko presentzia bultzatzeko.

Foto “Gure ekoizpen sarearen...

Foru Aldundiak kanpoko merkatura zabaltzeko laguntza emango die berriz ere Gipuzkoako enpresei nazioartekotze programaren bidez; deialdi hau baliatuko du, zehazki, horretarako: nazioarteko merkatuan produktu berriak merkaturatzea bultzatzeko eta partaidetza handiena duten filialak sortzea, handitzea edo erostea sustatzeko deialdia. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azpimarratu duenez, Aldundiak programa horrek duen diru kopuruari eutsiko dio 2021ean, eta milioi bat euro bideratuko ditu helburu horretara, bi ildo nagusitan banatuta: produktu berrien nazioarteko merkaturatzea 700.000 eurorekin lagunduko da, eta kanpo ezarpen produktiboak, berriz, 300.000 eurorekin.

Lehen lerroa enpresa txiki eta ertainei soilik zuzenduta dago, eta dirulaguntza jasoko dute produktu berria kanpoan merkaturatzeko ekintzetan kanpoan kontratatutako lan eta zerbitzuek, hala nola nazioartekotzeari, marketinari eta merkaturatzeari buruzko aholkularitza eta prestakuntza, edo patente eskaerak, marka-erregistroa eta izen komertzialak.

Bigarrenari dagokionez, Gipuzkoako enpresek filialak sortzeko, handitzeko edo eskuratzeko baliabide iraunkorretarako egiten dituzten ekarpenak babestuko dira, edozein herrialdetan, enpresa txikien kasuan, eta EBtik kanpo, enpresa ertain eta handien kasuan. Laguntza jaso dezaketen gastuen ehunekoa handitzen jarraituko da, gehienez ere % 35 produktuak nazioartean merkaturatzen badira eta % 40 atzerrian ekoizpen ezarpenak egiten badira. Aurtengo deialdiaren oinarriak laster onartuko dira Gobernu Kontseiluan, eta, ondoren, GAOn argitaratuko dira, dagokion informazio guztiarekin. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da une horretatik aurrera.

Iaz, izaera eta sektore desberdinetako 32 enpresak lortu zuten produktu berriak esportatzea edo kanpora irekitzea programa honen bitartez: 30ek produktuen lerroan eta 2k merkataritza- edo ekoizpen-ezarpenen lerroan. Lehenengoei dagokienez, 2,7 milioi euroko inbertsioa egin zen. Diruz lagundutako ekintzak hainbat merkatutara bideratu ziren, batez ere Alemaniara (lagundutako 9 proiekturekin), Amerikako Estatu Batuetara (7), Mexikora eta Frantziara (6) eta Txinara (5). Eusko Jaurlaritzaren Enpresak Nazioartekotzeko Plan Estrategikoan zehaztutako merkatuei ematen zaie lehentasuna. Ezarpenei dagokienez, 2020ko deialdian 2 enpresari eman zitzaizkien dirulaguntzak: Fagor Ederlani, San Luis Potosiko (Mexiko) lantegia handitzeko, eta Alcorta Forging Group enpresari, Marysvillen (AEB) ekoizpen planta bat sortzeko.

Eskaerak egiteko epea zabalik da, eta oinarriak GAOn argitaratu dira jada. Deialdiaren honi, hauek gehitu behar zaizkio: Nebts programak –start up-ak nazioartekotzeko–, Lagundex –ETEak nazioartekotzen laguntzeko– edo Gipuzkoa Zabaltzen –merkatuak dibertsifikatzeko–, zeinak Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin batera garatzen baititu Aldundiak, edo 2016an Elkargirekin batera aktibatutako finantza-tresna, abalak emanez Gipuzkoako ETEen nazioartekotzea babesten duena. 

«Susperraldiaren gakoa»

COVID-19ak eragindako krisiak inpaktu handia izan du lurraldearen esportazioetan (% 18,7 murriztu ziren iaz), eta gure industriaren funtsezko sektoreei eragin die, hala nola makina-erremintari eta, oro har, mugikortasunari. Datu hori 2019koari kontrajartzen zaio, orduan, kanpo-salmentak % 11,6 hazi baitziren, 8.500 milioitik gorako balioarekin. “Gipuzkoak nazioartekotutako sare ekonomikoa du, eta bultzatu beharreko indargune lehiakor bat da hori. 2008ko krisialdian –bereziki estatuari eragin zion hartan– atzerrira zabaltzeko egin zen ahaleginari esker, aurre egin ahal izan genion krisiari, eta, zalantzarik gabe, kanpoko presentzia sendotzea eta zabaltzea funtsezkoa izango da berriro ere, pandemiaren aurrean susperraldi ekonomikoa bizkortzeko. Nazioartekotzea funtsezko palanka da egungo jarduera eta enplegua sendotzeko eta kalitatezko negozio eta enplegu aukera berriak sortzeko”, azaldu du Jabier Larrañagak. 

Diputatuak gogorarazi duenez, “mundura irekitako enpresak behar ditugu, ekonomiak globala eta konektatua izaten jarraituko duelako”, eta dei egin du “merkataritza globalaren monitorizazioan inoiz baino adiago” egotera. “Mugikortasunaren mugek eta susperraldi erritmoek eragin desberdina dute herrialde bakoitzean; beraz, ziurgabetasunak markatzen duen merkatu global gero eta aldakorrago honetan, lehentasunezkoa da negozio-aukerak garaiz detektatzea”.

Era berean, nazioartekotzeko apustu horrek “epe luzera” begiratzea dakarrela esan du, “emaitzak ez baitira berehalakoak”; horrekin batera, “murgilduta gauden digitalizazio prozesua bizkortu behar da”, eta “ahalegin gehienak industrian eta enpresa txiki eta ertainetan egin behar dira, horiek sortzen baitute lurraldeko industriaren enpleguaren ia erdia”. “Enpresa txikiek dituzte baliabide gutxien eta zailtasun handienak merkatuak ezagutzeko eta gero eta konplexuagoak diren eragiketak abian jartzeko, bereziki kanpora irekitzeko lehen urratsetan, horiek izaten baitira zailenak”. Nolanahi ere, “nazioarteko ingurune aurreratuenekin lotura sustatzen jarraitzea Gipuzkoa osoaren erronka bat da, ez soilik saltzeko helburuz, baita ikasteko eta berritzeko ere, hau da, lehiakorragoak eta jasangarriagoak izateko”, gaineratu du.

Arrakastaren balantzea

Nazioartekotzea sustatzeko programak 1999an eman zituen lehen urratsak.  Harrezkero, 105 ekoizpen ezarpen babestu dira 20 herrialdetan, eta honako hauek izan dira merkatu nagusiak: Txina (26), Mexiko (20), India (14) eta Brasil (12). 2005etik, 406 enpresak merkaturatu dute produktu berriren bat 79 herrialdetan, eta 50 merkaturatze baino gehiago egin dituzten 5 herrialde nabarmentzen dira: AEB (161), Txina (69), Mexiko (66), Brasil (62) eta Errusia (58). 2014az geroztik, hiru foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberek enpresen nazioartekotzea sustatzen laguntzen dute, bai eta enpresei laguntza programetarako sarbidea errazten dien leihatila bakarra garatzen ere.

  

910