“Komunitate gisa plazaren erdian jartzen asmatu behar dugun lehentasuna da ongizate integrala”
“Komunitate gisa plazaren erdian jartzen asmatu behar dugun lehentasuna da ongizate integrala”
Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Eric Galvez alkateak Ongizatearen Plaza gune irekiko egitaraua zabaldu dute Legazpin. Gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria eta belaunaldi arteko loturen inguruko buruzko jarduerak hartuko ditu.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendoza Larrañagak, eta Legazpiko alkateak, Eric Galvezek, Ongizatearen Plaza ekimenaren egitaraua ireki dute gaur Legazpin, Plazaola parkean. Goiz eta arratsalde, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartuko ditu Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honek. Hala nola, gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria eta belaunaldi arteko loturak izango dituzte aztergai eta mintzagai datozen bi egunotan.
“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”, azaldu du Mendoza diputatu nagusiak, “pertsona guztien ongizate integrala” baita bere esanetan “komunitate eta lurralde bezala plazaren erdian jartzen asmatu behar dugun lehentasuna”. “Horretan ari gara Gipuzkoan”, berretsi du. Izan ere, gogoratu duenez, lurraldeak azken urteotan “sendotasun ekonomiko handia” garatu badu ere, pertsonei eragiten diguten “errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen” ari dira gure artean, “buruko gaitzak, nahi ez den bakardadea eta adikzio berriak”, kasu.
Errealitate berriek, baina, eskatzen dute gai horiei buruz mintzatzea eta gogoetak trukatzea. Horregatik eskaini zaio, egitasmo honen bitartez, “plaza bat ongizate integralari”. Mendozak gogorarazi du gipuzkoar herri eta auzoetan “komunitatearen elkargune” direla plazak, “elkar entzuteko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko” topagune, alegia. “Ekimen honen bitartez, hain zuzen ere, ongizatearen inguruan hitz egin eta, modu parte hartzaile eta ludiko batean, egunerokoan eta komunitate bizitzan urrats berriak emateko bideak partekatu nahi ditugu”, zehaztu du.
Horregatik guztiagatik, diputatu nagusiak gonbitea luzatu die legazpiar guztiei, bertaratu eta Plazaola parkean zabaldutako Ongizatearen Plazan parte hartzeko. “Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia”, azaldu du Mendozak.
Legazpiko alkateak, Eric Galvezek, “ardura bat” hartzeko gonbitea luzatu du, erakunde eta herritar, ongizate integralaren desafioa ez delako “soilik kontu pertsonala, guztion ardura” baizik. “Gure herrian egunero ikusten da: badago jende asko ikusten ez den lan handia egiten duena. Ekonomiaren gainetik, badirelako kezkatzen gaituzten errealitateak: osasun mentala, bakardadea, mendekotasunak… horregatik da garrantzitsua gai hauek plazara ekartzea, elkarri entzunez, partekatuz, eta elkarrekin ekinez”, adierazi du
Irekitzeko, Adinberrirekin saioa
Ongizatearen Plaza 10:00etan abiatu da, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskaini du eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartu du parte. 11:30etik aurrera, hiperkonexioaren garaiotan gazteen ongizatea izan dute mintzagai, gazteak eurak protagonista izan dituen solasaldian.
Gaur arratsaldean, berriz, 16:00etatik 17:00etara buru osasunaren inguruko podcasta grabatuko du zuzenean Why Not Fundazioak. Desgaitasun intelektuala eta buruko gaitzak dituzten herritarrekin hitz egingo dute, besteak beste. Ondoren, 17:30etik 18:30ra, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa antolatuko du Altxa Burua elkarteak. Bereziki gurasoei bideratutako saioa izango da. 18:30etik aurrera, berriz, Leo Bueriberi bakarrizketagile, DJ eta komunikatzailearen partaidetzarekin, gure artean ditugun herritar berrien integrazioaz solas egingo dute, begiradak partekatzea bilatzen duen topaketa honetan.
Biharko ere egitarau zabala antolatu du Ongizatearen Plazak. Ordutegi osoa hemen: https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/legazpi
606