Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”

“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta Xabier Lertxundi alkateak ‘Ongizatearen plaza’ ireki dute gaur goizean Hernaniko Urbieta kalean. Gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria, norbere gorputzaren jabekuntza eta teknoadizioak izango dira mintzagai gaur eta bihar antolatutako topaketa, solasaldi eta ekimenetan

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, osasuntsu zahartzeko ariketa fisikoa, buruko osasuna, teknoadikzioak, elikadura jasangarria, migratzaileen inklusioa, teknoadikzioak eta norbere gorputzaren jabekuntza izango dira mintzagai, besteak beste, datozen bi egunotan Hernanin Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Ongizatearen Plazan. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, eta herriko alkateak, Xabier Lertxundik, espazio honen irekieran parte hartu dute gaur goizean.

Bi egunez, hilak 29 eta 30, goiz eta arratsalde, Urbieta kalean kokatuko den gune ireki honetan, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile egingo dira, pertsona oro ongi egon eta ongi sentitu dadin funtsezkoak diren gaiak ardatz hartuta. Goiz partean abiarazi dute egitaraua, 10:00etan hain zuzen ere, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Bertan izan diren lagunek Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioan eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituaren dinamikan parte hartu ahal izan dute, baita ere.

“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da”, azaldu du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, zeinek animatu nahi izan dituen hernaniarrak Ongizatearen Plazara gerturatu eta bertan antolatutako ekintzetan parte hartzera. Plaza irekia da, herriko hainbat elkarte eta eragileren partaidetzarekin antolatu dena. Izan ere, “adin guztietarako pentsatutako jarduerak” izango dira, askotariko proposamenekin, hala nola adituekin egindako topaketak, dinamika komunitarioak eta giro hurbil eta abegikorrean egindako kultur jarduerak.

Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “gure inguruan mundua hainbesteko abiaduran mugitzen” ikusten dugun honetan, egitasmo hau “momentu batez geratu eta gure ongizatean eragina duten hainbat alorrei erreparatzeko” gonbitea da. Mendozak gogorarazi du gipuzkoar herri eta auzoetan “komunitatearen elkargune” direla plazak, “elkar entzuteko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko” topagune, alegia. “Ekimen honen bitartez, hain zuzen ere, ongizatearen inguruan hitz egin eta, modu parte hartzaile eta ludiko batean, egunerokoan eta komunitate bizitzan urrats berriak emateko bideak partekatu nahi ditugu”, zehaztu du.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak adierazi du Ongizatearen Plaza bezalako ekimenek herrian lantzen ari diren bideari jarraipena ematen diotela, “zaintza erdigunean jartzen duen eta pertsonen ongizatea ikuspegi integral batetik ulertzen duen ereduan sakonduz”. Azaldu du ongizatea ez dela soilik batzuetan lehentasuntzat hartzen diren osasun fisikoa edo egoera ekonomikoa, baizik eta “harremanek, komunitateak, segurtasun emozionalak eta parte-hartze aukerek ere baldintzatzen dutela”.

Azpimarratu duenez, Hernanik arreta berezia jartzen dela “zaintza sare komunitarioetan, inklusio politiketan eta elikadura jasangarria bezalako ikuspegiak garatzen”, pertsona guztiek bizitza duina, aktiboa eta parte-hartzailea izan dezaten. Ongizatearen Plaza bezalako guneek bide horretan sakontzeko aukera ematen dutela gaineratu du, herritarren ahotsa entzunez eta elkarlanean etorkizuneko erronkei erantzunak eraikiz.

Topaketak eta solasaldiak egun osoan zehar

Adinberri saioaren ondoren, Jakoba Errekondo agroekologian adituak elikadura arduratsu eta jasangarriaren gakoak azaldu dizkigu eguerdi partean. Gainera, bi nekazariren esperientziak ezagutzeko modua izango dugu: Egoitz Etxebeste, Igeldoko abeltzaina, eta Arriatzu baserriko Ane Zeberio hernaniarra.

Arratsaldean, 16:00etan, Plaza podcastaren saioa grabatuko da zuzenean. Bertan, norberaren gorputzaren jabe izatearen hiru begirada desberdin jorratuko dituzte. Ondoren, 17:30ean, inklusioaren inguruko topaketa egingo dute. Nola hobetu bazterkeria arriskuan dauden herritarren ongizatea? galderaren bueltan jardungo dute hainbat eragilek eta Hernaniko proiektu inklusiboetan parte hartzen dutenen errealitatea ezagutuko dugu, ingurune bidezkoago, eskuragarriago eta gizatiarragoei buruz gogoeta egiteko. Azkenik, 18:30ean, gurera bizitzera etorri diren migratzaileen integrazioa jorratuko dugu. Nola bizi da norbere jaioterria utzi eta herri ezezagun batean integratzeko eta bizi proiektu berri bat garatzeko prozesua? Eta, nola jasotzen ditugu kultura desberdinetatik datozen herritar berriak? Oztopoak eta aukerak, bizipenak eta ohiturak, beste hainbat gaien artean hizpide izango ditugu begiradak partekatzea bilatzen duen topaketa honetan.

Osteguneko egitaraua

Ostegun goizean, 10:00etan hasita, gazteek hartuko dute plaza, beren ongizatearen inguruko solasaldian: sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioaren hautua… hiperkonexioaren ondorio al dira soilik? 11:30etik 13:00etara, berriz, nahi ez den bakardadearen inguruko dinamika bat egingo dugu; Ados teatroak bakardadearen inguruan ekoiztutako hiru mikrodokumentalen eskutik, beste horrenbeste herritarren kasu erreal bezain gordinak gertutik ezagutuko ditugu.

Arratsaldean, 17:30etik aurrera, haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa egingo dugu Altxa Burua elkartearekin. Bereziki gurasoei bideratutako saioa izango da. Amaitzeko, 18:30ean kantujiraren saio berezia egingo dugu eta pintxo potearekin amaituko dugu jarduna.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen: https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/hernani

  

886