“Hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau, denok batera ongizate integralean aurrera egiteko”
“Hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau, denok batera ongizate integralean aurrera egiteko”
“Hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau, denok batera ongizate integralean aurrera egiteko”
Eider Mendoza diputatu nagusiak, Jon Iraola alkatearekin batera, Ongizatearen Plaza ireki du Eibarreko Errebal merkatuan. Gaur eta bihar, Aldundiak antolatutako egitarauak mintzagai izango ditu nahi ez den bakardadea, ariketa fisikoa, inklusioa, gazteen buru osasuna, tekno-adikzioak, elikadura jasangarria eta berdintasuna.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendoza Larrañagak, Eibarreko alkate Jon Iraolarekin batera Ongizatearen Plaza ireki du gaur Errebal merkatuan. Goiz eta arratsalde, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartuko ditu Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honek. Hala nola, mintzagai izango dituzte bertan nahi ez den bakardadea, ariketa fisikoa, buruko gaitzak dituzten pertsonen inklusioa, gazteen buru osasuna, tekno-adikzioak, elikadura jasangarria eta berdintasuna.
“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”, azaldu du Mendoza diputatu nagusiak, “pertsona guztien ongizate integrala” baita bere esanetan “komunitate eta lurralde bezala plazaren erdian jartzen asmatu behar dugun lehentasuna”. “Horretan ari gara Gipuzkoan”, berretsi du. Izan ere, gogoratu duenez, herritarren eta lurraldearen “egoera ekonomikoa ona” bada re, pertsonei eragiten diguten “errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen” ari dira gure artean, “buruko gaitzak, nahi ez den bakardadea, adikzio berriak, pobreziaren kronifikazioa” eta abar.
Errealitate berriek, baina, eskatzen dute gai horiei buruz mintzatzea eta gogoetak trukatzea. Horregatik eskaini nahi zaio, egitasmo honen bitartez, “plaza bat ongizate integralari”. Mendozak gogorarazi du gipuzkoar herri eta auzoetan “komunitatearen elkargune” direla plazak, “elkar entzuteko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko” topagune, alegia. “Ekimen honen bitartez, hain zuzen ere, ongizatearen inguruan hitz egin eta, modu parte hartzaile eta ludiko batean, egunerokoan eta komunitate bizitzan urrats berriak emateko bideak partekatu nahi ditugu”, zehaztu du.
Horregatik guztiagatik, diputatu nagusiak gonbitea luzatu die eibartar guztiei, bertaratu eta Errebalen zabaldutako Ongizatearen Plazan parte hartzeko. “Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia”, azaldu du Mendozak.
Eibarko alkate Jon Iraolak adierazi duenez, "Ongizatearen Plaza ekimenak gonbidatzen gaitu geraldi bat egin eta gure egunerokotasunaren parte diren baina beti denboraz eta lasaitasunez hitz egiten ez dugun gaiei arreta jartzera".
Era berean, Errebaleko merkatuaren balio sinbolikoa nabarmendu du ekimenaren eszenatoki gisa: "Errebal espazio bizia eta hurbila da, hiriaren nortasunarekin oso lotuta dagoena. Gogoetarako eta topaketarako gune hau hemen hartzeak indartu egiten du pertsona guztientzako leku ireki eta irisgarri gisa betetzen duen eginkizuna ". Azkenik, Iraolak jardueretan parte hartzeko deia egin die herritarrei, eta eskerrak eman dizkio Aldundiari Eibarren aldeko apustuagatik: "Entzuteko, partekatzeko eta hiri gisa aurrera egiten jarraitzeko aukera bat da, pertsonak eta haien ongizatea gure lehentasunen erdigunean jarriz".
Irekitzeko, Adinberrirekin saioa
Gaur goizean, Ongizatearen Plaza 10:00etan abiatu da, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskaini du eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartu du parte. Goiz berean, 11:30etik aurrera, nahi ez den bakardadea izan dugu mintzagai, Ados Teatroak gaiaren inguruan ekoiztutako filme laburren bitartez. J.A. Vitoriaren (Ados Teatroa), protagonistetako baten eta, UNTZAGA Eibarko jubilatuen elkartearen arteko solasaldiak borobilduko du ekintza hori.
Gaur arratsaldean, berriz, 17:00etatik 18:00etara buru osasunaren inguruko podcasta grabatuko du zuzenean Why Not Fundazioak. Desgaitasun intelektuala eta buruko gaitzak dituzten herritarrekin hitz egingo dute, besteak beste, Eibar Genuine taldeko kideekin. Ondoren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren bueltan ariko dira Arrate Berasaluze langile eta aktibista feminista historikoa, San Andres egoitzako zuzendari Mariam Ourdi El Alaoui, EITBko kirol kazetari Ana Ramos, Maite Aperribay ekintzailea eta Eibar Clubeko presidente Amaia Gorostiza, Eibarren bilakaeran emakume ahaldunduek izan duten eta duten garrantziaren inguruan solasean.
Ostiralean, berriz, gazteen ongizateak hartuko du plaza 10:00etatik aurrera, Armeria Eskolarekin batera antolatutako saioan, zeinetan aztergai izango diren sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioa... gazteen euren arteko eztabaida eta testigantzaren bitartez. 11:30ean Jakoba Errekondo agroekologian adituak hartuko die lekukoa; Debabarrenako bi nekazarirekin –Egotza baserriko Nagore Martin eta Amazabalegiko Ander Urkia– batera, elikadura jasangarriaren garrantziaz arituko dira.
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa antolatuko du Altxa Burua elkarteak. Bereziki gurasoei bideratutako saioa izango da. Azkenik, Ongizatearen Plaza ixteko, 19:00etatik 19:30era Kantu Jira saio berezia egingo dugu eta pintxo potearekin amaituko dugu jarduna.
Egitarau eta ordutegi osoa hemen: https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/plaza-zure-herrian/eibar
2046