Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “QR Factur” eta “ZergaTwin” proposamenek irabazi dute Fiskalitateko Ideia Berritzaileen lehiaketa pertsona fisikoen eta enpresa sortu berrien kategorietan

“QR Factur” eta “ZergaTwin” proposamenek irabazi dute Fiskalitateko Ideia Berritzaileen lehiaketa pertsona fisikoen eta enpresa sortu berrien kategorietan

Blanca Alberdi Velascoren ideia izan da irabazle pertsona fisikoen kategorian, eta Pribait Technologies SL enpresarena, aldiz, enpresa berriaren kategorian. Guztira, 18 proposamen aurkeztu dira.

2026/06/17
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Departamentuak antolatutako Fiskalitatean Ideia Berritzaileak lehiaketaren bosgarren edizioan, zerga-betebeharrak betetzen laguntzeko zerga-automatizazioa eta Gipuzkoako enpresen jarduera erreplikatzeko biki digital bat izan dira proposamen irabazleak. Blanca Alberdi Velascok lortu du lehen saria Gipuzkoan erroldatutako pertsona fisikoen kategorian, “QR Factur - QR kodeen irakurgailua autonomoentzat” proposamenarengatik; Gipuzkoako enpresa sortu berrien kategorian, aldiz, Pribait Technologies SL enpresa izan da irabazle, “ZergaTwin” proposamenari esker. Edizio honetan, 18 ideia aurkeztu dira: 15 pertsona fisikoen kategorian eta 3 enpresa berrien kategorian.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako diputatua izan da sari banaketaren buru gaur arratsaldean, Foru Jauregian. Bere hitzaldian, ekimen jada finkatu honen garrantzia nabarmendu du; izan ere, herritarren parte-hartzea eta zerga-eremuari aplikatutako berrikuntza sustatzen ditu, eta, hala, Foru Ogasunak herritarrei eta Gipuzkoako ekonomia sareari ematen dizkien zerbitzuak hobetzen laguntzen du.

Zerga-prozesuen digitalizazioa, eginbehar fiskal bete-errazagoak eta datuetan oinarritutako tresna adimendunen erabilera izan dira aurkeztutako proposamenen ardatz nagusiak. Horien artean, zenbait ekimen nabarmendu dira, hala nola fakturen erregistroa automatizatzekoa, zergadunei izapideak errazteko laguntzaile digitalak garatzekoa, eta Zergabidearen edo TicketBAIren gisako plataformetan erabiltzailearen esperientzia hobetzekoa. Era berean, eginbehar horiek borondatez betetzea sustatzeko, gardentasuna handitzeko eta iruzur fiskalik ez izateko konponbideak landu dira.

Pertsona fisikoen kategoriako proposamen irabazleak sistema bat planteatzen du, langile autonomoei aukera emango diena jasotako fakturen QR kodeak eskaneatzeko eta TicketBAI kalkulagailuan automatikoki integratzeko. Automatizazio horrek karga burokratikoa eta eskuzko akatsak murrizten lagunduko luke, administrazio-kudeaketan emandako denbora optimizatuz eta segurtasun juridiko handiagoa eta kontabilitate-kontrol zehatzagoa emanez. Sari gisa, Blanca Alberdi Velascok 1.500 euro eta ordenagailu eramangarri bat jaso ditu.

Kategoria honetako bigarren saria Che Kulhanek eta Robert Salicio Holgadok jaso dute, “Likib-AI - Likidazioetarako laguntzaile birtuala” proposamenagatik. Adimen artifizialean oinarritutako laguntzaile birtual bat da, pertsonei eta erakundeei beren zerga-likidazioen aurkezpenean lagundu, zalantzak argitu eta aplikatu behar den araudiaren gaineko informazioa emateko. Egileek 750 euro eta telefono adimendun bat jaso dituzte.

Bestalde, Pribait Technologies SL enpresak “ZergaTwin” aurkeztu du, Gipuzkoako enpresen jarduera ekonomikoa erreplikatzeko gai den biki digitala garatzeko proposamen bat. Hartara, iruzur fiskalaren aurkako borroka optimizatu eta zerga-plangintza hobetu ahal izango lirateke, datuak aztertuz eta anomaliak detektatuz. Enpresak 10.000 euroko saria jaso du.

Sari ekonomikoez gain, saritutako pertsonek eta erakundeek BIC Gipuzkoa Berrilanen aholkularitza jaso ahal izango dute beren ekimenen garapena bizkortzeko eta berrikuntzan, enpresen kudeaketan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan espezializatutako prestakuntza jasotzeko.

Aurten, bosgarren edizioa bete du Fiskalitatean Ideia Berritzaileak lehiaketak. 2017an abian jarri zenetik, zerga-zerbitzuak hobetzen eta Foru Ogasuna herritarrengana hurbiltzen lagunduko duten proposamen berritzaileak jasotzea bilatzen du ekimenak. Edizio honetan, hamaika proposamen izan dira finalista: zortzi pertsona fisikoen kategorian eta hiru enpresa sortu berrien kategorian.

Agirrek eskerrak eman dizkie parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiei, eta aurkeztutako proposamenen kalitatea nabarmendu du. Horrez gain, etorkizuneko edizioetan parte hartzen jarraitzera animatu ditu Gipuzkoako herritarrak eta ekosistema ekintzailea.

  

1050